Arriaga Leku: Euterpe, espazioa eta espoliazioa

2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Duela 89 urte, 1933ko abuztuaren 13an, Juan Crisostomo Arriaga euskal musikaria (1806-1826) omentzeko monumentua inauguratu zuten Bilboko Parkean. Ebokaziozko interpretazio bat da, Euterpe musaren eskultura bat —harmonia musikalaren Greziako jainkosa da Euterpe—, Paco Durrio izenordeko eskultore handiak egina (1868-1940). 1946an, parketik kendu zuten monumentua, eta haren ordez Casilda Iturrizarren omenezkoa jarri zuten, lehen Plaza Eliptikoan zegoena. Geroztik, monumentuaren izen bera du hiribilduko alde horrek.

Urtebete lehenago, 1945ean, Bilboko Arte Ederren Museoa eraiki zuten, zabalgunetik gertuen zegoen partean. Haren egileek, Fernando Urrutia eta Gonzalo Cardenas arkitektoek, L formako eraikin bat diseinatu zuten, eta, hala, atzeko fatxadek barne angelu ireki bat osatzen zuten. Paisaiaren karakterizazioari zegokionez parkearekin bat etor zedin eta txoko arkitektoniko hori nabarmendu zedin, ohiko konposizio baliabide bat proposatu zen: laukizuzen formako urmael bat.

Monumentu hori, dudarik gabe Euskal Herriko ederrenetako eta onenetako bat, urmaelean jarri zuten; eskulturak berak eta oinarriak osatzen zuten obra, eremu publiko ezin ederragoa taxuturik. Euterperen eskulturak, oinarriak eta urmaelak toki monumental harmoniko, paregabe eta banaezin bat osatzen dute. Toki baten parte dira, toki hori definitzeko ezaugarri bereziak, eta honela dei diezaiokegu toki horri: Arriaga Leku.

Eremu hori eraldatzeko proiektu bat abiatzekoa da orain: Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu eta eraberritzeko proiektua, Agravitas izenekoa, Norman Foster and Partners eta Luis Maria Uriarte Arkitekturak diseinatua. Egiaz, ordea, museoa eta haren ingurua desitxuratuko dituzte lanek, eta, hori ikusita, aproposa da horren inguruko gogoeta egitea eta jendaurrean salatzea.

Proiektuak jasotzen duenez, laukizuzen formako eraikuntza erraldoi bat jarriko da museoaren eraikin historikoaren gainean, modu asimetriko eta neurrigabean, eta 15 metroko hegal bat parkearen albo baten gainean. Beste aldean, ekialdean, kristalezko fatxada erraldoi batek, 45,50 metro zabal eta 10,87 metro garai izango denak, erabat estali eta itxiko du aurrez deskribatutako Arriaga Gune hori. Sarbidea beti irekia daukan toki bat. Helburua da gune hori museoko areto bilakatzea; hau da, beti izan duen izaera historikoaz gabetzea aire zabaleko txoko babestu bat zena, herritarrek erabiltzeko pentsatua, parkea bera bezalaxe. Horra iristeko, atzeko fatxadaren zati bat urratu beharko da, eta barruti horren barruan sartu fatxadaren %64, kontuan izanda ezin zorrotzago babestuta dagoen eraikin bat dela. Pertzepziorako eta begietarako mutilazio onartezina.

Lege oinarriak

Gune hori museoaren inguruaren parte da, eta, hortaz, logikoa denez, babestuta dago, eraikina bezainbeste. Era berean, estatuak hala katalogatu zuenetik (474/1962 Dekretua), Kultura Ministerioaren Ondasun Higiezinen Erregistroan ageri da museoa, eta baita, noski, Eusko Jaurlaritzaren erregistroan ere.

Bilboko 2. Jabetza Erregistroaren arabera, museoa eraikina baino ez da. Hala dio beste dokumentu honek ere: Diputazioaren Ondasun Higiezinen eta Katastro Datuen Kontsulta Deskriptibo eta Grafikoak.

Arriagaren omenezko monumentuari dagokionez, zentzugabekeria horrek zera ekarriko du, udalaren eta beraz gizartearen ondasun kultural batez jabetzea; ondasun hori maila gorenean katalogatuta dago, baita Bilboko Udalaren Ondasun eta Eskubideen Udal Inbentarioan bilduta ere (Izaera historiko-artistikoko edo balio ekonomiko handiko higigarriak, 320800000048. erregistroa). Gainera, monumentua bereziki katalogatua dago Plan Orokorrean, mailarik gorenean: A mailan.

Zabarkeria agerikoa eta eskandaluzkoa izan da ondareari egindako atentatu horretan, delinkuentzia kulturala izaterainokoa beharbada, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak baimendu eta onartu egin du, Bizkaiko Diputazioaren laguntzarekin, hark eman behar baitio baiezkoa proiektuari (2019/6 Legea, Euskal Kultura Ondarearena, 3.3 artikuluko B atala). Hori guztia dela eta, dagokion estatu legedira jotzea beste aukerarik ez dago, konstituzioaren 149.1.28 eta 149.2 artikuluetan zehazten denez. Era berean, Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legeak hau dio 4. artikuluan: «Lege honetan, espoliaziotzat hartuko da ondasunen balio batzuk edo denak galtzeko edo suntsitzeko arriskua dakarren ekintza edo omisio oro».

Horregatik guztiagatik, salaketa bat aurkeztu da Ingurumeneko, Hirigintzako eta Ondare Historikoko Fiskaltzan —hari dagozkio ondarearen aurkako delituak—, Estatuko Fiskaltzan eta Bizkaiko Probintzia Fiskaltzan, baita Instrukzio Auzitegian ere. Han, eskatu da bertan behera uzteko proiektua eta, kautelazko neurri gisa, geldiarazteko urrian hastekoak diren lanen adjudikazioa.

Euskal gizarteak, Bilboko herritarrek, ezin diote ez ikusiarena egin kulturaz mozorrotutako delinkuentzia horri, maisulan bat lapurtzen ari baitira: Euterpe musaren bidez sinbolizatutako Juan Crisostomo Arriagaren monumentua.

(Erredakzioan itzulita)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.