Euskal preso eriekin «gizatasuna» izateko eskatu du Sortuk

Enekoitz Esnaola -

2019ko otsailak 2
Sorturi ez zitzaion gustatu Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak abenduan euskal preso erien zerrendaz «zorroztasuna» eskatu izana, uste baitu «gaixotasun kopurua eta gaitzak hutsaltzat jotzean trufa» egin ziela larri gaixorik diren presoei, haien familiei eta «estatuaren gabeziak betetzen» ari diren medikuei. Lozak «ez zuen gizatasunik erakutsi», Sorturen arabera, eta joan den urtarrilak «erantzuna» eman diolakoan dago, bi preso ohi hil baitira: Juan Mari Maiezkurrena eta Oier Gomez —2017an askatu zituzten, jada oso gaixorik zirela—; eta, bestetik, Auzitegi Nazionalak herenegun zigorra eten zion Asier Aginako presoari —duela bi aste premiazko ebakuntza bat egin zioten—. Hala, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak «berehala» askatzeko eskatu du Sortuk. Jaiki Hadi mediku elkartearen arabera, 21 dira osasun egoera horretan daudenak. «Garai politiko berriak neurri humanitario berriak eskatzen ditu, eta espetxe politika berriak gizatasuna izan behar du», esan du Sortuk, ohar batean.

Dei egin du gaur Donostian (12:00), Galdakaon (13:00) eta Gasteizen (17:00) izango diren mobilizazioetan parte hartzera.

Bestetik, Espetxe Erakundeak «familia loturengatik» Oier Goitia presoa Murtziatik Villabonara lekualdatu duela eta, Sortuk dio haren bikotekide Ainhoa Garciak Murtzian jarraitzen duela gatibu eta Villabonan badela emakumeentzako modulua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna