Iranek gainditu egin du akordio nuklearreko biltegiratze muga

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak baieztatu du Teheranek 2015eko ituna urratu duela. Larunbatean amaituko da islamiar errepublikak ados jartzeko ezarritako epemuga

Hassan Rohani Irango presidentea zentral nuklear bat bisitatzen, artxiboko irudi batean. IRANGO PRESIDENTETZA / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Iranek bete egin du mehatxua: 2015eko akordio nuklearrean finkaturiko uranio aberastuaren biltegiratze muga gainditu du, itun hori sinatu zuenetik lehenengoz. Teheranek emana zuen bere asmoen berri, eta, Europako sinatzaileak hori eragozten saiatu diren arren, ezin izan dituzte bete islamiar errepublikaren eskariak. Oraingoz.

Irango Energia Atomikoaren Agentziak duela bi aste ohartarazi zuen Teheranek ekain amaieran gaindituko zuela akordio nuklearrean finkaturiko 300 kilogramoko biltegiratze muga, eta larunbatetik aurrera uranioa %20 aberasten hasteko aukera izango duela, nahiz eta itunean %3,67ko muga adostu zuten.

Esan eta egin: Javad Zarif Irango Atzerri ministroakatzo jakinarazi zuen albistea, eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak sinesgarritasuna eman zien haren esanei, Europako Batasunari (EB) presioa are gehiago areagotuz. Zarif gogor aritu zen: «Europarrak Iranen petrolioaren salmenta bermatzera konprometitu ziren, baina ez zuten hori bete. Iranen aktiboen itzulera bermatzera konprometitu ziren, eta hori ere ez zuten bete».

Teheranen jarreraren atzean dago Ameriketako Estatu Batuen (AEB) duela urtebeteko erabakia. Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi zuen herrialdea akordio nuklearretik aterako zuela, eta Irani zigor ekonomikoak berrezarriko zizkiola, batez ere petrolioaren industriari; Hassan Rohani Irango presidenteak duela bi hilabete erantzun zuen akordioan jarraituko zutela beren interesak bermatuz gero, eta larunbatera arteko epemuga jarri zuen ados jartzeko.

EBren proposamena

Interes horiei begira, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Txinak eta Errusiak, EBrekin batera, Instex ordainketa sistema jarri zuten mahai gainean iragan ostiralean, Vienan egindako bileran: Iranekin salerosian aritzeko mekanismo bat da, EBk proposatua, hein batean bada ere AEBen zigorrak saihesteko balioko lukeena.

Ostiraleko bileraren ostean, Irango Atzerri ministrorde Abbas Araghchik zalantzak agertu zituen sistema horren inguruan, eta atzo ere Irango Petrolioaren ministro Bijan Zanganehek jarrera bera izan zuen: «Petrolio esportazioetatik lorturiko etekinekin finantzatu beharko litzateke. Hori egin ezean, [Instexek] ez du ondo funtzionatuko».

Iranen nahia da Europako herrialdeek Teheranekin duten merkataritza handitzea, horren bidez zigorren eragina murrizteko. Horri begira, eta ituna salbatze aldera, litekeena da Europako sinatzaileak Iranekin berriz elkartzea larunbata baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.