Esan egin behar dut

2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Erabaki egin dut. Nire miresmena adierazi behar dut hain sakon eta eder idazten duten idazleen aurrean. Anjel Erroren abenduaren 24ko Eguberriak iritzi artikulua irakurri ostean erabaki nuen honela egitea. Gizakiaren izaera eta Gabonei buruzko hausnarketa eder-ederra dakarkigu Errok, hausnarrarazi egiten duen hausnarketa. Baina egunero aritzen da ederto, amaitzen ez den gaitegia daukala, beti ezberdin, beti eder, irakurlea harrituz, han eta hemengo injustiziak salatuz, hausnartuz, hausnarraraziz.

Baina beste Anjel bati ere nire miresmena erakutsi behar diot, hain zuzen Anjel Lertxundiri, betiko moduan, abenduaren 5eko Egun hauek artikulua irakurtzean itzelezko gozatua hartu nuelako. Barru-barrutik idazten du Lertxundik, era ezin ederragoan, euskararen jabe eta artista dela, samurtasun bereziaz, bere hitz eta esaldiak behin eta berriro irakurtzeko moduko gozatua emanez, irakurlearen barru-barruan sartuz, aipatutako artikuluan bere irakurketa eta proposamen literarioei buruz hausnarketa sakona eginez, eta beti asko irakatsiz.

Ez naiz lehenengoa eta azkena izango idazle hauek miresten. Gogoratzen dut, egunkari honetan bere kolaborazioa idazten zuenean, Joxerra Garziak ere Anjel bienganako miresmena adierazi zuela.

Ez, ez dira miresten ditudan idazle bakarrak. Zoriondu egin behar dut BERRIA egunkaria egunero hain idazle onak eta artikulu ederrak gure eskura jarri eta halako proiektu bikaina aurrera eramateagatik.

Bai, erabaki egin dut. Esan egin behar dut. Guztiz gustura irakurri nuen Oskar Bizkai Bidankoz eta Filipe Bidartek azaroaren 14an sinatutako Borroka da bidea artikulua. Esan egin behar dut, artikulu hori argitaratzeagatik BERRIA egunkaria kritikatzen zutenen iritzia irakurri nuelako. Eta guztiz injustua iruditu zitzaidan, bai egunkariarentzat eta bai artikuluaren sinatzaileentzat.

Eskandaluzko zer dago ba artikuluan? Ederto idatzita dagoela? Ederto azaldu eta argudiatuta dagoela? Gerran lagun izan dituztenek bakean abandonatu egin dituztela? Armena utzita beste borroka bide batzuk jorratu behar direla? Geure buru, herri eta hizkuntza zapaldua aurrera ateratzeko borrokatu beharra dugula (eta asko gainera) egunero bizi dugun egoera tamalgarria baino ez da. Begiratu kataluniarrek borrokatu behar dutena ere, katalana inoiz baino beherago dagoela eta euren hezkuntza sistema auzitan jarrita. Eta normala da ETAk armak utzi, bakea eman eta hamargarren urtegarrenean ETA zigortzeaz beste hitzik ezin egitea, eta beste errealitaterik ezin egotea?

Miresmena adierazi behar diot arazoaren muinera hain ederto joaten den Vicent Partal Vilawebeko zuzendari eta igandeetako kolaboratzaileari ere, ze urriaren 24ko Indarkeriaren garaipena artikuluan ederto azaltzen du estatuaren indarkeriaren garaipenari buruz (irakurri artikulua).

Zigortzen ez den indarkeria eguneroko ogia dugu. Horra hor merkatuaren biolentzia eta morbo aseezina ederto ezagutzen duten hiru gizonezko gidoilarik sortu duten produktua, La bestia (guztiz jasanezina egiten zaidan nobela horietako bat), burlazahar edo adar jotzea dirudien Carmen Mola seudonimoaz kaleratu dutena (molatzen duen Karmen), eta zigorra barik milioi bat euroko Planeta saria hartu dute Espainiako errege-erreginaren eskutik, jende asko eta asko miseria gorrian bizi denean, eta kartzela, bide, ibai zein itsasoak ezin zeharkatuz, irtenbide barik hiltzen denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.