Emozioen kudeaketa eta osasuna

Karmelo Bizkarra - Zuhaizpe osasun etxeko zuzendari medikoa

2018ko abuztuak 29
Emozioek egiten dute bizitza zirraragarri; emozioek ematen dizkiote epela eta ederra. Emozioak adierazten ez ditugunean, ezta bizitzen ere, bizirik iraun baino ez dugu egiten, ozta-ozta iraun ere. Aldiz, bizitza zirraragarria da emozioen bidegurutzea bizitzen dugunean: izua, tristura, amorrua eta poza.

Emozioak ezin dira estali, ezta ahaztu ere; blokeatzen direnean, gorputzari itsatsita geratzen dira, leku izoztu eta hotzetan, gure organismoko gainerako aparatu eta sistemen antolaketatik bakartuta. Ongi kudeatzen ez direnean, gorputzean ainguratzen dira, eta gaixotasun fisiko bihurtzen.

Botika, antidepresibo eta antsiolitikoek ere ez dituzte deuseztatzen; izan ere, beti azaleratzen dugu sentitzen duguna, era batean edo bestean: batzuetan hitzez, keinuz, edo gorpuzkeraz: zurruna izan liteke —pertsona argala—, edo bere buruari eusten diona —pertsona zabala eta gizena—, mundutik bakartua —bere munduan bildua bizi da— eta abar. Kasurik txarrenean, gaixotasun baten sintomen bidez adierazten ditugu emozioak.

Emozioen adierazpena erreprimitzea eta galaraztea izaten da lehen kausa gaixotasun psikosomatikoak eta hainbat nahasmendu organiko sortzeko. Ez dugu adierazten zer sentitzen dugun, hartara ez gaitzaten alboratu, abandonatu edo baztertu.

Beharrezkoa da emozioak kudeatzen eta bideratzen ikastea gurasoekiko harremanaren bidez, eta baita haur eskolan ere; bestela, analfabeto emozionalak gara. Ibaiak eta mendiak ezagutzeaz gain, haurrak ikasi behar du aurre egiten izuari, tristurari, amorruari eta erruduntasunari. Halabeharrez, teknologian hezteak bide eman behar dio humanismoari.

Emozioen bidegurutze deritzot oinarrizko lau emozioak hartzen dituen interfaseari: izua, tristura, amorrua eta poza. Beldurra eta tristura udazkena eta negua bezalakoak dira; gure baitara biltzen gaituzte. Aitzitik, amorrua eta poza udaberria eta uda bezalakoak dira, eta kanpora ateratzen gaituzte. Izuan eta tristuran, uzkurtu egiten gara, egun ilunetan bezala; amorruan eta pozean, luzatu egiten gara, egun eguzkitsuetan bezala.

Oinarrizko lau emozio horiek egokitzeko eta bizirik irauteko mekanismoak dira, eta garrantzitsua da deszifratzen ikastea zer gorputz hizkuntza dagokion emozio orori. Izuak kontuz ibiltzeko esaten digu, eta tristurak, zerbait galdu dugula; amorruak galdutako eremua berreskuratzen laguntzen digu, eta poza hazi egiten da partekatzen dugunean. Emozio oro, bere horretan, ez da ona, ez txarra ere; den hori baino ez da. Bizitzen baditugu, orekatu egiten gaituzte; erreprimitzen baditugu, izua antsietate kroniko bilakatzen zaigu; tristura larria, depresio; amorrua, bortxa suntsitzaile (batzuetan boterea duenak zurikeriaz erabilia); eta poza, berriz, neurrigabeko euforia buruarin.

Sarritan, gaixotasun fisikoa zera izaten da: blokeo psikoemozionala askatu eta kanporatzeko drainatze bide bat. Tarteka, gaixotasunak astindu egiten gaitu; erosotasunetik mugiarazten gaitu, eta erreakzioa pizten digu.

Arreta mediko edo psikologikoan, intuizioa findu beharra dago entzuteko zer ez duen esaten pertsona batek. Gorpuzkerak eta gaixotasunaren sintomek esaten digute zer ari den isiltzen, saihesten edo erreprimitzen. Emozioak adierazten ez ditugunean, gaixotasunen sintomen itzal gisa adierazten ditugu; gaixotasunok fisikoak izan litezke, edo emozionalak, mentalak eta baita sozialak ere. Wilhelm Reichek aurkitu zuenez, arnasa apaltzen eta gorputzeko giharrak tenkatzen ditugu, gorputza gotortzen dugu, blokeatzen, eremu jakin batzuetan izozten. Wilhelm Reichek azaldu zuen gizarte eri batean zer-nolako izurrite emozionala sortzen eta mantentzen duten boterearen mota desberdinek. Eta izurrite sozial eta kutsakor horren ondorioz, gure gizartea zainketa intentsiboetarako unitatean sartzeko zorian dago.

Sarritan mozorrotzen edo ezkutatzen ditugu emozioak; horretarako, lana erabiltzen dugu, edo janaria, zurruta, drogak, botikak —lasaigarriak zein hipnotikoak—, gehiegi arrazionalizatzen dugu —ez zait ezer gertatzen—, gure gaitzen errua besteei egozten diegu edo materialismoaren tranpan erortzen gara, gehiegi kontsumituz eta xahutuz. Azkenerako, amore ematen diegu bizi-nekeari, indiferentziari edo bizipoz faltari.

Laguntza edo terapia emozionala ezinbesteko bihurtzen dira krisi pertsonaletik ateratzeko. Era horretan, aukera dugu emozioak adierazteko ingurukoak suntsitu gabe (leherketa) eta geure burua suntsitu gabe (inplosioa). Maiz, emozioak adierazten ez ditugunean, barrurantz lehertzen gara gaixotasun organiko batean, eta sintoma gogaikarriak agertzen dira, erreparatu gabeko eremuei erreparatzeko, bai fisikoki, bai psikoemozionalki. Antsietatea ez da antsiolitikoak hartuta ezabatzen, eta depresio bat ez da antidepresiboak hartuta desagertzen, nahiz eta batzuetan —ohi baino askoz gutxiagotan— balitekeen beharrezkoak izatea aldi baterako. Adieraztea, funtsean, barnean preso dagoen zerbait kanporatzea da, askatzea. Emozioak bideratzen eta harmonizatzen ditugunean, bizi prozesuak balira bezala, sendatzeko bidean gaude.

Emozioak kudeatzen ikastea bizitzaren pedagogiaren erronka bat da, haur eskolatik unibertsitaterainokoa, etorkizun hurbilaren atarian. Bestela, apatian murgilduko gara, etsipenean, azpiratzean, kexa kronikoan, barne desengainuan eta bizitzeko zentzuaren faltan.

Funtsean, beharrezkoa da emozioak kudeatzea ez murgiltzeko artifizialtasunean eta azalekotasunean, horrek ezin-bizi batera baikaramatza.

Era horretan, barrurantz hazten gara; indibidualki osatzen gara, eta elkar osatzen dugu sozialki. Sentitzeko desberdina den hori ez dela urruna; osagarria dela, kontrarioa izan ordez.

Osotuz osatu, osatuz osotu.

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna