Joxe Mari Korta gogoratuz aurrera egin

Patxi Meabe - Etiker

2018ko abuztuak 8
Duela 18 urte abuztuko goiz batean, bere lantoki aurrean zegoen autoari itsatsita zegoen bonba-lapa batek amaitu zuen Joxe Mariren bizia. Gizon ona, zintzoa eta langilea, asmo eta proiektuz betea. Atentatuak sortu zuen harriduraz gain, beldurra, haserrea eta lotsa mendekatia ere zabaldu zuen. Ez zen izan kasu bakarra.

Hainbat urteren ondoren, gertaera hura eta bere esanahia gogoratzea beharrezkoa da eta ondorengoei adieraztea ere bai. Ankerkeriaren aukera hortxe baitago. Gauzarik larriena ez baita erailketa injustua gertatu izana soilik, injustizia hori ahaztea baizik. Zoritxarrez, asko dira gure artean bakean bizitzeko gertaera hauek ahantzi egin behar direla diotenak.

Oroitzapen defendatzailea soilik eskatzen dugu, ez mendekua.

Honek ez baititu pertsonak gizatiartzen, baina isiltasunak eta hala nahita egindako ahanzturak ere ez. Gure herriaren etorkizuna beste balio batzuen baitan, hala nola egia, justizia eta barkamenaren baitan eraiki nahi dugu. Baina geure burua engainatu eta gure herriaren historia faltsutu nahi ez badugu, zoritxarreko garai batean eragindako zauriak nolabait ere osatuz, ezin ditugu inoiz gertatu behar ez zuten erailketak eta sufrimendu injustua isildu eta desitxuratu.

Aldi berean, Joxe Mari Kortaren bizitzan beste alderdi bat ere nabarmendu beharrekoa da: gizon langile eta ekintzailea zen. Urola Beheko baserri xume bateko semea, zailtasunak zailtasun garapen tekniko eta balio lehiakor handiko enpresa bat sortu zuen. Nolabait ere euskal enpresarien sinboloa zen, aldarrikatutako hainbat balioren paradigma. «Zerga iraultzailearen» xantaia immoralaren aurka egiteak heriotzara eraman zuen, bide bera egin zezaketen beste batzuen eredu izanez. Beharrezkoa da gogoratzea eta ezin gara isildu. Une hauetan eredu eta sinboloez hitz egitea arriskutsua da, baina oroitzapen honetan egitea egokia iruditzen zaigu.

Etengabe aipatzen da iraganaren azterketa kritikoa egin beharraz, indarkeriaz, terrorismo politikoaz, atentatuez, errepresioaz, etab. Bizitutako garai triste honen «orrialdea pasatu egin behar da» esaten da modu interesatuan. Baina zer esan nahi du honek, beste pertsona batzuen aurka atentatu larriak eta heriotzak eragin eta ondare publikoak desegin dituzten pertsonei etengabe omenaldiak eta harrera arranditsuak egiten zaizkienean, heroi eta «gudari» gisa aurkeztuta eta egin zena «egin beharrekoa zela» esaten denean behar historikoa zelako? Joxe Mari Kortaren erailketa ere, beste batzuena bezala, «behar historikoa» izan al zen, hil egin behar al zuten? Nor engainatu nahi da gertaera nabarmen hauek faltseatuz? Nola hitz egin daiteke elkarbizitza, elkarrizketa eta «garai berri» batez, biktimak eta euren familiak modu honetan umiliatzen direnean?

Egiteko modua eta horrek dakartzan eskakizunak eztabaidagarriak badira ere, sentsibilitate apur bat eta elkarbizitzaren normalizazioa nahi duen orok ez du zalantzan jartzen ETAko presoen gerturatzea, birgizarteratzea eta askatasuna, nahiz eta honi dagokionez ere, beharrezkoa den gogoratzea ETA bera eta bere ingurua izan direla urte luzez presoentzat bide hori eragotzi dutenak. Beste behin ere errepikatu nahi dugu, oraingoan Joxe Mariren heriotza odoltsuaren urteurrenean, bakea eta elkarbizitza lortzeko benetako arma politikoa hainbat biktima errugaberi eragindako kalte injustua aitortzea dela, borroka antiterroristaren gehiegikeriek eragindakoak ere ahaztu gabe. Torturaren salaketan zorrotzak garenez, are gehiago heriotza injustuetan. Eta hau ez da beti egiten.

Presoen izaera politikoa aldarrikatzea, jakinik kartzelan daudela, ez euren ideia politikoengatik, beste hiritar batzuek ere badituztenak, baizik eta egindako ekintza odoltsuengatik, memoria eta egia faltsutzea da. Azken hau isiltasunak eta ahanzturak usteltzen du, baina batez ere gezurrak, bai ahozkoak nola idatzizkoak.

Ukaezina da Euskal Herrian motibazio politikoa izan duen indarkeria ilegitimoak eragindako biktima aniztasuna izan dela. Beste kontu bat da indarkeria politiko horri eman nahi izan zaion legitimazio politiko eta etikoa. Hanka-sartze edo errakuntzaz eragindako biktimei soilik barkamena eskatzea eta besteei aipamen hotz bat egitea keinu odoltsua izan da, areagotu egin du mina, eta ikusi dugun bezala, euskal gizartearen gehiengoak ez du onartu.

Maite den norbaiten heriotza injustua izugarria da.

Oroitzapena eta mina bereiztea ezinezkoa da. Oroitzeak mina eragiten du, baina are gogorragoa da ahaztea. Egoera hauetan gorrotoa eta mendeku nahiak gain hartzea erraza da, baina penak banandu bakarrik ez, batu ere egiten du. Ez da bide xamurra. Nahasia da eta sarritan kontraesanez betea, baina barne-indar horrek maitatutakoen heriotzari eta geure buruari ere zentzua ematen die. Elkar gorrotatu dugunok elkar ulertzera beharturik gaude, etsipenak gaindi ez gaitzan.

Horregatik, gaur, Joxe Mari gogoratuko dugu modu xume baina maitakorrean, erail zuten leku berean. Adiskide, egun handira arte!

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE: PAKO ETXEBESTE, ARTURO GARCIA ETA JOXE MARI MUÑOA.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna