Errealismo kapitalista eta Maravillas gaztetxea

Jose Castillo
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Azken urteotan izan dira statu quo kapitalista aldatu edota behintzat zalantzan jartzen saiatu diren mugimendu politikoak, denek bi ezaugarri komun partekatzen dituztelarik. Aurrena, denak porrot edota ezintasun egoeran amaitu izana: Greziako 2015eko erreferenduma eta Syrizaren amore ematea, Kataluniako errepublika era faktiko batean ez gauzatu izana eta finean «aldaketaren gobernuen» ezintasuna, Nafarroa eta Iruñekoa barne. Gogoratu besterik ez dago UPNren lege atzerakoi eta baztertzaile nagusiek oraindik ere indarrean dirautela hiru urteko legegintzaldiaren ondoren. Izan ere, «aldaketa» hitzeman zuten mugimendu hauek guztiek, anitzak badira ere, badute bigarren ezaugarri komun bat, prozesuaren buru edo abangoardia nagusi gisa erakunde demokratiko-liberal kapitalistak jarri izana: udalak, autonomia gobernuak edota estatuko gobernuak. Horrela, beraien egitasmoak porrot egin ondoren, ezer aldatzea ezinezkoa den sentsazio ezkorra utziz proiektu hauetan konfiantza jarri zuten herritarrengan. Errealismo kapitalista bere gordintasunean.

Testuinguru honetan ulertu eta kokatu behar dugu Maravillas gaztetxeak lortu duen garaipena. Erakunde kapitalistetatik, hauen ordezkariengandik eta hauteskunde logika hutsetik at lortutako garaipena baita. Herri langile mugimenduari erakusten diolako posible dela garaipen handiak lortzea autonomiaz eta konpromisoz jokatuz gero. Ezkerreko alderdiek ezin izan zuten hustea ekidin. Nafarroako Gobernuaren sostengu politiko nagusia izanagatik eta erabakia gogor kritikatu bazuten ere, honek hartutako erabakia abuztuaren 17ko gauean gauzatu zuten Polizia nazionalak eta foralak elkarlanean. Hala ere, gazteek konpromiso eta determinazio jarrera eredugarria erakutsiz, ez zuten amore eman, eta arratsalde horretan bertan hilabeteetan egindako lana borobildu zuten gaztetxea berriro zabalduz. Errealismo kapitalistari eta honen logikari aurre eginez, beraien erresistentziak behartu zuen Nafarroako Gobernua salaketa kentzera.

Baina ezin dugu garaipen hau azken emaitza gisa soilik ulertu, formetan ere eman baita garaipena. Gehiegizko idealizazioetan erori gabe, gaztetxeak ulertzeko eredu baten erakusleiho bihurtu da Maravillas gaztetxea. Okupazio hutsetatik harago, autogestio hutsetik harago, gaztetxea kontrabotere gune gisa ulertu baitute, helburu politiko antikapitalista garbia duen gune gisa. Herri langileko eragile eta sektore ezberdinak bildu, antolatu eta saretzeko espazio autonomo gisa. Horren adibide dugu Maravillas Lambertoren omenez eta bere ahizpa Josefina Lambertoren presentziarekin antolatu zuten «desjabetuon memoria» eguna. Kapitalaren prozesuan galtzaile eta menperatuak izanik, honen logikari aurre eginez, desjabetuok autonomiaz edozein erakunde edota alderdik antolatu dezakeen adinako oroimen omenaldia antolatzeko gai garela erakutsi zuten gaztetxeko kideek. Eredu hau ez da gazteentzako aisialdi hutseko gune batena, eta Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada askotan zabalduz doa.

Euskal Herriko gaztetxeen mugimenduaren historia Walter Benjamin filosofoaren historiaren kontzeptualizazioarekin pareka dezakegu. Benjaminek historia aurrera doan hondamendien kateatze luze gisa ikusten zuen. Justuki, filosofo judu-alemaniarrak hainbeste maitatzen zituen historiako galtzaileak izan dira gaztetxeak, euren proiektua galarazi eta hondamendian amaitu duten esperientziak baitira: Euskal Jai, Kukutza, Kortxoenea... Baina, iraganeko saiakera antzu guzti hauek etorkizuneko gizarte emantzipatuan euren erredentzioa bilatuko zutela zioen Benjaminek. Badu kontzeptualizazio honek zerikusirik egunotan Iruñean bizitako esperientziarekin, gaztetxe hustu eta eraitsi guztien defentsan ibilitako kide askok berea ere sentituko baitzuten garaipen hau. Bazen haien defentsen espiritu zati bat Iruñeko Alde Zaharrean.

Kontrabotere autonomo saiakera ugari izan dira historian zehar, Pantera Beltzen mugimendua Estatu Batuetan, Zapatistak Mexikon edota Mugimendu Autonomoa Italian. Baina inoiz ez dute lortu logika kapitalista era integral batean gainditzerik. Espresio autonomo hauek bildu eta praktikara eramango dituen mugimendu politiko orokorrago baten beharra baitute. Baina, kasu, Maravillasen esperientziak egun are garrantzitsuagoa den zerbait ekarri die gaztetxeetan lanean diharduten gazteei. Etengabeko porroten kateatze hamarkada luzeen ondoren, kapitalaren logikari aurre egin eta garaitzea posible dela erakusten duen erakusleiho bat. Politizatzen ari diren gazteentzako epika iraultzaile esperientzia txiki bezain baliagarri bat. Abuztuaren 17ko arratsean ehunka herritarren hauspoarekin Maravillas gaztetxeko kideek ateak berriz zabaldu zituzten momentu hartan, Euskal Herriko gazte langile guztientzat baliagarri izango den aukera leiho bat ere zabaldu zuten. Orain gutxi zendutako iraultzaile handi batek zioen bezala, ezinezkoaren aurka borrokatu eta garaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.