Eusko Jaurlaritzak Klima Larrialdi «mantsoa» deklaratu du

Marisa Castro Delgado
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Baliteke bitxia iruditzea orain hau esatea, Eusko Jaurlaritzak joan den uztailaren 30ean adierazpen instituzional bat egin eta gero Klima Larrialdian gaudela adierazteko. Izendapen hori oso beharrezkoa eta premiazkoa iruditzen zaigu, gauden egoera honen larria nabarmentze aldera. Hala ere, iruditzen zaigu oso eskasa dela, eta gobernua tokian-tokian baliatzen ari den lan moldearekin inkoherentea.

Haren aurreko astean, uztailaren 23an eta 24an, Berangon eta Sopelan larrialdi egoeraren mozioa eztabaidatu zuten, Klima Larrialdirako Aliantzak Euskadin lehenbizikoz aurkeztua. Kasu bietan, EAJk—PSE gobernukidearen babesari esker— proposamen horren kontra bozkatu zuen, eta gutun bat irakurri, zeinean argi utzi baitzuen eskatzen ari gintzaizkionaren guztiz kontrakoa egingo zuela: ez hasi tokian-tokian lantzen gaia, baizik eta goragoko erakundeen erabakiei itxaron; esaterako, Eusko Jaurlaritzaren Klima Aldaketaren Legeari, zeina lasterrenera ere sei hilabete barru iritsiko baita, eta horri gero erantsi beharko zaio legea betearazteko behar duten denbora... Zer dira, bada, sei hilabete horiek, aldaketa atzera-bueltarik gabekoa izan baino lehen geratzen zaizkigun 11 urte soilen aldean?

Hori eginik, ukatu egin zituzten zientzia, IPBES eta IPCC, eta honako ebidentzia hau: Euskadin muturreko beroaldi gero eta handiagoak eta luzeagoak izan ohi direla, bai eta prezipitazio gero eta gorabeheratsuagoak ere. Premiazkoa da erabaki ausartak eta lotesleak hartzea hezkuntza alorrean eta berotegi gasen isuriak murrizteari dagokionez. Horrez gainera, ukatu egin zuten honako hauen garrantzia: ekonomia tokian tokikoa eta hurbilekoa bultzatzea; mugikortasun iraunkorrean aldaketak eragitea, baliabideak elkarrekin banatuz, garraio publikoa baliatuz eta bizikletaz zein oinez egindako lekualdatze aktiboak areagotuz.

NBEk Hiri Etorkizun Hobe Baten Aldeko Programan jasoa duenez (NBE-Habitat), «hiriek ahalmena dute, tokian tokiko agintariekin batean, klima aldaketaren kausak gutxitzeko eta haren eraginetatik modu eraginkorrean babesteko». Hala ere, hor berriro ere gogora ekarri zen garrantzitsuagoak direla enpresak eta haien irabaziak gure seme-alabak eta bilobak baino, garrantzitsuago dela dirua Planetako bizitza gizatiarra zein ez-gizatiarra bera baino. Hori onartzea alarmista delako aitzakian nahiz eta herritarrak sobera eta gehiegi larrituak dauden, ez digute uzten lanari lehenbailehen ekiten, tokian-tokian zein maila globalean. Kasu bietan, osoko bilkuran aurkeztu zituzten mozioak herri horietako Elkarrekin Podemosen taldeek, EH Bilduk aldeko botoa emanda.

PSEk oso argi utzi zuen euskal erakundeetako maila guztietan EAJrekin elkar harturik dihardutela, eta beste udalerri batzuetan mozio hori bera onartu duen alderdi horrek berak —esaterako, Sevillan, aho batez atera zen aurrera— errealitateari ateak itxi egin zizkiola Bizkaian.

Horiek horrela, astebeteren buruan izan genuen azkenean ezezko etengabe horrek zekarzkigun zalantza guztien erantzuna. Bazirudien lehendakariak aste osoa emana zuela zientzialariek esanak irakurtzen, eta horregatik deklaratua zuela Klima Larrialdia Eusko Jaurlaritzan!

Hala ere, tematia da errealitatea. Izendapen hori oso eskasa da, larrialdi «mantso» bat deklaratu baitute ia. Karbono neutraltasuna 2050ean erdiesteaz mintzo da, eta hori beranduegi da. Guk 2040an erdiets dadila eskatzen dugu, eta, ahal izanez gero, baita 2035ean ere; azken batean, trantsizio justu eta solidario bat izan dadin, gehien kutsatu dugunok askoz lehenago erdietsi beharko genuke isurien neutraltasun hori. Izan ere, Eustaten azken estatistikek dioskutenez, gure eskualde honetan, isuriak ia %5 handitzen ari gara; per capita isuriak %20tik gora daude estatukoen batezbestekoaren aldean; azken kontsumo gordinean berriztagarriei dagokien kuota %20 txikiagoa da estatukoaren aldean eta Europako batezbestekoaren aldean; eta herritarren %70ek aire kutsatua arnastu genuen 2018an. Izendapen horrek ez du neurri eta aurrekontu jakinik, ez baita inon aipatzen oinarritik beretik hasi behar denik lanean, ez baita aipatzen energia eraginkortasunik, ez zer zigor dagokion ere eginbeharrak bete ez dituenari, eta are gutxiago aipatzen baita kontsumoa txikitu behar denik.

Espero dugu, halako izendapen instituzionalaren ondoren, EAJ eta haren kide PSE hori maila guztietan ezartzen hasiko direla: lehenik, barkamena eskatu beharko dute, eta ezezkoa eman zuten udaletan onartu beharko dute, eta gerarazi egin beharko dituzte klima aldaketa dakarten megaproiektu fosil guztiak, hala nola AHTarena, bai eta Supersur eta erraustegien proiektuak ere, eta hainbat espezie eta haien habitatak babesten hasi beharko du, Bolintxu kasurako; horra hor, batzuk aipatzearren, klimari eta bioaniztasunari eragiten dieten hainbat adibide.

Alegia, deklarazio hori entzun ondoren, badirudi bizi garen toki honetan patxadaz itxaroteko moduan gaudela ea zer egiten duen Eusko Jaurlaritzak, pentsatuz teknologia bat bestearekin nola ordezkatu, eta mantso eginez oraintxe lehenbailehen egin beharreko zerbait: jardunean jardun klima larrialdia konpontzeko.

Alegia, joan gaitezkeela hondartzara eguzkia hartzera eta freskatzera, eta klima alda dadin itxarotera, oporretan Benidormera bidaiatuz isuririk sortu beharrik gabe, klima mediterraneoa honainoxe iritsia izango baitugu.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.