Nolatan (ez zara) ospitalean erditu?

Izarne Totorika
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Kontatua dit amonak nola erditu zen baserrian bai amaz eta bai lau osaba-izebez ere. Beldurrik izan zuen galdetzean, berak; «Beldurra zeri?». Erditzea bai guk eta bai animaliek milioika urtetan instintiboki egiten dihardugun prozesu bat bada, zergatik diogu horrenbesteko beldurra? Beldurra minari, beldurra zerbait gaizki irteteari... Beldur hori izan ote da erditzea medikalizatzera eraman gaituena? Edo ospitaleko ustezko segurtasunak sortu ote digu gainontzeko aukerekiko mesfidantza? Arriskuak gutxitzeko nahi horretan, prozesu natural bat ospitalean artatu beharreko eritasun bihurtzera pasatu gara, eta horrek etxeko intimitatean konfiantzazko pertsonek babesturik eta gorputzaren bulkadei mugarik jarri gabe emandako erditzea bizitzeko aukera baztertzera eraman gaitu. Egindako ikerketek diote, arrisku baxuko haurdunaldietan, hartu beharreko neurriak hartu eta profesional talde batekin kontatzen baldin bada, etxeko erditzeek ez dutela ospitaleko erditzeek baino arrisku handiagoa. Beraz, haurdunari beldurrarekin erantzun beharrean, zergatik ez diogu informazio guztiaren eskaintza egiten? Profesionalekin, prozesu segurua da, eta, zorionez, ospitaleak eskaintzen dizkigun baliabideak ditugu kasuak ala eskatzen badu erabili ahal izateko. Horrekin ez dut esan nahi etxean erditzea ospitalean erditzea baino hobea denik; emakume bakoitzak askatasunezerabakitzeko eskubidea da aldarrikatzen dudana.

Magaleko emaginek emandako hitzaldi baten harira ulertu nuen etxean arrisku baxuarekin erditzeko aukera nuela. Gazte eta osasuntsu nengoen, asko zaindu nintzen haurdunaldian zehar, indartsu nengoen fisikoki eta mentalki eta nire bikotekidea izan nezakeen laguntzarik onena zen. Ondo informatua nengoen, ezagutzen nituen arriskuak eta baita artatuko ninduten emaginak ere. Ezagutzen nuen haien proiektua, eta ikusi nuen profesional kualifikatuak zirela. Ni nintzen nire alaba arazorik gabe jaiotzea nahi zuen lehena. Norbaitek dudan jartzen al du?

Zoritxarrez, erditzea den prozesu eder eta magikoa etxean bizitzeko aukera, gaur egun, pribilegio bat da gure herrian eta estatu espainiarrean. Erresuma Batuan, Holandan, Islandian, Danimarkan, Norvegian, Frantzian, Austrian, Zeelanda Berrian, Kanadako toki batzuetan edota Washingtoneko estatuaren zati batean osasun sistemak finantzatutako aukera den bitartean, hemen gutxi batzuen eskura dagoen esfortzu ekonomiko bat da, nahiz eta ikusi den ospitaleko erditzeak baino kostu baxuagoa ekarriko ligukeela herritarroi etxeko erditzeak osasun publikoan barneratzeak.

Ni neu medikua naiz, ospitaleko lanarekin ikaragarri disfrutatzen duen langile bat eta gaixotasunaren aurkako borrokan medikamentuen eta teknologiaren erabiltzaile deklaratua. Baina ditugun erremintak arduraz eta beharrezkoak diren kasuetan erabiltzeko dira, eta beldurra ez da kasu horietako bat. Esango nuke ezjakintasuna eta informazio falta direla jende askok (profesionalak barne, edota bereziki) etxeko erditzeei uko egitearen eragile nagusia.

Eskerrak eman nahi dizkizuet Magaleko emaginei, Maria, Clara eta Josuneri, oztopo guztien gainetik zuen proiektuarekin aurrera jarraitu eta emakumeok gure indarrean sinestera garamatzazuelako. Zuen maitasunak eta berotasunak inoiz ahaztu ezinezko esperientzia bat biziarazi digulako, eta zuen jakintzak eta profesionaltasunak gure txikia mundura osasuntsu eta maitasunez beteriko atmosfera batean jaiotzea posible egin duelako. Itxaropena dut egunen batean zuek eskainitako zerbitzua pribilegio bat izatetik aukera bat izatera pasatuko dela.

Bukatzeko, animatu nahi zaitut, zu, emakume, informatzera. Zure gaitasuna zalantzanjarri aurretik, ospitaletik kanpo erditzeari beldurra izan aurretik eta beste emakume batzuei kritika egin aurretik, informatu. Segurtasuna ematen dizun tokian eta babestua sentiarazten zaituzten pertsonekin erditu zaitez; garrantzitsuena zure txikia ondo etortzea da, baina informatu eta hausnartu ondoren hartutako erabakia izan dadila, ez beldurrek eta aurreiritziek inposatutakoa. Sinistu zeure buruarengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.