Udako argazkiak

Maider Beloki
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Duela egun batzuk, Iruñeko oraingo alkate Enrique Maiak hasiera eman zion haur eskoletako ikasturteari, Hello Egunsentin, aldaketaren gobernu bukatu berriak duela gutxi eraberritutako eskoletako batean. Udako argazki ezin atseginago eta gustagarriago bat; izan ere, Maiak eskola moderno bat topatu zuen bere bisitan, oraintsu berritua, espazio eta azpiegitura egokiak dituena kalitatezko hezkuntza eskaintzeko. Ez genuen hain zorte onik izan duela lau urte, gobernu taldera iritsi ginenean eta ikusi genuenean dena hautsez betea zutela, eta eskola sarea guztiz utzia.

Hezkuntza publikoarekiko utzikeria eta interes falta hori ez dira argazkietan ageri orain, baina hor zeuden: janari horniketako zenbait kontratu bukatuta zeuden azken legegintzalditik, 2012 ingurutik; garai batean aitzindari izandako lerro pedagogikoa guztiz lausotua zegoen, eta eskola bakoitzak bere hezkuntza proiektua zuen abian, zuzendaritza komun argirik gabe; eta sarea zaharkitua zegoen azpiegiturei dagokienez. Orduko gobernu taldekook aurre egin behar izan genion ia ilegala zen egoera bati, hamabi eskoletatik zortzi ez baitzetozen bat Hezkuntza Sailaren Foru Dekretuak zioenarekin. Oso kontu larria zen, eta, legea betetzen ez zenez, arriskuan zegoen Nafarroako Gobernuaren finantzaketa. Hain justu, ekonomiaren oparoaldi horretan, eskuina Hello eskola berriak egiten eta zerbitzu hori pribatizatzen hasi zen, eta sare publikoa alde batera utziz joan zen. Iruñeko haur guztientzako kalitatezko zerbitzu publiko batean inbertitu beharrean, eskuinak eredu pribatuaren aldeko apustua egin zuen, eta, hala, sare publikoa legez kanpoko egoera batean eta zaharkituta utzi zuen.

Eredu pribatu hori, hain zuzen, orain publikoki kudeatzen da berriro ere, zorionez. Gogoan izan behar da aldaketaren legegintzaldian udalaren esku geratu zirela berriro hiru Hello eskola —aurretik UPNk eta PSNk pribatizatuak zituzten— eta ardura hartu zela haurrentzako zentro guztien jangela eta garbiketa zerbitzuak zuzenean kudeatzeko. Orain, Iruñeak %100 publikoa den haur eskolen sare bat du. Beste argazki polit bat herritar guztien gozagarri. Ikusiko dugu noiz arte irauten duen.

Izan ere, eskuina iraganean izan genuen pribatizazioaren biderantz doa berriro. Iruñean hartu dituzten lehen neurrietako bat izan da aldaketaren gobernuak bultzatutako lan eskaintza publiko bat geldiaraztea, zeinaren helburua zen Hezkuntzako langileen zerrendak egonkortzea. Atzerakadaren zantzuak, hizkuntza eskubideei begiratuta ere antzematen direnak, Maiak euskarazko tokiak gutxitzeko asmoa azaldu baitu. Eskuinaren obsesio bakarra euskara baztertzea izan da, Iruñeko hizkuntza ofizial bat izanagatik, eta, horretarako, 30 urtez bere horretan mantendu zuen euskarazko tokien eskaintza oso eskasa: hamabi eskoletatik bi bakarrik ziren euskarazkoak, eta biak auzo berean zeuden, Txantrean.

Jakina, aurreko eskuineko gobernuek ere ez zuten lanik hartu hezkuntza zerbitzuak garatzeko eta herritarrei zerbitzu aitzindari eta modernoago bat emateko, egungo familien eskubideei eta errealitateari egokitua dagoen zerbitzu bat. Aldaketaren gobernuak hasiera-hasieratik gogor lan egin du kalitatezko hezkuntza publikoa berreskuratzeko, hari balioa emateko, erreferente izateko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, esaterako hiriaren aniztasunari. Eta lanean jarraituko dugu, benetan sinesten baitugu horretan. Sinesten dugu kalitatezko eskola publiko batean, egungo arauei eta beharrei egokitutako instalazio modernoak dituena, hizkuntza eskaintza orekatua duena eta gaur egun herritarrek eskatzen dutenarekin bat datozen zerbitzu eta proiektuak dituena, besteak beste menu osasuntsuen proiektua. Proiektu horretan, elikagai jasangarriak erabiltzen dira, tokian tokikoak, freskoak, garaian garaikoak eta ekologikoak, eta aitzindaria eta eredugarria da estatuan; proiektu horrekiko interesa piztu zaie hainbat udal, administrazio publiko, unibertsitate eta gurasoen elkarteri.

Familientzako beste aurrerapen handi bat ere izango da, aintzat hartuko dituena aniztasuna eta egungo hezteko eta bizitzeko modu desberdinak: familia eskola baten proiektu aitzindari bat jarriko da martxan datorren urtarrilean, Arrotxapeko eskola zaharrean; Maia jaunak eragozten ez badu, behintzat. Familiei laguntzeko hezkuntza zerbitzu bat da, Europan zabaldua dagoena, eta 0-3 urte arteko haurrak etxean heztea erabakitzen duten familientzat izango da.

Maia jaunaren proiektua zera da: mugikortasunean, berdintasunean, hizkuntza eskubideetan, gai kulturaletaneta memoria historikoan aurreratutako guztia desegitea, ordezko planik eta proiektu eraikitzailerik proposatu gabe, eta, are sektarioago, aldaketaren gobernuak hiriaren mesederako maiz egindako lan ona aitortu gabe, haur eskoletan eginiko lan ezin hobea barne. Hori dela eta, Navarra Suma bultzatu nahi dugu «posatuak» eta «argazki lapurtuak» alde batera utzi eta kalitatezko hezkuntza publiko baten alde lanean hastera, eta haur eskolen sare sendo eta moderno baten aldeko apustua egitera, eskariarekin bat etor dadin eta etorkizuneko hiria eraikitzeko balio izan dezan, etorkizuneko Iruñea eraikitzeko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.