Autokontsumoaren garaia

Nafarroako Gobernuak eta Energiaren Euskal Erakundeak eginak dituzte autokontsumo instalazioak diruz laguntzeko deialdiak. Laguntza inbertsioaren %65-70 ere izan daiteke.

Plaka fotovoltaikoak, pabiloi baten teilatuan, Ataunen. TAPIA INSTALAZIO ELEKTRIKOAK.
Irune Lasa.
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Eztabaida gutxi kasu honetan. Etxeetan, pabiloietan eta eraikuntzetan, teilatuetan eta abarretan, ahalik eta azalera gehien erabili behar da eguzki eta haize energia harrapatzeko, herritarren eta enpresen argindar kontsumoa ahalik eta garbiena izateko. Klima larrialdiak derrigortuta, energia sortzeko eta kontsumitzeko ereduak aldatzen ari dira, eta autokontsumoa izango da sakoneko aldaketa horietako bat.

Gero eta gehiago diren arren, autokontsumo instalazioen kopurua oraindik mugatua da Euskal Herrian; are gehiago beste herrialde batzuekin alderatuta. Besteak beste, halakoek inbertsio bat eskatzen dutelako, nahiz eta azken urteetan plaka fotovoltaikoen prezioak merkatu egin diren, eta denborarekin inbertsio horrek ordaina izan argindar fakturatik aurreztutako diruan.

Horregatik, lehen inbertsio horretarako eta instalazio berrietarako bultzada handia izango dira aste honetan Nafarroako Gobernuak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak zabaldu dituzten laguntza deialdiak, batez ere laguntzetarako diru kopurua nabarmen handitu delako, Europako Batasuneko Next Generation funtsei esker.

Bi erakundeek, zehazki, 42 milioi euro inguru jarriko dituzte energia berriztagarrietako autokontsumo instalazioak eta haiei lotutako metagailuen instalazioak laguntzeko, bai plaka fotovoltaikoetarako, bai haize errota txikietarako. Laguntzetan hamabi milioi euro kudeatuko ditu Nafarroako Gobernuak, eta 30 milioi euro EEEk Arzaban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Helburua

Nafarroako Gobernuaren helburua da autokontsumo instalazioetan eta instalazio termikoetan Nafarroan orotara 13,8 megawattera iristea, eta metagailuen instalazioak 5,8 megawatt-ordura handitzea.

Pandemiak hainbat egitasmo geroratu arren, instalazioak ugalduz joan dira Hego Euskal Herrian. Adibidez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaur egun, 15 MWeko potentzia dago instalatuta. Energiaren Euskal Erakundeak, laguntza hauekin bultzatutako proiektuekin, instalatutako potentzia 45 MWera handitzea du helburu.

Nork eska ditzake laguntzak?

Enpresek eta etxebizitzek, baita administrazio publikoek ere. Bai EEEren eta bai Nafarroako Gobernuaren laguntzak sei programatan banatzen dira. Bost dira autokontsumo instalazioak eta metatze sistemak laguntzeko, eta beste bat dago etxebizitzetarako energia berriztagarri termikoei lotutakoa.

Dena den, bi erakundeek espero dute enpresetatik eta batez ere argindar kontsumo handia duen industria sektoretik iristea eskaera gehienak, eta gero etxebizitza sektoretik, nahiz eta balitekeen hor zailtasun gehiago egotea: besteak beste, etxebizitzetan korapilatsuagoa izan daitekeelako halako instalazioetarako prozedura; hasteko, bizilagunek ados jarri behar dute.

Etxebizitza bloke bateko teilatuan, adibidez, plaka fotovoltaiko bat instalatzeko, etxepeko bizilagun guztien adostasuna behar da, nahiz eta gero instalazio hori bizilagunek indibidualki edo modu kolektiboan egin eta hor parte hartzea borondatezkoa izan.

Laguntzetatik kanpo gelditu dira sarera konektatu gabeko autokontsumo instalazioak.

Zenbaterainokoak dira laguntzak?

EEEk kudeatutako laguntzetan, enpresentzako instalazioen eta metagailuen kostuaren %15etik %45erainokoak izan daitezke laguntzak, enpresaren tamainaren arabera. Nafarroan, berriz, potentziaren arabera, laguntzak %15etik %50erainokoak dira. Soilik metatze sistema ezarri behar den kasuan, inbertsioaren %45etik %65eraino laguntzen dute bai EEEk, bai foru gobernuak.

Etxebizitzetan, herri administrazioetan eta hirugarren sektorean, instalatutako moduluen potentziaren araberakoa izango da laguntzen banaketa. Nafarroako Gobernuak kalkulatu du partikular batek 5.300 euro inguruko inbertsioa egingo lukeela 2,5 kWp-ko instalazio fotovoltaikoa eta 4,5 kWh-ko metatze sistema jartzeko. Kasu horretan, laguntza 3.460 eurokoa litzateke (1.960 euro metagailuak), hots, gastuaren %65 inguru. EEEren kalkuluetan, moduluen araberako banaketa horretan, inbertsioaren %70 ingururainokoa izan daiteke laguntza.

Noiz zabaltzen da epea?

Energiaren Euskal Erakundeak gaur zabalduko du deialdia. Nafarroako Gobernuak, berriz, atzo zabaldu zuen.

EEEren laguntzen kasuan, helburu ekonomikoa duten erakundeetan, hots, enpresetan, eskaera egin ondorengo inbertsioak lagunduko dira. Etxebizitzen sektorean eta herri administrazioetan, joan den ekainaren 30etik aurrera abiatutako inbertsioak lagunduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.