Albistea entzun

Iruña-Veleia, benetakoa ala faltsua?

Jon Urruxulegi - Idazlea

2018ko abuztuak 22

Iruña-Veleian aurkikuntza arkeologiko batzuk egin eta adituen ustez oso garrantzitsuak zirela jakin nuenean —dagoeneko urte batzuk igaro dira—, pozak burmuin-gorputzak inbaditu zizkidan bat-batean. Iruña-Veleia Gasteiztik hamar kilometrora dagoen erromatar hiri bat zen eta gaur Arabako Foru Aldundiaren titularitate publikoak kudeatzen duen aztarnategi arkeologikoa da.

2005 eta 2006. urteetan Eliseo Gil jaunaren ardurapean ari zen enpresa batek erromatar garaiko ehunka objektu aurkitu zituen bertan, denak aparteko izaera dutenak, esan nahi baita, eguneroko bizitza erakusten duten irudiak, kristauen gaia dutenak, hieroglifikoak, pertsonaje mitologikoak, latinez, grekoz eta euskaraz ere idatzitako testuak. Guztia Gizadiaren altxor baliotsutzat kontsideratzeko modukoa. Euskarazko idazkun batzuk Kristo ondorengo III. mendeko estratu arkeologikoetan aurkitu dira. Beraz, Glosa Emilianentseak baino zazpi mende lehenagokoak dira. Badaude kristau otoitz osoak aurkikuntza hau euskararen azterketa historikoa burutzeko altxor kultural ezin hobea egiten dutenak. Aparteko aurkikuntza hau 2006ko otsailaren 8an egin zen publiko.

Eta pozik zoratzen negoela, bat-batean, gertaera batek adierazi zidan pobrearen etxean alaitasunak oso gutxi irauten duela. Aipatu aurkikuntza hain berezia, ez si eta ez no, faltsua zela zabaldu zuten nork eta Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hain zuzen. Erantzukizun handiena duten bi erakundeek alajaina! Bertigoa sentitu nuen eta baita egun batzuetan pentsatu ere nola ziteleen posible talde ikertzaileak hain gai sentsibleetan horrelako iruzur bat egitea.

Baina, dirudienez, ausartu egin ziren. Diputazioak 2008ko azaroaren 19an Eliseo Gil eta bere ekipoa kaleratu egin zituen. Aipatu Diputazioak 2009ko martxoaren 24an Eliseoren kontra kereila kriminala aurkeztu zuen Epaitegian eta kereilatuak urte hauetan guztietan pairatu behar izan ditu, alde batetik, faltsifikadorea izatearen kriminalizazio publikoa eta, bestetik, nola edo hala bizitzeko modua aurkitu behar, arazo bikaina gauden urteetarako. Eta kontu honen arazo larriena da, dirudienez, inork ezin izan duela aurkeztu faltsifikazioaren benetako frogarik, teoriak eta iritziak bakarrik.

Nire egoera espiritual zoritxarreko honen aurrean, erabaki nuen arazoari nalabaiteko jarraipen bat egitea. Honela irakurri ahal izan nuen Eliseo Gil jaunak autentizitatea defenditu duela ez soilik berak erabili zuen metodo arkeologikoan oinarrituta, baizik eta Matriz Harris mundo osoak onartutako metodoaren sortzailea den Edward C. Harris arkeologoak ere benetakotasuna aitortu diolako. Harrisek bere txostenean dio: «Indusketen argazkien arabera, argi eta garbi dago indusketa arkeologikoa estandar onenen arabera izan zela burutua». Eliseo Gil jaunak beti proposatu izan du piezak nazioarteko prestigiodun laborategietan aztertzeko behingoz erabaki ahal izateko zein garaitakoak diren idazkunak. Eliseo Gilek halaber proposatu izan du indusketa gehiago egitea nazioarteko prestigiodun arkeologoen kontrolpean. Areago, ikusi ahal izan dut bideo batean ekipo berriaren inaugurazioan, 2012an kargua hartu zuenean, agintariak iritsi baino lehen, nola Julio Nuñez zuzendari berriak hondeatzaile batekin 4.000 m3 lur atera zituen 1'5 metroko sakonerara iritsiz. Bideoaren egilea den SOS Iruña-Veleiak atentatu honen kontrako salaketa aurkeztu zuen Epaitegian, baina arbuiatua izan zen Diputazioaren txosten tekniko batean oinarrituz. Hondeatzaile bat indusketa arkeologiko batean! Guztiz egia da ekintza hau, neuk ikusi nuelako bideoan. Ez dut uste bideoa trukatua egongo zenik. Correo Españolek ere 2015ean publikatu zuenez, Ertzaintzak ere faltsutzat kontsideratzen zituen aurkikuntzak: «Mundu zabalean azken urteotan gertatu den faltsifikazio arkeologikorik larriena».

Iruña-Veleiari buruzko polemika honek hainbat galdera iradoki dit: a) Posible al da hutsegite eta faltsukeriak gertatzea bi «fronteen» baitan? b) Zergatik ez da polemika hau argitzen nazioarteko laborategi prestigiodunek piezak benetakoak ala faltsuak diren erabakiz, aurrez neutraltasuna bermaturik? c) Agintariek zergatik ez dute gardentasunik eta ez dute nahi arazoa konpontzea? d) Non daude Gasteiz eta Iruñako euskal gobernuak, arazoa hain larria izanik kultura, hizkuntza eta gizartearen aldetik? Eta e) Non dago Euskaltzaindia, milaka urteko gure hizkuntzari dagokion guztia babestu, dinamizatu eta zaintzeko ardura duen goreneko erakundea?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.