Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma. ANALISIA

Sabaia eta elkarrizketak

ander perez zala
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Pixkanaka bada ere, Kaledonia Berriko independentisten goranzko joerak ez du etenik: duela bi urteko erreferendumean espero baino emaitza hobeak lortu zituzten, iazko Kongresurako bozetan diputatu bat gehiago eskuratu zuten, eta iragan asteburuan loialistetatik hiru puntura geratu ziren, 11.000 boto baino gehiago lortuta. Deskolonizazio prozesuko azken erreferendumari begira, galdera garrantzitsu bat dago mahai gainean: sabaia jo al dute?

Iragan asteburuko emaitzekin, agerian geratu da 2018ko abstentzioaren gehiengoa boto independentista zela. Horrek are gehiago sakondu du eta inoiz baino argiago utzi du honako hau: Kaledonia Berria bitan dagoela zatituta. Kontuan harturik aurtengo kanpainan —eta kanpainaurrean— tentsioa duela bi urtekoan baino askoz ere handiagoa izan dela, eta independentisten eta loialisten arteko elkarrizketarik eza protagonista izan dela, arretaz jarraitu beharko da zer eboluzio izango duen irla multzoko polarizazioak. Hain justu, errealitate hori bi aldeen arteko negoziaziorik ezaren ondorio da, eta ez dago batere argi zer eragin izango duen kaledoniarrengan.

Egoera horrek badu arrisku bat, independentistei kalte egin liezaiokeela loialistak gainditzeko helburuan: kanak independentista gutxi geratzen dira abstentzioan, eta orain helburua loialistak edota europar jatorriko herritarrak konbentzitzea izan beharko da, etorkizunerako aurkezturiko proiektuaren bitartez. Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak eraginik izango al du Kaledonia Berrian? Nikel metalaren egoerak eta horrekiko menpekotasunak? Frantziatik ateratzearen aldekoentzat, goranzko joera sendotzeko aukerak izan daitezke, kontuan harturik orain arte loialistak izan direla irla multzoko gobernuan.

Independentistek badute hobekuntzarako tartea, baina, 2022ko galdeketan ere ezezkoa gailentzen bada, eurek eta loialistek mahai beraren inguruan esertzea beste aukerarik ez dute izango, ezingo baita elkarbizitza bermatu gizartea ia arlo guztietan bitan zatituta baldin bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.