Angel Erro.
JIRA

Oporrak

2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ezinezkoa dena egiten saiatzeko eguna hurbiltzen ari zait. Gurasoei ikasitako eta eskola garaitik nireganatutako ohiturari jarraituz, atzera-kontua egiten dut. Uda aspaldian hasi da, baina zentzu hertsian ez da hasiko ni (edo irakurlea) lana utzi eta, ahal izanez gero, beste nonbaitera joan arte oporretan. Kontzeptuaren klasismoak ez du azalpen handirik behar: langabetuak ez dira udan (zentzu zabal zein hertsian) existitzen, «aprobetxa eta lan egin dezatela ostalaritzan»; langile prekarioak, oporrak hartu ezin dituztenak ere ez.

Engaiamenduz dagokidan errudun kuota onargarria nire gain harturik, oporraldia hasteko falta diren egunak zenbatzen ditut, mundua pixka bat okerragoa beste kokagune batetik egiten jarraitzeko unearen zain (giltza horixe baita, deslekutzea, nagusiki) eta (jende guztiak nabarituko didan arren, ni ahaleginduko naiz ez ikusiarena egiten) langile klasekoa naizela ahanzteko zain, nahiz eta berez standby egoeran den zapaldu bat baino ez izan. Urteko hamabi hilabetez egin ezin ditudanak epe mugatu eta arrazoizko baten barruan antzeztuko ditut, nirea ez diren bizi baldintzak usurpatuz.

Turistak mespretxatzeko zeregina egun gutxi batzuez herrikideon esku onetan utziko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.