Angel Erro.
JIRA

Prentsaurrekoa

2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Iruñeko alkateak atzo prentsaurrekoa eman zuen, argitu gabe bere izenean edo alkate gisa, ustez gertatu ez den zerbait zeinen ongi ez den gertatu azaltzeko, eta, suposatzen dut, bere buruari domina paratzeko ere bai. Berez, azken arrazoi hori izaten da politikariek deitutako prentsaurreko guztien zeregin bakarra, egitarauez, ekitaldiez edo lege proposamenez mozorrotu behar badute ere. Enrique Mayak prentsaurreko perfektua ematea lortu du, ez baitu horrelako ezerekin disimulatu behar izan. Egia da balorazio bat egin behar zuelakoa erabili duela aitzakiatzat, seguruenik kazetariei deialdia egiteko, ausartegia litzatekeelako, bestela, prentsaurreko purua, prentsaurreko bere-berekia, deitzea.

Prentsaurrekoan, beraz, baloratu egin du aurten Iruñeko Udalak bertan behera utzitako San Ferminak nola joan diren, edo nola ez diren joan. Borgesek edo horrelako beste idazle paradoxazale batek idatzitako ipuin baterako ematen du hitzaldiak. Ez du, dena den, argitu aurtengo Ez-Sanferminak, haren ustez, noiz amaitu ziren zehazki. Berez, hasi ez dena ezin omen delako amaitu. Horregatik hobe luke ez-prentsaurrekoa deitu izan balitz, inoiz amaituko ez zen prentsaurreko eternala, edozein politikariren amets bustia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.