urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

50 urte Papua mendebaldeko iruzurretik

2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Mende erdi bete berri da munduko deskolonizazio prozesuetako ekintza lotsagarrienetako batetik. 1969ko uztail-abuztuan legitimatu zuen Indonesiak Papua mendebaldearen konkista; NBErekin erreferenduma adostu ostean, herritarrei galdeketa egin beharrean, mehatxupean mila lagun inguru baietz esatera behartu, eta papuar guztien ahotsa ordezkatzen zutela ebatzi zuten. Fartsa hura laster onetsi zuten nazioarteko erakundeek, ordea, eta ordutik dozenaka mila lagun hil dituen gatazka neokoloniala bizi du Ozeaniako bigarren uharte handienak —Australiaren atzetik—. Jakartak Javako musulmanen kolonizazioa bultzatu du, papuarren animismoa —edo kristautasun sinkretikoa— baztertuz. 50 urteko kolonizazioak erdira jaitsi du jatorrizko biztanleen kopurua Papua mendebaldean. Amnesty Internationalek duela urtebete argitaratutako txostenean, lurraldean giza eskubideen «zulo beltza» zela zioen; 2010etik 2018ra ia ehun exekuzio estrajudizial zenbatu zituen.

Gatazka armatua gogortu egin da azken hilotan, eta papuarrek independentziaren aldeko borondate irmoa erakutsi dute. Indonesiako militarrekin dauden borroken ondorioz, dozenaka herrixka erre dituzte, milaka lagunek etxetik alde egin behar izan dute, eta, uztailean emandako datuen arabera, 139 lagun hil dira desplazatuen guneetan hartutako gaixotasunengatik.

Lurraldeko hiru talde armatu garrantzitsuenek Vanimoko adierazpena izenpetu zuten maiatzaren batean, eta uztailean indarrak elkartu zituztela iragarri zuten Papua Mendebaldeko Armada Iraultzaileak (TRWP), Papua Mendebaldeko Armada Nazionalak (TNPB), eta Papua Mendebaldeko Nazio Askapenerako Armadak (TPN.PB). Elkarrekin Papua Mendebalderako Askapen Mugimendu Batua sortu dute, Benny Wenda buruzagi erbesteratua buru duela.

Oso esanguratsua da urratsa, besteak beste mugimendu militarra politikoaren aginduetara egotea dakarrelako. Eta eremu militarrean edo barne politikan bezainbat diplomaziaren arloan jokatzen denez gatazka, nazioartera mezu indartsua bidaltzen dio. Kenny Wenda Erresuma Batuan bizi da 2002an asiloa onartu ziotenetik. Berriki Oxfordeko hiriak Askatasunaren saria eman dio. «Justizia, giza eskubideak eta autodeterminazioa eskatuz, Papua mendebaldeko herriaren oihua entzun zuten lehenetakoa izan zen Oxford», esan du Wendak. Indonesia sutu egin da sariaren berri izan duenean. Ingalaterrako hiri horretatik bideratzen da Free West Papua nazioarteko kanpaina, izan ere.

Nazioartean erosotasun gutxi dakarren auzia da, duela mende erdi egindako hanka-sartzeaz eta haren ostean etorri diren krimenez jakitun. Baina ezin ezkuta inor gutxik daukala egoera aldatzeko borondaterik, estatu nagusiek Indonesiaren subiranotasuna aitortzen dute, eta errezeloz begiratzen diote Txinak interesen bat izan dezakeen edozein gatazkari.

Ez daude bakarrik, ordea: nazioarteko kanpainaz gain, eskualdeko estatu txikiek —txiki baina estatu, NBEn beren aulki eta beren botoarekin— babesa adierazi izan diote papuarrei, melanesiarrek batez ere. Halaxe lortu zuen Kenny Wendak duela hil batzuk NBEko ordezkariengana iristea Genevan, Vanuatuk bere ordezkaritzan sartuta. Pazifikoko gobernuburuek egunotan egin behar duten bilerako agendan ere sartu dute gaia, Australiak Indonesiarekiko harreman estua izan arren: Txinak Pazifikoan daukan eraginaren aurrean, Canberrak harreman onak nahi ditu eskualdeko herrialde txikiekin.

Indonesiako ehunka milioi herritarren aldean nazio txikiak dira, izan ere, baina babes diplomatiko horiek oso garrantzitsuak gerta daitezke. Lehen ere Kaledonia Berriko independentziaren alde egin dute, eta Frantziaren menpeko Polinesia NBEko deskolonizatu beharrekoen zerrendan berriz sartzea lortu zuten 2013an. Parisen aurrean kikiltzen ez badira, Jakartak ez ditu beldurtuko herrialde horiek. Are gutxiago beren etxearen defentsan ari diren papuarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.