Zientzia eta literatura

2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Bitxia da behin eta berriro ikustea, COVID 19 delakoak ekarritako gizarte-egoera dela eta, zientziarekiko, haren irakurketarekiko eta dibulgazioarekiko interesa asko hedatu dela, baina, zoritxarrez, ez dela beharrezko hurbilketa kritikorik egin ekoizpen zientifikoaren prozesuaren eraikuntza ulertu ahal izateko. Horrela, adituei eta dibulgatzaileei entzun egiten zaie, zientziari buruz eztabaidatzen da, eta, halere, ahaztu egiten da egitate zientifikoak, izenak dioen moduan, egin egiten direla, alegia, eraikuntza kognitiboaren ondorioak baino ez direla, eta haietatik eratorritako teoria, berez, literatura-forma bat besterik ez dela.

Yuval Noah Hararik dioenez, sapiens gizakia fikziozko istorioak sortzeko eta haietan sinesteko gai izan den espezie bakarra dugu. Eta denok fikzio berdinak sinesten baditugu, denok arau berberei jarraituko diegu. Giza hizkuntzaren gaitasun horretan oinarritzen da iraultza kognitiboa delakoa. Hala eta guztiz, fikziozko istorioek ere arazo larriak eragin ditzakete. Gerrate gehienak, adibidez, fikzioa dela medio gauzatu ohi dira. Fikzioak gizarte-trinkotasunerako tresna garrantzitsuak dira, baina inork ez luke bere tresnen morroi izan behar.

Azken urteotan, historiatik, literaturaren kritikatik, erretorikatik, semiotikatik baita zientzien eta tekniken mikro-soziologiatik ere hartutako metodoak aplikatzearen ondorioz, zientzia-artikuluek aurrerapen erabakigarriak egin dituzte, naturari buruz dugun ikuskera egokituz.

Urte gutxitan, diskurtso zientifikoa, profanoarentzako eskuraezina zena edo literatura-pretentsiorik gabe idatzia zegoena, literaturari buruzko diziplinetan integratu da ia erabat, eta irakurleria zabala dauka. Gaur egun ia desagertu da testu politikotik edo juridikotik eta maiuskulaz idatzitako Literaturatik testu zientifikoa bereizteko aurreiritzia.

Gai hauetan interesatu ziren lehen egileak laster konturatu ziren zientzia-artikuluek ez dutela zuzenean irudikatzen ez natura, ez eta laborategiko gertaerak ere. Galileo eta Newton bezalako jakintsuengan ere, laborategiko oharren eta, azkenean, idatzitako azalpenaren arteko erlazioa ezin da fideltasunaren edo ordezkaritzaren aldetik aztertu soilik. Izan ere, ikertzaileak, azken batean, hau edo bestea hautatu, aukeratu, ezabatu, leundu, nabarmendu egiten baitu eta, ondoren, hura idatzi. Testu zientifikoa, beraz, testua da.

Semiotikaren bidez, hitz egiten den objektuen definizioari heldu ahal izan zitzaion, eta aurkikuntza paradoxiko horren arabera, zientzia-artikulurik gogaikarriena eleberri bat besterik ez dela esan daiteke, bere irakurlegoarekin, kritikariekin, zaleekin eta behar dituen irakurketaren gako guztiekin, zedarritu, moldatu, entseatu, eraldatu eta garatu egiten dena narrazio baten bidez.

Semiotikak testuarekin egiten duena, etnometodologiak, berriz, hain zehatzak ez diren metodoez egiten du, baina orain datuen jasotzeari, laborategiari berari eta zientzia eraikitzeko testuinguruari, epai juridikoari edo akademikoari eta abarri zuzentzen die begirada.

Orain badakigu, jakin ere, artikulu idatziak, gainera, irakurleen desordena eta ziurgabetasuna konpontzen dituela, irakurleen ezegonkortasunari zentzu pixka bat eman nahian. Azken ikuspegi hauek gero eta gehiago interesatzen zaizkie mota askotako egileri, literaturatik eratorritako idazleri nahiz zientzien historiatik datozen ikertzaileri. Filosofoen artean, bestalde, Michel Serresek erakutsi du ikuspegi honen emankortasun izugarria: jakintsu modernoen eta zaharren testuen egitura ezkutuak bilatzen dituenean behintzat.

Dena den, Michel Serresek ez ditu erakusten testuen ekoizpen-mekanismoak historian; izan ere, egitura komun batetik abiatuta, idiosinkrasikoki lotuta, fikzio batetik besterako trantsizioa ikertu ohi du. Hala ere, zientziatik edo literaturatik ikusitako objektu batzuei begiratzean, Serresek beste filosofo batzuek urrutitik baino seinalatzen ez duten eleberri zientifiko horren esplorazioari ekin dio. Latourek, Jacobik, Gusfieldek eta beste batzuek garatutako metodoei esker, oharkabean jarritako bi muga gainditu ahal izan dira testu zientifikoen azterketetan: metodo kuantitatiboak aipuetara mugatzea, eta azterketaz argitaratutako testuetara begiratzea.

Horrenbestez eta laburtuz, esan dezakegu urte gutxitan artikulu zientifikoa imajina daitekeen literatura-objekturik aberatsena eta sozialena bihurtu dela. Izan ere, artikulu baten helburua ahalik eta elementu gehienekin elkartu ahal izatea da, dena bere alde izan dezan. Bere egia ez dator haren hitzek edo irudiek transmititutako ezein irudikapenetik, baizik eta bere literatura-eraikuntzaren eta itunen kopurutik, ustezko sendotasunetik eta erakutsitako sinesgarritasunetik.

Delako artikuluan, lehenik eta behin, argitaratuta dauden ahalik eta obra gehien biltzen dira (aipuek eta erreferentziek adierazten dutena); beste artikulu batzuen esakune guztiak aipatuz, haren funtsak beste termino batzuen enuntziatuarekin batzen du itzulpenen bidez; horrela, ahalik eta interes gehien bideratzen ditu, eta berak antolatutako proben emaitzetatik pasarazten ditu. Horretan guztian, irakurlea harrapaturik geratzen da artikuluak bere laguntzan ekarri duen jendetza berri baten erdian: tresnak, metodoak, hartutako neurriak, egile kontsakratu guztiak prest daude laguntza emateko artikuluaren egileari erasoz gero. Eta are ahaltsuagoak dira bertan argitaratutako literaturatik ez ezik laborategitik ere erreferentziak eta frogak baldin badatoz.

Eraikitzen duen mundu horretan murgilduta, aliantzaz eta itunez, artikulu zientifikoak, irakurlea autoritate-argudio batetik bestera bidaltzen du etengabe: autoritatetzat hartzen diren pertsonen izenak, dagoeneko baimenduta dauden testuak, eta horren ondorioz sortzen diren tresna eta erregistroekin egiten den lana. Iturri hartatik datorrena nekez gaindituko da.

Zientzia artikulu hura argitaratu bezain laster, beste batzuek desegingo dute, edota zenbaki bihurtuko dute, dela metodo, dela datuen jasotzearen kritika, dela ez dakit zer... Baina, gure irudimenaren fikzioen eta guk egiten ditugun egitateen artean, izenak berak adierazten duen bezala, laborategien eta artikuluen indarrez, prozedura hura ez da iraungiko.

Testu zientifikoak ere Literatura baitira. Ezin da zientziaz ezta fikzioaz ezer aipatu zientzia-eraikuntza eta haren idazkuntza aipatu gabe. Hauek dira zientziaren nobela eratu ohi duten osagarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.