Euskaraldia, bizipenetik subjektura

Ibai Iztueta Azurmendi - Giza zientzietan doktorea

2018ko abuztuak 1
Euskaraldia dela-eta, hitz sorta bat hurbiltzen zaigu nolabait ere gogoaren argitara: «ezagutza» eta «erabilera» dira horietako bi, «Euskara», «objektua» eta «subjektua» datoz segidan eta, azkenik, «simulakroa» eta «bizipena» zaizkigu aurkezten. Baina, aurrerago baino lehen, mundu honetan despistaturik ez da falta-eta, beharbada komeniko da Euskaraldia zertan den gogoraraztea.

Hara, Euskaraldia zera da, praktikoki Euskal Herri osoan, azaro-abenduetako hamaika egunetan zehar, halako konfiantza giro bat sortzeko erronka, jendartean zaputz kezkarik gabe euskaraz aritzea erraztuko duena. Hau hala izan dadin, parte hartu nahi dutenen artean, bi rol edo konpromisoren banaketa proposatzen da: alde batetik belarriprestak izango dira, eta, bestetik, ahobiziak. Nor izango da belarripresta? Bada, izango da, euskaraz ulertzen duela adieraziz, euskaraz dakiten guztiei berarekin euskaraz egiteko gonbitea egingo dien hura. Berak, euskaraz edo erdaraz erantzungo du, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko dizu. Ahobizia, berriz, ulertzen duten guztiei euskaraz egingo dien hura izango da, edonon, edonoiz.

Helduentzako jolas baten modukoa da, Euskaraldia, baina jolas guztiak bezala, sakonean, serio askoa, babesturiko ingurune baten sorrerarekin, norbanakoaren autonomia garatzen laguntzen duelako. Hain zuzen, besteak beste, autonomia horretatik, hizkuntza ohituren aldaketan eragin daiteke, eta —hori ere bai—, aukera ematen zaigu ortzi-mugan kokatzeko gizarte egiazki elebidun baten pultsua, hau da, euskararen ezagutza unibertsaleko etorkizuneko Euskal Herria. Imajinatzen esan beharrik gabe doazen ahobiziz eta belarriprestez betetako Euskal Herri bat?

Euskaraldiaren bertute handia, beraz, euskararen erabilera aktibo zein pasiboaren normalizazioa xedetzat hartzea da. Begi bistakoa dirudi, baina bere soilean, elebitasunaren auziari gisa honetan heltzeak heldutasun koska bat adierazten du. Inoiz euskara ezagutze hutsagatik herritarrak euskaraz hasiko zirela pentsatu izan bada, gaur da eguna hasi garena kale mailan barneratzen ezagutza erabilerarako ezinbesteko baldintza den hein berean dela erabilera ezagutzarako nahitaezko kondizio. Hau da, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobeto ezagutuko dugu hizkuntza bat, eta, era berean, zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta erraztasun eta gogo handiagoa izango dugu hura erabiltzeko. Are gehiago, hizkuntzen izaera kolektiboa den aldetik, zenbat eta inguruan hizkuntza horren erabilera handiagoa sumatu, orduan eta hura ezagutzeko nahiz erabiltzeko gogo handiagoa izango dugu. Jakintzatxo soziolinguistiko oinarrizkoen kapsulatxoak gizarteratzen dizkigu Euskaraldiak, hizkuntza gutxipenaren gandupean hiztunontzat nondik nora jo antzematea hain erraza ez den honetan.

Bestalde, esan behar da Euskaraldiak badakarrela berekin, abstraktuagoa delako-edo, hasiera batean oharkabean bezala pasa daitekeen beste funtsezko aldaketa bat ere, urrea balio duena: Euskara hitza ulertzeko erarekin du zerikusia; eta objektuekin eta subjektuekin. Izan ere, ez baita gauza bera, eta ez baititu ondorio berak, euskara objektu gisa ulertu eta tratatzeak ala euskara subjektutzat aurkeztu eta bizitzeak. Hizkuntzak objektuak dira —bere baitan bizigabeak—, sinbolotzat edota hitz eta arau gramatikal sistematzat jotzen direnean; aldiz, hizkuntzak subjektuak dira —«bere egintzen egileak» eta, hortaz, bere baitan bizidunak—, praktika bat konpartitzen duen jendarteari erreferentzia egiten diotenean. Kontua da, azken hamarkada hauetan, euskara objektu soil gisa kontsideratze aldera egin dela gizartean eta, arrazoi ezberdinak tarteko, haren subjektu kolektibo izaera lausotuz joan dela, lausotzen joan denez, euskaldun hitza ia esanahiz husteraino. Arazoa ez da, noski, euskara objektu kontsideratzea: eskerrak maitasun eta desira objektu kontsideratua izan den! Bestea da, ordea, kezkatzekoa, objektutzat bakarrik hartzea, alegia. Alde horretatik, Euskaraldia inertzia honen etenaren hasiera izan liteke, euskaratik abiaturiko esperientzia pertsonalen abiarazle delako eta esperientziaren edo bizipenaren kontzientzia dugulako, hain zuzen ere, subjektibotasunaren muina.

Ezagutzak gora egin duela, baina erabilerak ezetz; euskararen gramatikaz jabetu direnak gehiago direla, baina euskaraz bizi diren subjektuak ezetz. Egia esan, aspaldi geunden abisatuta euskararen bideak luze bezain malkarrak izango zirena, eta, antza denez, orain, simulakroaren eta bizipenaren bideak banatzen diren gurutzera iritsi gara. Bien arteko aldea da bizipenik gabe subjekturik ez dagoen bitartean, subjekturik ez dagoen tokian simulakroa nagusitzen dela. Edo, beste era batean esanda: bien arteko alde handia euren gaitasun eraldatzailean datza: simulakroan ez dago bizipenik, subjektuari kanpotik eskueran jartzen zaizkion «bizipenen antzeko» gertaera eta antzeztoki inpertsonalak baizik. Hartara, simulakroaren baitan garatzen den subjektibotasuna txiroa izango da, eta nortasuna, berriz, eskematikoa, haiek baten arabera eraturiko gu-en mota kaxkarrekoa. Konparazioan, Euskaraldia, euskaraz bizitzea den hein guztian, eta bizipen pertsonal ugariren kontzientzia ehuntzetik letorkeelako, euskararen praktikatik sortutako gu eraberritu, indartsu baten iturburu izan liteke. Euskaldun irauteari dagokionez, esanezina da datorren mundu arrano hau ulertzeko gai izango den subjektu kolektibo konplexu eta ireki honen kontzientzia zaindu eta aberastea, zeren eta gutasunik gabe ez, baina bestela, bai, ziurrenik, eutsiko baitiogu.

Bejondeiela aurrekaririk gabeko erronka honen diseinu miresgarriaz arduratu direnei, honen alde egin duten erakundeei, eta parte hartuko duten herritar guztiei; urte askotarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna