'Soilik baietz da baietz' legea

2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Legeak gizarte modura bizi dugun sexu-indarkeria arazo sistemikoari erantzuten dio, eta erantzun horren gainean asko argudiatu genezake. Testuan zehar «gizarte patriarkal», «genero-indarkeria», «mugimendu feminista» eta «sexu-kultura diskriminatzailea» terminoak erabiltzen dira. Kritika ugari jaso ditu lege proposamenak, eta susmoa daukat oinarrizko arazoa dagoenik ez onartzea izan dela kritika askoren motibazioa, baita terminologia urrun sentitzea ere. Izan ere, legeari erreparatuta inolako fundamenturik ez duten kritikak egin dira, hala nola «sexu-harremanak izateko kontratu bat sinatu behar izango dela» edota «frogarik gabe gizonak espetxeratzeko balioko duela». Baieztapen horiek ez dira inolaz ere egia, aztertu dezagun legeak mahai gainean jartzen duena.

Hauek dira legearen atalak: 1/Proiektuaren helburua. 2/ Ikerketak nola egingo diren. 3/Abian jarriko diren prebentzio- eta sentsibilizazio-neurriak eta tresnak. Ondoren, hainbat sektoretan gaituko den sexu-indarkeriari buruzko prestakuntzak. 4/Biktimen eskura jarriko den laguntza integrala. 5/Poliziak biktimekin izan beharreko tratua. 6/Delituak egiaztatzeko modua eta justizia lortzea. 7/Erreparaziorako eskubidea, eta, azken atalean, 8/ Legea aplikatzeko neurriak. Lege-proiektua, sexu-askatasunaren aurkako erasoak saihesteko prebentzio, sentsibilizazio eta formakuntza neurrietan oinarritzen da batez ere (60 artikulutik 24 daude honi bideratuta). Helburua (1.art): «Sexu-askatasunerako eskubidea erabat bermatzea eta babestea eta sexu-indarkeria guztiak desagerraraztea».

Legeak sexu-indarkeriatzat jotzen du (3.1.art) «[...] onartu gabeko sexu-izaerako edozein ekintza [...]». Azpimarratzen du sexu-indarkeriak ez direla kasu indibidualak, sozialak baizik, sexu-kultura diskriminatzaile batekin lotutakoak, eta bereziki emakumeek eta adingabeek pairatzen dituztela. Horregatik (3.2.art) «Lege Organiko hau sexu-indarkerien biktima izan diren emakume eta haurrei aplikatuko zaie». Legeak generoaz gain, ezintasunak, arraza edo etnia eta bestelako aspektuak kontuan hartzen ditu eta sexu-indarkerien kausei eta egoerari buruzko ikerketak egitea bideratuko du.

Sexu-indarkeriak prebenitzeko, sentsibilizatzeko eta hautemateko neurriak hartuko dira arlo guztietan. Hezkuntzan esaterako (7.art), hezkuntza-maila bakoitzari egokitutako, sexu-hezkuntzari, genero-berdintasunari eta hezkuntza afektibo-sexualari buruzko edukiak landuko dira ikasleekin. Osasun-arloan (8.art), instituzio publikoetan (9.art), komunikabideetan (10.art) eta publizitatearen arloan (11.art) ere sustatuko dira prebentziorako neurriak eta formakuntza. Publizitatean, adibidez, (11.1.art) «legez kontrakotzat joko da emakumeen aurkako sexu-indarkeriak sustatzen edo normalizatzen dituzten genero-estereotipoak erabiltzen dituen publizitatea». Lan-eremuan ere (12.1.art) enpresek (eta administrazio publikoek) laneko sexu-askatasunaren eta osotasun moralaren aurkako delituak eta bestelako jokabideak saihesteko lan-baldintzak sustatu beharko dituzte. Espetxeek (15.art), lehen aipatutako formakuntza neurriez gain, sexu-indarkeriak ekidin, identifikatu eta ikertzeko protokolo espezifikoak izan beharko dituzte, gai horretan prestakuntza berezia duten langileen eskutik. Legeak azpimarratzen du (17.art) instituzioek sexu-indarkeriak detektatzeko betebeharra dutela, eta horiek identifikatu eta bideratzeko protokolo espezifikoak sustatuko dituela.

Biktimen garantia eta eskubideen gainean, (32.art) «(sexu-indarkerien biktima izan diren emakumeek eta haurrek) laguntza integral espezializatu eta irisgarria jasotzeko eskubidea dute, sexu-indarkerien ondorio fisikoak, psikologikoak, sozialak edo bestelakoak gainditzen laguntzeko». Bestalde, administrazio-egoera irregularrean dauden biktimei dagokienean (35.art) «[...] gainerako biktimei aitortutako eskubideak izango dituzte [...]. Era berean, bizilekurako eta lanerako eskubidea izango dute, 4/2000 Lege Organikoan (Atzerritartasunari buruzkoa) salbuespenezko zirkunstantziengatik baimenetarako aurreikusitako baldintzetan». Honek ez du esan nahi, argudiatu den moduan, paperik gabeko emakumeek sexu-erasoren bat salatuz paperak lortu ahal izango dituztenik, esan nahi duena da orain artean paperik gabeko emakumeek pairatutako sexu-erasorik salatzen bazuten, beren egoera administratiboa agerian geratzen zenez zigor administratiboa jaso eta estatutik kanporatua izatera arriskatzen zirela, beraz, ez zitzaiela sexu-indarkerien aurkako babesik eskaintzen. Lege berriak emakume horiei ere salatzeko aukera ematen die.

Biktimei dagozkien eskubideak eta laguntzak izateko sexu-indarkeria horiek pairatu direla egiaztatu beharko da kasu guztietan. Biktimen lan-eskubideei dagokienez (37.art), lan-denbora murrizteko edo berrantolatzeko eskubidea aitortuko zaie (besteak beste), eta langile autonomoen kasuan, sexu-indarkerien biktima izanagatik, lan jarduera utzi behar badute, kotizatzeko betebeharra sei hilabetez etengo zaie. Gainera, biktimak (38.art) enplegu-programa espezifiko batean sartuko dira, eta etxebizitzari dagokionez (41.art) lehentasuna izango dute etxebizitza eskuratzeko programetan sartzeko eta etxebizitzari lotutako laguntzak eskatzeko.

Dirulaguntzen gainean ere sortu da polemika. Batzuek argudiatu dute dirulaguntza horiek ez direla legitimoak edota biktimen helburua diru hori lortzea dela, eta etengabe luzatu daitezkeela. Argitu dezagun, beraz, zeintzuk diren bete behar diren ezaugarriak eta iraupena. Ikusi berri dugun moduan, biktima izaera akreditatzeaz gain, biktimek ezaugarri batzuk bete beharko dituzte dirulaguntza horiek eskatzeko (40.art). Lau modalitate egongo dira: «(1) biktimek soldata minimoa baino errenta handiagoak ez dituztenean [...] langabeziako sei hilabeteko laguntzaren baliokidea den laguntza ekonomikoa jasoko dute. [...] (2) Ekonomikoki familia-unitatearen mendekoak diren biktimek, familia-unitateak gutxieneko soldataren bikoitza den errentarik ez badu (aurreko kasuko biktimen laguntza bera jasoko dute). [...] (3) Biktimak %33 edo gehiagoko desgaitasuna aitortua badu, langabezia laguntzaren hamabi hilabeteren baliokidea jasoko du. [...] (4) Biktimak bere ardurapeko pertsonak baditu [...] hemezortzi hilabeteko langabezia laguntzaren baliokidea jasoko du, 24 bere ardurapean dagoen bizikideren batek %33 edo gehiagoko aitortutako desgaitasunik badu».

Legeak jorratzen duen beste puntu garrantzitsu bat biktimek jasotzen duten tratuaren gainekoa da. Poliziaren jardunari buruz, (42.3.art) «sexu-indarkerien biktimek generoari eta sexu-indarkeriari buruzko berariazko prestakuntza duten langileek arreta jasotzeko eskubidea izango dute [...] (biktimak berriz biktimizatzea edo interbentzioak errepikatzea saihesteko)». Are gehiago, biktimekin zuzenean lan egiten duten profesionalek genero eta sexu-indarkerien gaineko formakuntza jarraitua, etengabekoa eta derrigorrezkoa jasoko dute. Eremu judizialean ere (48.art) formakuntza sustatuko eta indartu egingo da, sexu-indarkerien biktimak behar bezala informatzeko: salaketa jartzeari buruz, prozesu penalari buruz, kalte-ordaina jasotzeko eskubideari buruz eta doako lege-laguntza jasotzeari buruz.

Bestalde, legeak oso interesgarria den beste esparru bat jorratzen du, erreparazio eskubidea. (51.art) «Sexu-indarkerien biktimek erreparazio eskubidea dute, hau da, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dute, [...] bai eta sendatze fisiko, psikiko eta sozialerako beharrezko neurriak, erreparazio sinbolikorako ekintzak eta ez errepikatzeko bermeak jasotzeko eskubidea ere». Erreparaziorako eskubide horrek berekin dakar (53.art) «heriotza-kasuetan (sexu-feminizidioetan) [...] biktimen seme-alabek pentsio bat edo umezurtz-pentsioa» jaso ahal izango dutela. Dirulaguntza hau jaso ahal izateko ere zeharkako biktimek ezaugarri batzuk bete beharko dituzte: amaren hilketa emakumeen kontrako indarkeriak eragin izana, seme-alabak umezurtz egoeran egotea (umezurtz pentsiorik izan gabe), eta bizi diren familia-unitateko diru-sarrerak urteko soldata minimoaren %75ekoa baino altuagoa ez izatea. Biktimak berreskuratzeko neurriekin batera, haien babeserako neurriak eta zigortutako pertsonentzako programak ere sustatuko dira.

Gainera, administrazio publikoek omenaldiak eta zabalkunde-ekintzak sustatuko dituzte, sexu-indarkerien aurkako konpromiso kolektiboa eta biktimekiko errespetua erakusteko. Legea modu eraginkorrean aplikatzeko (58.art) modu koordinatu, integral eta globalean aplikatuko da; osasun, hezkuntza, justizia, polizia eta instituzio sozialen artean. Legea indarrean sartu eta urtebetera, lau urteko estrategia estatal bat osatuko da ebaluazio eta jarraipena egiteko administrazio publikoen, emakumeen erakundeen, sexu-indarkerien biktimen eta sexu-indarkerien eremuko profesionalen eskutik. Edonola, askoz gehiago hitz egin genezake lege honen gainean, izan ere oso zabala da egiturazko arazo bati erantzun holistikoa ematen diolako. Beste hamalau legeetako 77 artikulu aldatzea ekarriko du (horietatik 21 Zigor Kodekoak direlarik). Uste dut oro har legeak hutsuneak badituela, baina aldi berean baita aurrera egiteko oinarri ona dela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.