Angel Erro.
JIRA

Auzotarrak

2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hiriko erdigunean gaude. Lagunak gogora ekartzen du, taberna eta jatetxeen ondoan pasatzean, zer zegoen lehenago haien tokian. Desagertutako denden zerrenda tristeak eteten digu solasa eta, berehala, gaia aldarazten. Ez ginateke hiri honetako erdigune honetan biziko. Dekoratu hutsa bilakatu dira hirietako alde zaharrak. Beharbada Europa osoa. Salbazioa aldirietan da. Nola moldatuko dira auzo honetan oraindik bizi diren auzotarrak? Egonen da baten bat? Non eginen dituzte erosketak? Nora eramanen dituzte zapatak, zola aldatu edo takoia apurtzean? Non erosiko dituzte neurri egokiko torlojuak? Zer plazatara joanen dira, eta norekin hitz eginen?

Bat-batean gelditu egin da laguna. Taberna hau, taberna hau... Zalantza egin du berak gaztetan ezagututakoa den, eusten dion bat, edo gustu onez zaharberritu duten, ahalik eta aire jatorrena eman nahian. Nik bigarren aukeraren alde egiten dut. Pentsatzen hasi naiz (ni berez naizen turista esporadikoa pentsatzen hasi da) ez ote den horixe moda berria izanen. Nago, turismoaren kalteen jakitun den bidaiariaren kontzientzia txarra baretu nahian, horrelako jatorguneak, betiko dendetako erakusleiho faltsuak, soldatapeko auzotar zaharrak ugaritzen hasiko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.