«Ulermena da gakoa»

Teknologiak eta sare sozialek irauli egin dute komunikazioaren mundua. Aldaketa horiek erlazioetan nola eragin duten ikertu du Ianire Estebanezek.

A. Garcia Uribarri
2015eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Askotan obsesio bihurtu da beste pertsona konektatuta dagoen jakitea». Hala dio Ianire Estebanez psikologoak (Santurtzi, Bizkaia, 1979). Urteak daramatza gazteekin lanean, bikote erlazio «osasuntsuagoak» izan ditzaten. Teknologia berriek eta sare sozialek erabat aldatu dituzte harremanak. Hori dela eta, hainbat ikerketa egin ditu.

Teknologia berriak eta kontrola. Bikote harremanetan arazo ugari sor ditzakete. Estebanezen arabera, kontrajarritzat jo daitezkeen bi arazo daude. Batetik, informazio falta: mezu bat jasotzen duenak, emotikono asko baditu ere, ez du testuan dagoena baino informazio gehiago; mezua bidaltzen duenak ere ez daki nola dagoen hartzailea: nekatuta dagoen edo zebra bidea gurutzatzen ari den. «Ulermena giltzarri da bikote harremanetan».

Bestetik, sarean informazio mordoa dago eskura. Batek jakin dezake bikotekideak zer esan dion norbaiti sare sozialetan, baita lagun gisa nor duen ere. Bikotekidearen iruzkinak kontrolatzeko beharra gero eta ohikoagoa dela uste du Estebanezek. «Sareak ematen du aukera lehen pribatuak ziren hainbat komunikazioren berri jakiteko. Lehen ezinezkoa zen».

Kontrolak gora egin badu ere, Estebanezen ustez, hori ez da gazteak kontrolatzaileagoak direlako, baliabide gehiago dituztelako baizik. «Lehen, norbaitekin hitz egiteko, deitu edo geratu egin behar genuen; nolabaiteko baimena eskatu behar genuen. Orain, uste dugu pertsona bat konektatua badago libre dagoela». Hori kudeatzen jakitea oso garrantzitsua da erlazioak era osasuntsuan garatzeko. Hitz egiteko uneak markatzeaz gain, arazo handiak sortzen ditu bakoitza azken aldiz noiz konektatu den jakiteak. Bikotekideak zer egin duen kontrola daiteke.

Gazte eta nerabeekin teknologia berriak hobeto erabiltzeko tailerrak egiten ditu Estebanezek. Arazoetako bat da gazteak ez direla konturatzen Interneten jartzen dutena edonork ikus dezakeela. «Sinetsi dugu sare sozialak erlazioetarako direla, baina komunikabideak dira. Informazioa zabaltzeko aukera asko dute». Horregatik, uste du garrantzitsua dela sare sozialen hedapenaz kontzientzia hartzea. «Adibide hau jartzen diet: zer egingo zenuke orain agertoki batean egongo bazina 20.000 pertsonaren aurrean? Sare sozialetan berdin gertatzen da, baina norberak ez du publikoa ikusten».

Idazten dena edonork irakurtzeko aukera izateaz gain, kontuan hartu behar da idatzitakoa sarean geldituko dela. «Jendea harremanak sarean bizitzen ari da. Nerabe askok sare sozialak erabiltzen dituzte sentimenduak adierazteko». Estebanezek ohartarazi du une jakin batean idatzitako mezuek, testuingururik gabe, hainbat arazo sor ditzaketela.

Horri aurre egiteko, Estebanezek gomendatu du «konexiorik gabeko uneak hartzea». Hau da, telefonoa edo sare sozialak erabili behar ez diren uneak gordetzea. Horrekin batera, gogoeta egitea ere aholkatu du. «Obsesionatuta gaudela ikusten dugunean gelditu behar dugu, eta hori zergatik gertatzen ari den pentsatu». Teknologia berriak baliabide garrantzitsuak dira. Baina ezin dira ezinbestekoak bilakatu. «Aho biko ezpata da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.