lander garro

23 isun bizitzak salbatzeko (?)

2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«Sartu ginena baino indar handiagoz aterako gara», esan zuten. Normala zen animo pixka bat, geure bizitzan lehen aldiz etxetik irteteko debekua ezarria ziguten. Orain esanda ez dirudi han larria, baina duela urte eta erdi, oso-oso larria zirudien. Horregatik ematen ziguten adorea gure agintariek telebistan ateratzen ziren aldiro. Gure hobe beharrez ari ziren, «bizitzak salbatzeko xedez». Ez da urtero agertzen COVID-19a bezalako birusik.

Harrigarria egiten zitzaigun (edo agian ez horrenbeste), birusaren kontrako borrokaren lehen lerroa debekua izatea, eta bigarren lerroa jendeari isunak jartzea. Pittin bat neurrigabea ematen zuen: «Etxetik irten naiz txakurra ateratzera, eta 500 metro baino gehiago urruntzeagatik patruila batek gerarazi nau: 600 euro». Eguneroko kontua zen. Ez ziren edonolako isunak, gainera: 600, 1000... 60 mila arte! Baina ez zen gutxiagorako, jokoan zegoena sakratuena delako: bizitza. Ongi pentsatu: ezerk ezingo luke bizitzaren aldeko borroka altruista garaitu. Eta horretarako isunak beharrezkoak badira, bego. Ez ahantzi gudu bat dela, Vietnamekoa izan zen bezalakoa, edo okerragoa!

Musukoa kokotsean eramateagatik jarri zioten isuna nire lagun bati. Kaletik zihoan, bakarrik, goizeko ordu batak aldera. Tolosan. Patruila bat geratu da: «Musukoa?». Musukoa jartzeko keinua egin du lagunak. «Geldi hor», esan dio poliziak (gerra bat da, ez ahaztu), eta isunarekin joan da etxera. Seguru zuetako askok izango dituzuela halako pasadizoak. Hasiera batean bizitzak salbatzeko pentsatu zena, izan ere, beste helburu batzuen zerbitzura jarri zen araua atera orduko. Beti gertatzen da erregimen autoritarioetan: asmo «handi» batekin egiten da arau zigortzaile bat, baina egin orduko araua bera da asmoa, eta asmo «handia», jatorrizkoa (bizitzak salbatzea, kasu honetan), ahaztu eta baztertu egiten da.

Pasa den astean jakin genuen epaitegiek bertan behera utzi dutela etxean geratzeko agindua, legearen kontrakoa zelakoan eta, ondorioz, haren izenean jarritako isunak ere bidegabeak zirela. Zain ginen ea zer esango zuen Jaurlaritzak, epe horretan 23 mila salaketa jarriak baitzeuzkaten herritarren kontra. 23.000, bai, ongi irakurri duzu. Pentsa zer den «bizitzaren aldeko enpeinua», denon defentsarako indar koertzitiboa, tema, burugogorkeria. Ze, behin hasita, ez da edonolakoa egindako ahalegina, ez horixe: 23 mila! Gazteak, langabeak, pentsiodunak: denok zigortuta! Horrexegatik, seguru ginen jaurlaritzarentzat albiste ona izango zela albistea, azken batean, jendeari mugak jartzeko eginkizuna, hots, birusaren hedatzea galarazteko politika, eginda baitzegoen, eta gainera, bidegabeki kendutako itzultzeko aukera egongo zen! Ez al da ariketa biribila? Antza denez, ez.

Harrigarria gertatzen da Erkoreka barne sailburu jauna entzutea, albistea zorigaitzekoa dela esanez, jaurlaritzak ezingo duelako isunen bidez bildu behar zuena bildu. Areago, kexu da errekaudatutako parte bat itzuli «egin beharko» delako. Jendeari bidegabeki kendutakoa itzultzea, beraz, zoritxarreko albiste bat da, jende horren izenean lan egiten duen agintariarentzat!

Demokrazian gobernu bat jendearen ordezkaritza formal bat dela ikasi genuen gaztetan. Ezinezkoa da 2 milioik euren burua denek batera gobernatu ahal izatea. Horregatik egiten dira hauteskundeak, teorian. Erkoreka hizketan entzuten duzunean, ordea, ezinbestean galdetzen diozu zeure buruari: Noren izenean ari dira lanean?, Noren ordezkariak dira? Zuk zeuk ordezkatzen duzun jende horri legez kontra eta bidegabeki kendutakoa itzultzea albiste txarra bada, zer litzateke albiste ona?

Pena ematen du botere politikoa zer bilakatu den ikustea, entzutea eta sentitzea. Pairatzea, hitz batean. Erkorekak berak esan zuen isunak kobratu ahal izateko jendea kontratatu «behar» izan zutela, nahikoa langile ez zeukatelako horretarako. Osasungintzan (bizitzak!) kontratatu ez zena, isunak kobratzeko kontratatu zen. Bizitzak salbatzeko ez zegoen dirurik, baina bizitzaren izenean isunak jartzeko bai!

Hau bada demokrazia ordezkatzaile bat, demokrazia hitza berrikusi beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.