Tere Maldonado.

«Gorputza jartzea»

2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Kontraesankorrak gara, onar dezagun. Ez da beharrezkoa konplexutasunaren komodinarekin mozorrotzea. Gauza bat eta kontrakoa esaten dugu. Horixe da gerta daitekeena hausnarketa sakonagoa behar duten gaiak eslogan batean jaso nahi direnean.

1971. urtean Bostongo feminista talde batek Our Bodies, Ourselves (Gure gorputzak, gu geu) izeneko liburu ospetsua argitaratu zuen. Emakumeen osasunari eta sexualitateari buruzko gaiak ikuspegi feministatik planteatzen zituen. Ameriketako Estatu Batuetan jatorria izateak mundu osoan zehar asko zabaltzea eragin zuen, inperialismo kulturalaren ondorioz. Wikipediaren arabera, 29 hizkuntzatara itzuli zen. Feminismoarentzat erreferentzia izan da mundu osoko leku askotan urteetan zehar. Liburu aitzindaria izan zen emakumeen plazer sexuala aldarrikatzen eta ospatzen, zahartzeari, jaiotza-tasaren kontrolari eta genero-identitateari helduz.

Hala ere, gutako batzuek pentsatu dute, antza, logozentrismoaren kontrako salaketak (ezinbestekotzat jotzen dutelarik), derrigorrez ekartzen duela gehiegikeria hiperrazionalistak leporatzea geure buruari. Ustez gehiegikeria hiperrazionalistok gorputz (eta ez bakarrik gogamen) garela ahantzaraziko ziguten. Gorputz bat garela edo badugula, hori ez dago argi (ez gaitezen argitzen saiatu, nahiz eta ez den gauza bera «gorputza naiz» eta «gorputza daukat» esatea, berdin dio orain; egia esan, nahiko desberdina da, baina tira). Hortik aurrera, gorputza han edo hemen jartzearen deia biraka hasi zen. Eta axola duena da «gorputza jartzea» esamoldea erabiltzea, non jarri behar den eta zergatik ez badakigu ere. Aurresuposatzen edo gainulertzen da gorputza ez-dakit-non jartzean oso konkretuak eta materialak garela (ez dakit bide batez materialistak ere izango garen) eta ez abstraktu edo teorikoak. Asko inplikatzen garela. Arduratsuak garela. Erantzukizunez jokatzen dugula. Gauza horiekin guztiekin parekatu da «gorputza jartzeko» deia. Nik, aitortzen dizuet, ez dut ondo ulertzen zergatik.

Kontraesankorrak gara, diot. Feminismoak gorputza nolabait ahaztu duela salatzen dugun bezala (azpimarratu nahi dut berriro horrek ez diola errealitateari erantzuten: gorputza presente egon baita analisi feministetan aspaldidanik), beste askotan ere esaten dugu patriarkatuak emakumeak gorputz huts bihurtzen dituela (publizitate sexistarako, gizonezkoen plazer heterosexualerako, enbrioiak eta umekiak sortzeko, bide naturaletik zein artifizialetik). Feministok salatu dugu patriarkatuak edo, hobeto esanda, patriarkatuan, gizonek askotan gorputz hutsak bagina bezala tratatzen gaituztela. Hau da, antzinako greziarrek psiké (arima, izpiritua, gogamena) deitzen zutena ez bagenu/ez bagina bezala. Gorputz soiltzat hartzea gu gauza bihurtzea zen, objektualizatzea, hau da, gauzak —eta ez pertsonak— bagina bezala tratatzea. Onartezina erabat.

Gorputzaren aldarrikapen obsesibo eta harrigarriaren ondorioz, testu feminista batzuk gorputz bizidunen gauaren bertsio berri bihurtzen dira kasik. Gorputzek ezkutatu egiten dituzte gorputzak dituzten pertsonak. Izan ere, pertsonok, gizakiok, gorputzak gara edo gorputza dugu, bai, baina ez gara horretara mugatzen. Psiké ere bagara, edo badugu: arima, adimena, x dei iezaiozu. Gorputza jartzeko hainbeste gonbidapen egin beharrean, ez litzaiguke txarto etorriko gauza batzuei gogamen pixka bat jartzea. Edo bestela esanda: burua jartzea, gorputzaren atal bat besterik ez baita, azken finean.

Edo... agian ez gara hain kontraesankorrak, agian anitzak eta pluralak besterik ez gara. Feminismo asko daudela aldarrikatzen dugu etengabe. Agian badago feminismo bat arrazoia erreibindikatu nahi duena. Ez ustezko arrazoi patriarkala (edo burgesa, edo zuria, edo mendebaldarra); arrazoia, eta gizatasuna. Giza eskubideak eta ez bakarrik identitate jakin honen edo haren eskubideak. Ez modu zehatz batean gizatiarrak direnentzako eskubide mugatuak. Ez bakarrik marraren alde honetan jaio edo jarri direnentzat eskubideak. Agian logozentrismo, etnozentrismo eta gisakoen kontrako salaketek jada bete dute beren zeregin historikoa. Humanismoak alde guztietatik erasoak jaso dituen une honetan (gizakiaren eta gainerako animalien arteko jarraitutasuna azpimarratzen duen animalismotik; gizateriaren banaketa kultura ustez bateraezinetan nabarmentzen duen multikulturalismotik; giza arrazoimenaren zatiketak iragartzen duen postmodernitatetik; gure adimena ordenagailu batekin parekatzen duen transhumanismotik...) agian bada garaia feminismoa humanismo bat dela aldarrikatzeko. Eza badugu, eta aurrera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.