Euskararen matematika

2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Tarteka —lotsa ematen digulako edo—, gure hizkuntzak bizi duen iluntasun beltza ekartzen dugu argitara. Harritzekoa, nola bermatu eta indartu dakitenak hainbeste izanik, nola ez dugun behin betiko arazoa konpontzen. Hemen bada zerbait zuzen ez dagoena, edo ez dakigu ustez dakiguna, edo bazterrak nahasten ari gara.

Dena dela, eta ahal dugun denbora eta neurrian, egurra —teoriko-politikoa noski—eman beharrean gaude. Ez baitira, huts hutsa, Maria Txibitek zuzentzen duen gobernuaren edo beste hainbat udalen aurkako jarrerak, gure hizkuntzari egiten zaizkion erasoak.

Orain, nahiko sutan gaudela dirudi, baina badakit nire ikuspuntua irakurri orduko, handik eta hemendik baikor zerbait landu beharrean, nik esandakoari oker begiratu eta aurre egiten lan gehiago ikusiko ditugula. Pena, bai, baina beste zerbait behar dugu. Hego Euskal Herriko instituzioen ahuldadean, ezinean, baitugu arazo nagusia.

Euskara indartzeko ardura dutenak, orain, baita lehen ere—eta hamarkada luzeak doaz— nahiz eta sugegorri balira harrotu hau irakurtzean, historiak dio instituzioetatik bertatik bultzaturiko euskalgintzako ekimenak sostengu gehiago aurkitu dutela —beti— ezker abertzalean, instituzio horien kudeaketaren lidergoa duten alderdietan baino. Ukaezina da, baina aldatu beharra dago, hau ez baita bidea.

Estatuek betidanik erabiltzen dute bere hizkuntza tresna bezala. Horrela inposatzen dute eskolak, hezkuntzak eta bere inguruak; beraz, tresna gisa, hizkuntza, menderatze sistema guztien eraikuntzarako behar beharrezkoa dute. Hori horrela izanik, ondoko helburua argia da; desberdinak ahulduz desagertzea, nahiz bizitzen ditugun demokrazia modernoak beti uka. Laburbilduz; hizkuntza beti izan da eta izango da koloniaren zutabe.

Arlo honetan, Moncloa berreskuratu dutenek, batez ere hizkuntzarekin —harreman zuzena dutenen artean— urrats berriak egiteko gogoz sartu zirela zioten. Dena dela, esandakoak ez dira hain berriak, badituzte aurrekariak.

Agian norbaitzuk ez dute pozez hartuko, baina gaur hizkuntzarekiko mahai gainean dauden erabakiak eta bihar lege izango direnak ikusiz, espainiarrentzat hain miresgarriak diren Isabel eta Fernando, «erregeerregina katolikoak», Espainiako Estatuko demokraziaren gobernu guztien aitzindari eta maisu bilakatzen ari dira.

«Errege-erregina katolikoak» Euskal Herria eta Galizia konkistatu zituzten garaian erabilitako metodologia berbera dute eredu gaur ere. Orduan —gaur bezala— herri bat konkistatzen zutenean, lehen begirada zen ea konkistatzailearen hizkuntza berdinekoak ziren ala ez.

«Errege-erregina katolikoak» egindakoaren arabera, desberdina zenean, hauek ziren hartu beharreko neurri batzuk: disidenteak desterratu eta espetxeratu. Pilaka kanpora bidali, eta alderantziz, etorkin jende ahalik eta gehien eraman bertara bizitzera. Hau da, inbaditu, kolonizatu.

Hau da, besteak beste, «errege-erreginakatolikoak» Euskal Herrian eta Galizian erabilitako metodologia, indarrez konkistatutako lurraldeak kolonizatzeko.

Poliki-poliki, lerro hauetan agertzen ari direnak baino hurbilagoko denborak, ezagutzak eta esperientziak ere sumatzen dira. Ez baitaude hain urrun Franco diktadorearen mende bizi eta ezagututakoak.

Galiziar txiki bezain gaiztoak, ongi ezagutzen zituen bera jaiotako lurraldean Isabel eta Fernando famatuak egindako sarraskiak. Beraz, ez da batere harritzekoa, helburu berberak izanik, berak Euskal Herrian eta Galizian gauza bera egin izana. Beranduago eta galiziar maisua omenduz, Afrikako iparraldean, Hasan II.ak Saharan indarrez inposatutako kolonizazio berbera.

Ulertzen dut ez dela gozoa horrelako historia mahaigaineratzea, baina egia ez da beti gozoa izaten.

Ikusi al duzue Frantzisko aita santuak Quebecen erakutsi duen aurpegi iluna?

Ez du ezertarako balio egiari bizkar emateak. Aspaldidanik dakigu indarrez eraikitako estatuak, berez sortzen duten disidentziari, separatista edota terrorista deitzen duten tendentzia oso hedatua dagoela. Ez da berria, garai bateko Sobietar Batasunean, Ukrainarekin hasi eta beste hainbat errepublika indar zentralisten eragina jasaten ari dira. Zenbat urte dira ba Sizilia berezitu zutenetik? Frantzian, Espainian, Ipar Irlandan, Belgikan, Kanadan eta beste lurralde gehiagotan, gatazka sozialek, dimentsio etnikoa dute. Hainbat probintzia eta autonomia nazio agertzen dira, eta neurri batean edo bestean, estatu nazional bat bereganatu nahi dute.

Beraz ez dago luze begiratu beharrik, gaur egungo mugak menperatzaile diren klaseen interesei dagozkiela eta ez herrikoi diren nahiei. Horregatik, potentzia handiek harrokeriaz aldarrikatzen duten batasun horrek, etnien, nazio eta herri txikiagoaren zapalkuntza adierazten du. Eta nola ez, honek begi bistan edo gordeta dakarren bortxa errepresiboaren erabilera.

Beraz, ez da harritzekoa egindako kalteak gorde nahi izatea. Horregatik behartzen gaituzte horrelakoak entzutera: «Sentiberatasun asko ditun gizarte berria eraiki beharrean gaude, berdintasunean bizitzen ikasi beharra dago».

Ezagutzen al duzue planeta honetan, beste lurralderik, bertakoak diren herritarrei, beraien hizkuntza ez jakiteko eskubidea bermatzen dienik?

Beraz, berdintasun nahiko berezia saldu nahi digute. Beste zerbait agertu ezean —eta ez dut espero—, hori inposaketaren beste aurpegia besterik ez da, beste bat.

Euskaldun espainiarrak beraien sistema politikoa eredugarria balitz bezala defendatzen dute, baina egia oso bestelakoa da. Espainiako Estatuko Autonomiak, indarrezko konkista eta kolonizazioa ezkutatzen duten zatiketa abstraktua besterik ez dira. Edo ez?

Aspaldian ez dugu bolbora usainik sumatzen, baina Franco eta Molaren matematikak, espainiar demokraziaren sustrai odoltsuek bizirik diraute, baita hemen ere.Nola ez bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.