Filosofia eta nerabezaroa

Itsaso Azkarraga
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Filosofiak zertarako balio duen galdetzea gizakiak zertarako balio duen galdetzea bezala da. Filosofia berezkoa dugu, gure gizatasunetik bereizi ezin dena, horregatik filosofia norberarekin hasten den jarduera da. Izan ere, txiki-txikitatik hasten gara harridurak eta jakin-minak bultzatuta filosofian murgiltzen. Baina badago adin egokiagorik filosofian aritzeko? Edota, badago adin bat filosofiak ez daukana lekurik? Epikurok zioen bezala, gaztea izan arren inork ez dezala filosofatzeko zalantzarik izan eta zaharra izan arren inor ez dadila filosofatzeaz neka, norberaren arimaren osasuna lortzeko inor ez baita gazteegia edo zaharregia. Ildo horri jarraituz, gure bizitzaren garai guztietan filosofia presente dago, akaso formulazio ezberdinekin edota galdera eraldatuekin.

Esan bezala, filosofiak gure egunerokotasuna bustitzen du bizitza osoan zehar, horregatik, funtsezkoa da horri tokia egitea. Badirudi gure gizartean onartuagoa dagoela leku hori ematea adoleszentzian. Zoritxarrez, gaur egun nerabe eta gazte gehienek filosofiarekin daukaten harreman bakarra eskolan ematen da, eta ez da kasualitatea batez ere filosofia ikasgaia etapa horretan kokatzea. Hala ere, azken hezkuntza dekretuarekin ikusi dugu eskaintza hori ere murrizten ari dela. Filosofia zokoratzen ari dira, bere baliagarritasuna zalantzan jartzen ari dira behin eta berriro, Hezkuntza Sistemak uzten zion zirrikitu bakarra desagerrarazten ari direlarik. Hori horrela izanik, eta beste adinak gutxiesteko inolako asmorik gabe, filosofiaren eta nerabeen arteko harremanari erreparatzea beharrezkoa dela iruditzen zait.

Izaerari dagokionez, filosofiak nerabezaroaren ezaugarri nagusi batzuekin bat egiten du. Filosofia errebeldea da, autoritatea zalantzan jartzen du eta horrekiko erresistentzia eta erronka ekartzen du behin eta berriro. Filosofiak independentzia bilatzen du, hau da, ez da inoren zerbitzupean egongo, ez da inoren morroia izango. Filosofia bilatzaile sutsua eta halabeharrezkoa da, galdera-andanak pizten duen etengabeko bilaketa-prozesu batean murgilduta dago; batzuetan erantzunak egia sendoak balira bezala aurkezten zaizkigu, bestetan ihes egiten digutela dirudi.

Bestetik, edukiei dagokienez, filosofiak nerabezaroaren auzi garrantzitsuenak partekatzen ditu. Filosofiak bere burua definitzeko beharra dauka, nor den eta zein den bere eginkizuna. Zeregin horretan funtsezkoa da ingurua zein den zehaztea, nitasun horretatik kanpo dagoen guztia ezagutzen saiatzea eta bertan kokatzen ahalegintzea. Horretaz gain, filosofiak balioei garrantzi handia ematen die, ez du onartzen filtrorik gabe kanpotik datozenak, baizik eta balio propioak sortzeko beharra dauka; horra hor moraletik etikarako bidea.

Hortaz, filosofia nerabetasunaren berezko ezaugarri anitzekin lotzen da, eta prozesu eraikitzaile horretan oso lagungarria izan daiteke. Nerabearen egunerokotasuna oso bizia da, bere identitatea eraikitzen ari den horretan gizartearekiko eta kanpoko errealitatearekiko harremana ere asmatu beharrean dago. Oreka pertsonala topatze horretan filosofiaren papera argia da: dinamismoa indartu, izpiritu sortzailea babestu, emozioak kudeatu, heltze-prozesuari lagundu, jolasari eutsi, bestearekiko errespetuaren beharra konprenitu... Nerabeak, besteok bezala, filosofia arnasten du bere adinari, prozesuari eta testuinguruari dagozkion kontzeptuekin lotua: maitasuna, laguntasuna, justizia, egia, errespetua, heriotza, askatasuna, boterea, utopia... Hari horietatik tiratu, eta ideiei forma ematen hastea da helburua, argudio sendoak bilatu eta besteen arrazoiak kontuan izan, pentsamendua ordenatu eta burutapen-nahaspila horretan argi apur bat jarri ahal izateko. Modu teoriko batean landu dena praktikara eramatea errezagoa da, eta jokabideetan eta erabakietan aplika daitezke hausnartutako auziak, ideiak, dilemak, kontzeptuak...

Filosofiak norbera hobeto bizitzeko baliabideak ematen ditu, eta, halaber, gizarte hobeago eta bihozberago bat sortzeko konpromisoa daukanez, hura eratuko duen belaunaldia prestatzea eta formatzea jomugatzat hartzen du. Nerabeak bigarren mailako sozializazio prozesu horretan daude, eta bizitza soziala, politikoa eta ekonomikoa ulertzeko gakoak ematen dizkie filosofiak, baita alternatibak bilatzeko baliabideak ere. Izan ere, pentsamendu kritikoa eta analitikoa lantzeaz arduratzen da. «Lehenengo egin eta gero hausnartu» bizi garen gizarte honetan (horra hor, besteak beste, teknologia berriak edota adimen artifiziala) aurretiko gogoeta egitea premiazkoa da, eta, garrantzitsuena, gazteak ohartzea etorkizunaren protagonistak badirela eta aldaketaren motorrak izan daitezkeela.

Nerabeek oraindik latente daukaten jakinduriarekiko maitasuna eta potentzialtasun indibidual eta kolektiboa zaintzea, babestea eta bultzatzea gizartearen ardura izan behar da, baita garai horretan bizi izaten dituzten aldaketa anitz ulertzea eta laguntzea. Filosofia, inolako zalantzarik gabe, hori lortzeko modu samurra, trebea eta gustagarria da. Gure esku dagoenez, ez dezagun utz filosofia nerabeengandik urruntzen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.