JIRA

Nahastuta nago

Angel Erro -

2018ko irailak 7
Nahastuta nago. Ez atzera ez aurrerako aurpegiaz irudikatu dut neure burua, Iruñeko zinegotzi (emakumezko) batek alkatea (gizonezkoa) matxistatzat jo duela eta, zer pentsa ez dakidala. Joseba Asironek ukatu du Maite Esporrinen akusazioa (edo pertzepzioa). Berez, alkatea sinesteko bulkada sentitu dut, honek idatzi erantzuna leitu dudanean. Baina, horregatik seguruenik, nahastuta nago, ez atzera ez aurrera. Nire filia eta fobia politikoek, edo nire gizon kondizioak, hara eraman ote nauten zalantzan. Orain denbora batetik hona erakutsi digute hau bezalako egoeretan sinesgarritasunaren balantza emakumearen aldera makurtu behar dela, besterik ezean.

Akusazioa, egia da, ez da larriegia. Begirune handiagoz tratatzen omen du alkateak Maya jauna Esporrin andrea baino. Oharkabean gerta daitezke horrelakoak. Niri gertatu zait. Ohartarazi zidatenean (kasu zehatz batean) ez atzera ez aurrerako aurpegiz begiratu nion solaskideari, ukatzera ausartu gabe. Joko arauak orain hauek dira.

Beste kontu bat da, nire ustez, karta honi erabilera politikoa eman, filia eta fobiekin nahasi nahi izatea, pertzepzioa ez beste froga sendorik gabe. Hortik nekez atera daitekeelako borroka feminista irabazian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna