Fermin Monasterio taxilariaren hilketa dela eta

Paulo Iztueta Armendariz
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Fermin Monasterio taxilariaren hilketa zela eta,50. urteurrena betetzean, Eusko Jaurlaritzak, Urkullu lehendakari jauna buru zela, omenaldi bat eskaini zion Bilboko Kasilda parkean. Hurrengo egunean Noticias de Gipuzkoa egunkariak (2019-04-10) Fermin eta Mikelen arteangertatutakoaren berri honela eman zuen: «El 9 de abril de 1969, Echeverria huía tras ser herido en un enfrentamiento con la Policía en el Casco Viejo. Montó en el taxi de Monasterio y le pidió que le llevara hasta Burgos. Tras resistirse al ver las heridas del miembro de ETA, este lo asesinó de cuatro disparos, lo sacó del vehículo y dejó su cuerpo mientras huía al volante».

Mikel Etxeberria Iztueta ETAkidea 2017ko ekainaren 10ean zendu zen, baina ez zen joan bere lekukotza eman gabe. Bere senitartekoa naizenez eta bere lekukotza zuzena jaso izan dudanez, hitz publikoa hartu beharrean aurkitu naiz, gertatutakoaren inguruan bertsio ofizialak dakarrena eta berak niri behin baino gehiagotan kontatu zidana bat ez datozelako. Nik hala eskaturik, berreginak gara Artekaletik Arrigorriagarako ibilbidea, non zer gertatu zen azalduz. Fermin Monasterioren hiltzearen ingurukoak honela gertatu ziren.

Mogrovejo-n asteburu bat eginda, 1969ko apirilaren 9an Abrisketa, Onaindia, Arana eta Etxeberria ETAkideak, bidean Solares-en bazkaldu eta, Bilbora itzuli ziren. Artekale kaleko 54. zenbakiko etxebizitza poliziak zaindua egon zitekeelapentsatuz, zuhurtziazko neurriak hartu zituzten. Inguruan eta ezkaratzean ezer susmagarririk ez ohartzean, hirugarren solairura igo ziren eta han, txirrina jo eta atea irekitzearekin batera, zain zeuden poliziek barrutik tiroka erantzun zuten. Bittor Arana ate-sarreran bertan tirokatu zuten. Mikel eskailera-buruan azkenekoa zen eta, bizkarrean zeraman motxila bertan behera utziz, eskaileretan behera saltoka jaitsi zen tiro-hots artean. Kalera atera zen eta inguruan ez zuen inor ikusi. Ziztada bizia sentitzen baitzuen gorputzean, korrika zeharkatu zituen bi kale eta eliza-ondoan irekita zegoen ezkaratz batean sartu zen. Han ikusi zuen bi tiro-zulo zeuzkala zeharkaturik alderik alde, bata besondoan eta bestea saihetsean, eta odola borborka zeriola, batez ere besondotik.

Hasieratik bertatik zekien nora joan eta zer egin. Erribera kalera joan eta Arriaga inguruan taxia hartu eta Basaurira eramateko esan zion. Atxuritik Basaurirako bidean aldapan gora hizketan joan ziren, oso mantso, sekulako trafikoa omen zegoelako. Eta bera atzean ezkerreko beso zauritua atearen kontra jarrita, minari ezin eutsiz. Hiriburutik urrundu eta Basaurira iristean, nora joan nahi zuen galdetu zion taxilariak eta berak San Migelen uzteko. Hara iristean esan zion, ez lehenago, zauritua zegoela, odola galtzen ari zela eta zauria lotu eta berak esandako lekura eramateko. Eta horrela hizketan metro batzuk egin zituzten eta autoa ondo aparkatzeko lekua ikusi zuenean errepidearen ezkerraldean, bertan gelditu eta galdezka hasi zitzaion, ea zauria nola sendatu behar zion, eta horrela, desairez. Eta segidan, autoa odolez zikinduta ikusi zuenean, ea nola garbitu behar zuen. Mikelek erantzun zion bazuela dirua eta behar zuena emango ziola. Orduan esan zion ezetz, ez ziola lagunduko. Laguntzeko borondaterik ez zuela ikusi zuenean aditzera eman zion ETAkoa zela eta armatua zegoela. Txantxetan ez zebilela aditzera emateko, zeraman arma, pistola, atera zuen. Une horretan atea kolpean ireki eta kanpora atera zen taxilaria. Mikel ere bai, minez eta atea nolabait irekiz. Eta erabat ahulduta. Kanpoan eztabaidan ari zirela taxilariak galdetu zion ea zerekin lotu behar zion zauria. Atera zuen sudur-zapia, bi zituen eta bat eman zion. Une hartan zauritua oso zurbil ikusi bide zuen, lurrera jausteko zorian, eta mugimendu bat, aurrerapauso bat, egin zuen bere aldera, zer gertatzen ote zitzaion ikusteko edo. Gainera zetorkiola antzemanik, bere herioan, kargaturik zeraman pistolaz hiru tiro eman zizkion. Han lurrean utzita, hil zen ala ez jakin gabe, aurreko atea irekita zeukan autoan sartu eta errepide nazionalean aurrera egin zuen. Sudur-zapia ere han lurrean geratu zen.

Hilketa hori zehazki San Migel auzotik Arrigorriagara doan 386 errepide nazionalean goazela, aldapatxoaren kasko-kaskoan, ezkerraldeko gune batean. Arrazoiak? Mikelek esatera, bi: laguntza ukatu ziola eta gainera etorri zitzaiola. Halabeharrez, bere defentsan jokatu zuela. Polizia frankistak larriki zaurituak herritarren ekimenez eta laguntzaz eutsi zion biziari.

Horixe da nik Mikel Etxeberria ilobarengandik jaso nuen lekukotza, emana izan den bertsio ofizialekin zerikusi gutxi duena. Ez zait batere gozo gertatu ordukoak gogoratu behar izatea. Bedi memoria historikoaren osaketarako ekarpen-tanta bat gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.