Hemen, panda hartzik ez, eskuina nonahi

2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
2014ko udaberrian, Eskoziako independentziari buruzko erreferendumerako hilabete batzuk besterik falta ez zirela, hango sindikatuekin topaketa bat antolatu genuen egoera politiko eta sozialaren nondik norakoak ezagutzeko.

Hango sindikatuko kide batek metafora baten bitartez azaldu zizkigun bere ustetan Eskozian bizi izandako aldaketak eta prozesuaren hainbat gako. Azken hamarkadan eman baita independentziaren aldeko hazkundea; proposamen politiko minoritarioa izatetik oso denbora gutxian lortutako babesa ez da nolanahiko gauza. «Herri honek duen oinarri sozialari eta tradizio ezkertiarrari erreparatu behar zaio hemen gertatu dena ulertzeko», esan zigun harrotasunez.

Orduan ekarri zituen gogora eskoziarrek panda hartzei buruz kontatzen duten pasartea: ba omen ziren bi panda hartz Edinburgoko zooan; biak hauteskunde politikoetan toryek (kontserbadoreek) lortzen zituzten ordezkariak baino gehiago ziren, distritu bakar batean lortzen baitzuten ordezkaritza. Beraz, ezkerreko hegemonia eta ia erabateko babes hori goraipatzeko hala zioten: «Hemen Tory-ak baino panda hartz gehiago dugu».

Hitz horiekin akordatu nintzen azkenengo estatuko hauteskundeen biharamunean.

Eskuin muturrak eta gainontzeko Espainiako alderdi eskuindarrek lor zezaketen garaipena zapuztuta, Euskal Herriko beste sindikatu bateko kide batek hala zioen: «Pozik gaude; eskuinak EAEn ez du ordezkaritzarik lortu» (bistan da PP, C's eta Vox-i buruz ari zela).

Oso deigarria egin zitzaidan hausnarketa hori. Horren arabera, balirudike gurean (Euskal Herriko mendebaldean behintzat) ez legokeela eskuinik, hau da, praktikan politika sozial eta progresisten erreferentzia bilakatu garela oharkabean.

Bestalde, baten batek esaten du gure eskuina desberdina dela (aurrerapauso bat da onarpena bera ere). Kontuan hartuta zaila dela jakitea Espainiako eskuin muturra non hasi eta non bukatzen den, konparazio horrek ez du asko laguntzen; areago, tranpa dela esan daiteke.

Eskuinak ezaugarri ezberdinak ditu, baina bere ardatz nagusietako batzuk ekonomian eta gizarte ereduaren eraketan gauzatzen dira. Hari horiei tiratuz EAEn arlo hauetan argazki argiak ikus daitezke; adibidez, zergak nortzuk ordaintzen dituzten aztertuz gero.

Nafarroan ere egoera antzekoa da: oraindik Ogasun kontseilaria den Mikel Aranburuk, UPN eta CENen «oinarri gabeko kritikak» baretu nahian, paper batzuk parlamentura eraman, UPNkoei erakutsi, eta hala esan zien: «Hara! Hemen dauzkazue eskatutako datuak; Nafarroa da estatuan enpresa zerga gutxien ordaintzen duten tokia» (hori, «aldaketaren» gobernua lau urtez egon ondoren).

Europarekiko bizpahiru datu alderatu, eta berehala agertzen dira herri honek dituen gabezia nabariak. Esate baterako, fiskalitatean; gaineko zergekin edo iruzurraren jazarpenarekin Europako joerari jarraituko bagenio, 8.000 milioi euro gehiago lortuko genituzke.

Euskal Herrian ere, eskuinak interes horien alde, enpresa eta kapitalaren alde, lan egiten du. Politika neoliberala da hemen egiten dena, Madrilekin gastu-araua eta bestelako mugak adosten dituena (adostu, ez inposatu!). Edo, adibidez, DSBEn (RGI) murrizketa larriak planteatzen dituena.

Lan arloan, azpikontratazioaz (erresidentziak, garbiketak, eraikuntza...) baliatzen dena prekaritatea eta soldata kaskarren bitartez aurrekontuak murrizteko eta enpresa «lagunei» negozioa zabalduz. Soldata-arrakala dagoela ukatuz (eskerrak, komisaria eta epaitegietako garbiketako emakumeek lortu duten akordioarekin, gezur hori agerian geratu da. Aupa zuek!).

Adibide gehiago jar daitezke, esaterako, autoritarismoaren ingurukoak, baina tira, horrekin beste kapitulu bat ireki beharko litzateke.

Politikan eta sindikalismoan hitz eta ekintza neutrorik ez dagoenez, koka dezagun diskurtso eta, batez ere, praktika bakoitza bere lekuan. Eskuineko politikak egiten direnean eskuindar deitzen zaio gauzatzen duenari. Egungo Eusko Jaurlaritzak egiten duen bezala, zeren hemen panda hartzik ez baita, baina bai eskuina sobera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.