Ez du ematen bat gehiago

Denboraldi honetako Txapeldunen Liga mugarri izateko bidean da. Belaunaldi aldaketa gauzatzen hasi dela ematen du: Erling Haaland eta Kylian Mbappe gazteen aroa hasi den zantzuak daude. Beste ezaugarri batzuk ere baditu txapelketak, denboraldiro bezala.

Erling Haaland gol bat ospatzen, multzoen fasean. LARS BARON/POOL / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Jokalariak joan eta etorri ibiltzen dira, eta ez soilik taldetik talderako mugimenduetan. Haien ibilbideak hasi bezala amaitzen dira egunen batean, eta azkenaldiko bi izar handiren distira itzaltzen hasia dagoela ematen du. Nahiz eta Leo Messi (Bartzelona) eta Cristiano Ronaldo (Juventus) oraindik ere handienen erresuman dauden, badirudi lehengo argi printza biziak iluntzen hasiak dituztela. Horiek joaten hasi, eta beste hauek bazetozen, edo bazetozela iragartzen zuten, norbaitek izan behar duelako beti onena, edo onenak: Erling Haaland (Borussia Dortmund) eta Kylian Mbappe (PSG).

Denboraldi honetako Txapeldunen Liga berresten ari da badela belaunaldi aldaketa horren zantzurik, edo zantzuak baino zerbait gehiago, ziurrenik: belaunaldi aldaketa gauzatzen ari dela. Ez da hori, baina, txapelketa honen ezaugarri bakarra. Lehiaketari berari so eginda, badira beste arreta gune batzuk ere. Hori denboraldi guztietako kontua izaten da, eta ez da, belaunaldi aldaketa bezala, aldian behin gertatzen: ezustea ematen ari diren taldeak, jokalari berriak azaltzea, Europako liga handienak alderatzea txapelketan aurrera jarraitzen duten taldeak kontuan izanda, eta abar.

BELAUNALDI ALDAKETA

Zenbakiek ez ei dute gezurrik esaten. Golegileen zerrendan, hamarrekin da goi-goian Haaland, eta sei dauzka Mbappek. Beherago daude Messi, bostekin, eta Cristiano Ronaldo, laurekin. Bakoitzaren taldeen emaitzak ikustea ere izan daiteke zerbaiten adierazgarri: bi gazteen taldeak, Dortmund eta PSG, final-laurdenetan dira; bi beteranoenak, berriz, etxean. Lehiaketan jarraitzeak gazteei aukera emango die orain arteko bi nagusien erresuman sartzeko, eta arreta bereganatzen jarraituko dute. Beste biak, ematen duenez, beren etorkizunaren inguruan pentsatzen izango dira etxean, Espainiako eta Italiako ligetan eta kopetan Bartzelonak eta Juventusek egiten dutena gorabehera.

Haaland eta Mbappe beren taldeen itsasargi dira, itsasontziak Europako futbolaren itsaso zabalean ez galtzeko beharrezkoak. Eta halakoak izatea ezinbestekoa zaio kirol honetan izar bilakatu nahi duen jokalariari. Bere taldean izar ez dena nekez izango da belaunaldi aldaketa bateko gidari. Haaland golegile petoa-petoa da: 30 partida jokatu ditu sasoi honetan Dortmundekin, eta 31 gol sartu. Mbappe ere golaren jabe da, 34 partidatan 26 sartu dituelako PSG-rekin. Taldekideei jaten ematen ere abilak dira: zortzi eta bederatzi goleko pase banatu dituztelako, hurrenez hurren.

Bien gaztetasuna kontuan hartu behar da datu horiek guztiak aztertzean: 20 urte ditu Haalandek, eta 22 Mbappek. Nahi beste denbora daukate aurrean duten guztiaren jabe egiteko. Egiten ari direnari segida eman behar orain. Iritsi, iritsi dira onenen erresumara; orain, hor jarraitzeko lanean segitu behar dute. Erakusten ari dira gaia badutela. Halaber, bietako batek txapelketa irabaziko balu, garaipenak sekulako bultzada emango lioke nagusitasuna sendotzeko, jokalari handienek tituluak izaten baitituzte zakuan gordeta.

JUVENTUS ETA BARTZELONA

Denboraldi honetan ere ez dira onenen artean azalduko Italiako eta Herrialde Katalanetako taldeak. Biak bota dituzte kalera final-zortzirenetan: Portok Juventus, eta PSGk Bartzelona. Katalanen kasuan, aurreko sasoiko bidea baino laburragoa osatu dute, final-laurdenak harrapatu zituztelako orduan. Italiarrentzat ez da ezer aldatu: final-zortzirenetan etxera orduan, eta kanporaketa berean orain ere; baita duela bi denboraldi ere. Cristiano Ronaldo taldean denetik, aurreneko bidegurutzean geratu da taldea.

Alde horretatik, ez da ezustea biak kalean egotea orain. Beste kontu bat da izenaren indarragatik aztertzea bi talde horien ibilia, baina izenak ez du izana egiten. Italiarren datuak hauek dira ikuspegia zabaltzen bada: 1996an izan ziren azkenekoz txapeldun, eta finala bitan jokatu dute berriki: 2015ean eta 2017an. Bartzelonari dagokionez, 2015ean izan zen txapeldun azkeneko aldiz, hain zuzen, Juventusen aurka. Ordutik ez da azaldu finaletan, duela bi denboraldi atari-atarian geratu bazen ere.

Lehiaketa hasi zenean, ematen zuen Juventusek aukera gehiago zituela Bartzelonak baino bide luzeagoa egiteko txapelketan, nahiz eta Andrea Pirlo entrenatzaile lanean aurrenekoz aritzea zalantza sortzaile zen. Zortzi partidatik sei irabazi ditu lehiaketan, eta bi galdu. Gehien irabazi duena da, baina bidegurutzeetan irabazi egin behar izaten da, eta Porton galdu izana garesti ordaindu du. Bartzelonaren kasuan, konfiantza handirik ez zegoen taldearen inguruan, eta denboraldiaren bilakaerak berretsi baino ez zuen egin hau ez zela izango sasoi egokia Europan bizi ibiltzeko.

EZUSTEA: PORTO

Final-laurdenetan ariko den zortzikoaren artean, bada talde bat, historikoa bera, ezustetzat har daitekeena: Porto. Ia inork ez zuen txakur txikirik ematen portugaldarren alde Juventusen aurkako kanporaketan, baina heldu da finalerdien atarira. Gaur egungo futbolean modan ez dagoen bide batetik heldu ere: zortzi jaurtiketa baino ez ditu egin partidako, batez beste, eta %40ko baloi-jabetza izan du; hori gutxi balitz bezala, 100 falta egin ditu taldeak, lehiakide guztien artean gehien. Estetikak estetika, hor dago oraindik ere, eta aukera du 1987an eta 2004an egindakoa berriz lortzeko: txapeldun izatea. Faboritoa ez da izango, baina besteek bezalako aukerak dauzka, hor dagoelako.

Beterano bat da taldeko buru: Pepe. Erdiko atzelaria ez da zahartzen, eta hor segitzen du maila duina ematen. Juventusen aurka, itzuliko partidan, hemeretzi aldiz urrundu zuen baloia. Nagusi eta agintari, gazteagoa zenean bezala. Sergio Conceiçao jokalari ohia da entrenatzailea, eta talde sendoa osatu du. Zelaiaren erdian, Sergio Oliveira ari da nabarmentzen. 28 urteko erdilariak sekulako buelta pila eman ditu Europan barrena (Portugalen, Belgikan, Frantzian eta Grezian jokatu du), Porton harengan gaztetan zuten fedea balekoa zela berretsi baino lehen.

LIGAK ETA ERRITMOA

Urteroko kontua izaten da alderaketa: Europako liga handiak hartu, eta ikustea lehiaketa bakoitzetik zenbat taldek segitzen duten eta zenbatek ez; ondorio azkarrak eta, ia gehienetan, zehaztasun gutxikoak ateratzeko, denboraldi bateko emaitzak ez direlako aski liga bat bestea baino hobea den azaltzeko. Hemen doa sasoi honetakoa: final-laurdenetan, Ingalaterrak eta Alemaniak dituzte ordezkari gehien: hiru eta bi (Liverpool, Manchester City eta Chelsea ingelesek; Bayern Munich eta Borussia Dortmund alemanek); bana dute, berriz, Frantziak (PSG), Portugalek (Porto), eta Espainiak (Real Madril).

Bada beste datu zehatzago bat ligak alderatzeko, eta hobeto azaltzeko txapelketa honetan bakoitza zer egiten ari den: jokoaren erritmoa eta, horrekin lotuta, abiadura. Oraintxe bertan, Ingalaterran eta Alemanian azkarrago jokatzen da Espainiako ligan baino, adibidez. Indar eta abiadura fisikoan gehiago dira Premier League eta Bundesligako taldeak, eta liga horietako taldeak aldagai hori baliatzen ari dira nagusi izateko. Aldea baitago bizi jokatu edo pausoan jokatu, erasoko trantsizioak bizi egin edo makal. Maila goreneko futbolean, erabakigarria izaten da ia gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.