Demokraziaren euskarriak

2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Afganistanen gertatutakoa ikusirik, baina baita Errusian, Venezuelan, Turkian, Polonian, Hungarian —eta eskuin muturreko alderdien hastea hainbat lekutan—, askotan, galdera hauek sortzen zaizkigu: Mendebaldeko demokrazia zertan datza? Zeintzuk dira demokraziaren euskarriak? Demokraziaren bitartez autoritarismoa finkatu daiteke?

XX. mendeko sistema autoritarioak bizirik mantentzeko —faxismoa eta estalinismoa, esate baterako—, beharrezkoak ziren gezur konspirazionalista handiak, estatu terrorismoa, poliziaren gogorkeria eta zale sutsuak euren martxa eta manifestazioekin. Baina XXI. mendean estiloa aldatu egin da. Muturreko autoritarismoek ez dute behar horrenbesteko muturreko ekintzarik. Muturreko ideologia barik eta gogorkeriarik gabe, bulegoetako laguntzaileak behar ditu autoritarismo berriak. Idazkari laguntzaile hauek erdi mailako gezur konspiratzaileak landu behar dituzte, gezurrezko errealitate alternatibo bat eraikiz. Marketin modernoaren teknikekin eta audientzia mantentzeko kanpainekin lantzen dute autoritarismo aukera hori.

Autoritarismo berriek konpetitibitatea ekiditen dute eta, askotan, errebantxa eta mendeku bila dabiltza, baztertuak izan direlako euren ahultasunagatik. Alderdi edo pertsona autoritario baten leialtasunagatik hasten dira lehiakortasuna ahultzen, soilik eskatzen dute fideltasuna pertsona edo partidu batengan, edozeinen gainetik. Ustelkeria eta efektibitaterik eza egon arren, pertsona edo alderdi batenganako leialtasuna lantzen dute beste edozeinen gainetik. Errealitate alternatibo bat lantzen dute, erdi mailako gezurrak erabiliz.

Iraganeko egoera batzuetara bueltatu nahi izaten dute alderdi autoritarioek. Horretara bultzatzeko, marketina besterik ez dute erabiltzen, erdi mailako gezurren narratiba batekin. Narratiba hori amorruz beteriko mezuekin osotzen dute: sexu bereko ezkontzen aurka, immigrazioaren aurka, eurenak ez diren politikarien ustelkeriaren aurka...

Eta, joera horren azpian, gaurko gizartearen ezagutza sakona dago? Beharbada.

Uste dugu gure erakunde demokratikoak sendoak eta betirako direla, bainaerrealitatea ez da horrelakoa. Zibilizazio eta kultura sendoagoak izan dira lehenago, eta deuseztatu dira; esate baterako, erromatarren zibilizazioa. Erromatar Inperioko Mendebaldeko kulturaren suntsipena, Erdi Aroan, ulertzea ez da erraza, oso konplexua da. Peter Brown historialariaren arabera, gakoa izan daiteke armada guztiz isolatua geratu zela bai elizatik, bai aristokraziatik. Aristokraziak eta elizak bizirauteko ahaleginak egin zituzten, armada isolatuta utzita. Armadako ofizialek ez zuten inolako loturarik ikusten Eliza kristauarekin eta agintzen zuen aristokraziarekin. Beraz, izan daiteke inperioaren auziaren arrazoiak funtsez moralak izan zirela, ekonomia eta ingurune fisikotik harago.

Hausnarketa egin beharko litzateke gaurko gizarte kontsumistaren egoeran Mendebaldeko balioek eta egitura tekniko garrantzitsuenek nolako harremanak dituzten euren artean. Europako egiturak oso ahulak dira, ez dago argi noraino iraun dezaketen ez badaude herritarrak balore batzuekin identifikatuta, bat eginak, edota egitura horiekin interesatuta.

Berdin azter liteke Euskadin. Ikus dezagun Eusko Jaurlaritza erakunde independente bezala; noraino daude Euskadiko herritarrak Eusko Jaurlaritzako balioekin identifikatuta? Esan gura dut, ez bakarrik euskal kontzientzia duten ala ez, baizik eta erakunde ofizialek behar dituzten, sentitzeko eta epaitzeko, balioekin eta tresnekin. Herritarrek duten interesa eta harremanak Eusko Jaurlaritzarekin, zein dira? Norainoko ezagutza dute herritarrek Jaurlaritzaz eta nolakoak dira euren ohiturak Jaurlaritzarekin harremanak izateko?

Hobeto ulertzeko gure gizartea, ikus dezagun gure sasoiko kulturaren erakusle funtsezko bat: musika. Musika aztertzean uler daiteke gizarte baten denboraren sentipena. Belaunaldi berrietan, batez ere, nortasunaren eragile funtsezkoa da. Musika denbora ulertzeko modu estetiko bat da, baina gizartearen egoerak egituratuta. Groove gure sasoiko musika da. Mendebaldean hasi zen XX. mendearen hasieran, eta mundu guztira zabaldu da musika estilo hori. Gorputza mugiarazten duen groove izenaz ezagutzen dugu musika estilo hori.

Musikak moldatzen ditu gizakien arteko harremanak eta eurek naturarekin dituzten harremanak. Melodia batek irauten duen bitartean, harreman horiek tinko irauten dute. Musikak sentiarazi ahal dizkigu orain ez dauden harreman posible batzuk. Edertasunari buruz eta estetikari buruz hainbat gogoeta eragiten du musikak; denboraren neurketa estetikoa da.

Azterketa materialista batetik, esan daiteke kapitalismo berantiarraren aroan, musika industrializatu, eta elkarren arteko trukagailu bihurtu dela. Musikak —agertoki horretan— elkarren arteko truke izateko balio ekonomikorik ez duenean, baztertuta geratzen da.

Euskal gizartean, gizarte txikia garenez, euskal musikak, hemengo artistek sortzen duten musikak, zabalera gehiegi ez duenez, oso zaila da komertzializatzea eta etekin ekonomikoak izatea. Orduan, azterketa materialista honen ikuspegitik, nola geratzen den eta nolako esangura duen aztertu beharko litzateke. Laburki esanda, posible al da Euskal Herriko herritarrengan euskal musika izatea? Nolako berezitasunak izan beharko lituzke? Beste gauza bat da gure belaunaldi berriek erabiltzen duten musikak, gustatzen zaien musikak, nolako eragina duen eurengan eta nolako esangura duen eurentzat. Ea jarrera demokratikoak ala autoritarioak sustatzeko balioa duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.