Berrogeialdiaren amaiera Japonian

Fukushimako hondamendiaren ondoren, Japoniak segurtasun nuklearreko neurriak zorroztu eta uharteko 48 erreaktore nuklearrak gelditu zituen. Erreaktoreotako bi ekainean piztuko dituzte berriz. Eta 40 urte beteak dituzten beste bost indargabetu egingo dituzte, asteon iragarri dutenez.

Fukushimako zentral nuklearraren inguruak erradiazioak kutsatutako lurren biltegi bihurtzen ari dira. Argazkian, Litate herria. CHRISTOPHER JUE / EFE.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2015eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Fukushimako zentral nuklearreko hondamendiak berrogeialdian jarri zuen Japoniako politika energetikoa. Atzo zortzi bete ziren lau urte tsunami batek hura jo eta Txernobylgoaren ostean (1986) ezagutu den hondamendi nuklear latzena eragin zuela. Japoniako Gobernuak, egoeraren larriak hartaratuta, uharteko 48 erreaktore nuklearrak geldiarazteko agindua eman zuen, guzti-guztien segurtasun neurrien eta baldintzen azterketa zehatza egin bitartean. 2012ko maiatzaren 5ean gelditu zuten azkena, 1966ko uztailaren 25ean erabiltzen hasi ziren ibilbide nuklearra itxiz.

2013an, erreaktore nuklear bakoitzari 40 urteko gehienezko jarduna onartzen dion legea jarri zuen lndarrean Tokiok. Lege horren arabera, beste hogei urte luza dakioke zentral bati jarduteko baimena, baldin eta segurtasun eta mantentze neurri jakin batzuk betetzeko gauza bada. Guztira, hamabi erreaktorek gainditu dute Japonian berrogei urteko muga hori. Beste hogei urteko luzapenak gastu handia eskatzen dio zentralaren jabeari, ordea, eta, gastu hori gehiegizkotzat jota, bost erreaktore desegiten hasiko dira Japonian. Hala iragarri dute asteon. Honako hauek desegingo dituzte: Japan Atomic Powerren Tsuruga 1 erreaktorea (1970ekoa); Kansai Electric Powerren Mihama 1 eta 2 erreaktoreak (1970ekoa eta 1972koa, hurrenez hurren); Chugoku Electric Powerren Shimane 1 (1970ekoa); eta Kyushu Electric Powerren Genkai 1 (1975ekoa).

Zenbait analistaren arabera, Japoniako erreaktore nuklearren bi heren ez dira inoiz berriz lanean arituko, haien kokapen eta mantentze baldintzengatik garestiegi izango litzatekeelako berriz martxan jartzea.

Bi zentral, martxan atzera

Erreaktoreen adin mugak ez du nuklearraren berrogeialdia betikotu, hala ere.2012ko uztailaren 12an, eta zentral guztien azterketa bukatu gabe egonik ere, Ohiko zentraleko erreaktore bat abian jartzeko baimena eman zuen Japoniako Gobernuak. Berriz ere ixteko, hainbestekoa izan zen jaso zuen kontrako erantzuna.

Geldialdiaren ondorio ekonomikoak argudiatu zituen Shinzo Aberen gobernuak 2012ko piztuera hura azaltzeko. Nuklearrek Japonia osoko argindarraren %28 ekoizten zuten; izan ere, Fukushimako hondamendia gertatu arte. Zentral termiko bidez ari dira betetzen batez ere haiek utzitako hutsunea, eta argindar konpainiek gasa inportatzeari ekin diote termikoei eusteko. Horren ondorioz, kontsumitzaileek ordaindu beharreko argindar faktura, izan partikular edo izan enpresa, %28 garestitu da. Japoniako Merkataritza eta Industria Ganberaren joan den hileko txosten baten arabera, argindarraren prezioa garestitzeak kalte egin die konpainia txiki eta ertainei. Sektoreko konpainien %61ek, berriz, iragarri dute garestitzea eteten ez bada langileak kaleratu beharko dituztela.

Gaurdaino segitu dute geldialdian Japoniako erreaktore nuklear guztiek, hala ere. Arrazoi ekonomikoak argudiatzen segitu du gobernuak, hala ere. Eta atzera bi zentral pizteko baimena emana dauka Japoniako Energia Nuklearra Arautzeko Aginteak: Sendaikoa (Kyushu Electric Powerrena) eta Takahamakoa (Kansai Electric Powerrena). Lehenak lortuak ditu tokiko agintarien baimenak.

Joan den abuztuan Kyodo agentziak egin zuen inkestaren arabera, japoniarren %57 erreaktore nuklearrak berriz lanean jartzearen kontra daude, eta %35 alde daude. Abe lehen ministroak badaki gizartea kontra daukala, indar nuklearrari beldurra hartu diotela japoniarrek, baina indar nuklearra berreskuratzea ezinbesteko baldintzatzat jo du ekonomiaren hazkundea bultzatzeko. Atzo bertan aurkeztu zuen merkataritzako balantzaren arabera, esaterako, herrialde osoko otsaileko inportazioen laurdena hidrokarburoak ziren. Hidrokarburo horiek zentral termikoetan argindarra sortzeko erabili ziren. Eta Japoniak 32 hilabete egin ditu jada merkataritza defizitarekin.

Fukushimako hilerria

Bien bitartean, Fukushima 1 zentrala —munduko 25 zentral nuklear handienen zerrendan zegoen, bere sei erreaktoreekin— oraindik ere kutsadura iturri da. 6.000 langile ari dira gunea desegiten, txandaka, denbora luzez bertan egotea arriskutsua delako. Gainera, ur erradioaktiboa isurtzen da lur azpira eta itsasora—zentral inguruko itsas hondoan 5.000 becquerel daude kiloko; eta onartutako gehienezko muga 100 becquerelekoa da—. Lurraren erradiazio maila nazioarteko estandarra baino hogei aldiz handiagoa da. Lur hori zakuetan sartu eta Futaba herrian ari dira pilatzen, hilerri itxurako gune batean. Eta hondamendi gunetikihes egin zuten 150.000 lagunetatik 140.000 herrira bueltatu ezinda daude oraindik, oso baldintza gogorretan bizitzen.

Futabako 7.000 biztanleak, berriz, ezingo dira inoiz itzuli. Agintariek hilerri nuklear bihurtu nahi dute haien herria. Hori guztia eta gehiago bildu du Atsushi Funahashi zinemagileak bi dokumentaletan. Berlinalen aurkeztu du bigarrena: Nuclear Nation II. Fukushimako errefuxiatuen istorioak bildu ditu bertan. 2011ko martxoaren 11tik iazko uda bitartean, 103 adingaberi diagnostikatu zaie tiroideko minbizia. Minbizi hori erradiazioak eragin ohi dituen gaitzetako bat da, eta oso ratio altua dute Fukushima eskualdean: 30 haur minbizidun 100.000 biztanleko. Gobernuak, hala ere, ukatu egiten du duela lau urteko hondamendiaren ondorioz dela. Eskualdeko 370.000 haurrei aldiro egiten diete azterketa zehatza,

2011ko martxoaren 11koak badu beste ondorio bat, bitxiagoa nahi bada: Japoniako haurren artean, gizenenak Fukushimakoak dira. Osasun Ministerioaren azterketa baten arabera, 5 eta 17 urte bitarteko biztanleek Japoniako batez bestekoa baino %8,2 gehiago pisatzen dute. Gurasoak erradiazioaren beldur dira, eta umeei etxetik ahalik eta gutxien irteten uzten diete. Fukushimako eskola gehienetan, arrazoi beragatik, umeak ez dira kanpoan jolasten.

«Tokiok presio egin zion Futabari Fukushima I eta Fukushima II zentralak eraikitzeko baimena eman zezan, bertan ekoitzitako energia behar zutelako hiri handietan, tartean Tokio. Hiriek landa eramuetako jendea esplotatzen du», adierazi du Funahashik.

Neokolonialismoaz mintzo da zinemagilea. Eta monopolioaz: «Energia berriztagarrien lege berriari esker, indar berdeak gure sistema ustela irauliko zuela uste genuen, baina argindar konpainiek uko egin diote onartzeari». Monopolio horren ondorioz, gaur egun japoniarrekezin dute energia berriztagarriak eskaintzen dituen konpainia bat aukeratu. Eta energia nuklearra pixkanaka indarra berreskuratzen hastear da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.