Zorionak Labayru fundazioari

2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Aurtengo uda honetan, 2019ko uztail honetan betetzen dira 50 urte Derioko Udako Euskal Ikastaroa izenaz ezagutu izan dena sortu zela.

Apaltasun handiz sortu bazen bere 1970eko uztailean, orduko Seminarioa zen egoitza zabal hartan, apurka-apurka hazten, indarra hartzen eta entzutea irabazten joan zen Derioko Ikastaroa, batez bere euskaldunen artean, horien artean bilbotar asko izan direla.

Euskaldunen artean diot, ze berbetaz euskaldun direnen ikaslekua izan da Derioko Ikastaroa bere ibilbide luzean: euskaldun osoak asko, eta erdizka euskaldun zirenak bere bai. Ikasle gazte eta helduen ikastaroa. Momentuko lanbidean, edo etorkizunekoan, euskaraz baliatzeko gaitasuna behar zuen jendearentzako, batez bere.

Derioko Udako Ikastaroaren meritu handietariko bat euskaldunentzako izatearen berezitasun hori izan da batez bere: euskaldun izanik, edo txikitako euskara makalik zuten ikasleei, euren euskara hori lantzeko, hobetzeko eta indartzeko baliabideak ematea; horretarako metodologia propio bat garatu izana. Berbaz egiten dugunetik idatziz erabili beharreko era landurako urratsak emateko ikasbide bat lantzea: dakigunetik ez dakigunera leloaren bidez.

Bilboko Hiriak Derioko Udako Ikastaroagaz eduki du eta badauka gaur bere lokarri eta zerikusi estua, euskararen aldeko ekimen hori dela eta. Arrazoi historiko zaharra bata: Ikastaroa sortu zen denboran, eta hurrengo hamahiru urteetan, Derio Bilbori loturik egon zen. Geroagoko lotura, bigarrena: Labayru Ikastegia sortu zenean 1977an —gaurko Labayru Fundazioaren lehengo izena—, Bilbon jarri zuen egoitza, eta Derioko Udako Ikastaroa haren babespean egin zen. Eta hirugarrena, gaur egungoa: Bilbon egiten da aspaldiko urte luzeetan Udako Euskal Ikastaroa.

Alkate legez, gogora ekarri nahi ditut 50. urteurren honetan hasierako eratzaile, irakasle eta ikasleak. Ander Manterola izan zen sortzaile eta eragile nagusia, eta Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate lehenengo irakasleak. Bizkai osotik etorri izan dira hara ikasle euskaldunak, euren artean bilbotar asko zirela.

Euskarak ofizialtasuna irabazi zuen momentutik goraldi aipagarria ezagutu zuen Derioko Udako Ikastaroak; 80ko hamarkadan udaro 600-800 ikasle bitartean batzen zirela. Gizarte fenomeno esanguratsua bihurtu zen aldi horretan euskal ikaskuntzaren inguruan.

Han egin zituen euskara-lantze hasikinak gerora gure gizartean eta administrazioan kargu eta ardura astunetan izan diren hainbat gizon eta emakumek.

Zor dizkiogu, bada, Derioko Euskal Ikastaroari aitormena eta esker ona gaur erakunde arduretan gagozanok. Euskarak gure gaurko gizartean irabazi duen normaltasuna eta onarpena aurreko hamarkadetan egin den lan isil eta etenbakoaren emaitza dira, eta Derioko Udako Euskal Ikastaroa izan da horretan eragile agerietariko bat.

Bilboko Alkate legez, lehena gogoan izanik etorkizunari begira lanean ekitea da gure ardura nagusia. Eta Labayru Fundazioak bere euskal ikastaroen bidez, udako eta negukoen bidez, diharduen lanari geure aupada eta babesa eskaini gura diot.

Orain 50 urte, orduko gizartean ziren premiei erantzuteko Derioko Ikastaroak erakutsi zuen adore eta zuhurtasun beraz, gaurko Labayru Fundazioak bere beste hainbeste egin dezala, batez bere gure belaunaldi gazteak, bilbotar gazteak, euskaldun oso bihurtzeko ahaleginean. Eginkizun horretan Bilboko Udala izango duzue bidelagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.