Anormala

Alba Garmendia
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Aitortzen dizut, irakurle: gutxitan sentitu naiz normal-normala. Sentitu nahia beste upel bateko sagardoa da; gaur bai eta bihar ez horretan ez ote gabiltza guztiok ere? Zeren, normala, «ezer berezirik edo neurriz gainekorik ez duena, maizkoena edo ohikoena den motaren araberakoa dena», nor da? Ez al zara zu ere, tarteka, ohiz kanpoko ikusten ondokoaren ispiluan? Ondokoa ere hala ikusiko da zurean, orduan? Normala izango da denok berezi eta berezitasun zabalduan, hor bai, normal sentitzea.

Anormal sentituagatik normal jokatzen irakasten digute umetan, laguna amildegitik botatzen bada gu ere botako ote ginatekeen galdetzen badigute ere gero. Zaila dago oreka! Nola hala uztartzen joaten gara, ordea, identitate pertsonal bakarra eta taldearen parte egiten gaituen norma.

Azken asteetan, baina, xelebrea egin zait lotura: arroztasunean normal sentitzen ari nintzen. Zuri ere gertatuko zitzaizun, etxeko leihotik kanpora begira, munduaren parte ez zen ikusle arraro sentitzea eta jakitea, aldi berean, erosketak egitera ateratakoan zu zinela beste ikusle batek ikusten zuen mundu alienatuan zegoena. Edo, bakarrizketa behartuan, zuri ere egingo zizuten eraso itxialdiak aterarazi dizkizun gogoaren barruko mamuek. Kontua da, behintzat, anormal sentitzeak elkartu gaituela oraingoan.

Begien bistakoa da, egia esan, normaltasuna unean unekoaren araberakoa dela esatea. Lehen arraroak zirenak orain normalak dira, eta alderantziz. Ez dakit zein belaunalditakoa zaren, beharbada zu ere txunditzen zintuen, duela mende erdi pasatxo-edo, Paris aldean txakurrak sokatik lotuta ateratzen omen zituztela esaten zizutenean, hemen baserria zaintzen zuten animaliak baino ez zirenean. Ez dakit gaur enegarrenez txakurrak zu atera ote zaituen paseatzera, baina badakigu testuingururik gabe ez genukeela ulertuko esan berri dudana. Gero eta gehiagok egiten duten horretara ohitzen goazen neurrian eraikitzen dugu normaltasuna, eta, konturatu gabe, normala egiten zaiguna naturala dela pentsatzen dugu, eta naturala beti da onarterrazagoa, ezta?

Eraikuntza artifizialetik gutxi duela erakusteko, agian, eufemismo batek leundu du datozen hilabeteetako salbuespen egoera. Normaltasun berria delakoak lehengo ohituretara itzultzeko irrikan gaudenok lasaitu nahi gaitu, eta, bide batez, estreinatzeke dagoen egunerokoa jakin-min gogotsuz hartzera gonbidatu. Nago, hala ere, kanpoan daudenen ikusle eta barruan ditugunen biktima izate honek ohiz kanpoko neurriak beharko dituela atzera normal senti gaitezen. Normal jokatzeak, esan dugunez, ez dakar berez hala sentitzea. Ez gaitezen engaina, beraz: ez zen normala itxialdia, ez da normala konfinamendutik ateratzeko bidea eta ez gara normal sentitzen lehengo moduan jokatzen saiatzen garenean.

Ez al zaizu kuriosoa egiten, hala ere, normaltasunerako daukagun behar hau? Zoro batzuek txakurrak paseatzera ateratzen zituzten Parisen filosofo batek idatzi zuen eromenaz eta normaren barruan sartzeak zekarren diziplinatzeaz; kontrolaz, instituzioek horretan jokatzen zuten paperaz, geure burua ontzat hartzen den horren lekuan kokatzeko eta besteek hala sailka gaitzaten egiten dugunaz...

Eraginkorra baita! Ordena eta sailkapena atsegin izango ditu giza burmuinak; nireari behintzat eramangarriago zaizkio mahai tresna bakoitza bere konpartimentuan dituzten sukaldeak. Sekula ez diet galdetu koilarei nahiago ote duten labanekin bizi, ez diet erabakimenik egotzi gaur artean.

Esan nahi nizuna da ez dela gauza bera mahai tresnen eta gizartearen antolaketa, ez duzu uste? Ez dirudiela oso zuzena, alegia, sailkapen ordenatu atsegingarriak hedonismo hutsez politiko bihurtzeak, itxialdiak zentzua desitxuratu digun beldur bagara ere oraindik ez garelako etxetresna bizigabeak. Normaltasunaren gorazarreak ordena kontrolatua gordetzen duela eta desberdina dela ordena hori objektuei edo subjektuei ezarri.

Baina ez gaitezen filosofietan korapilatu. Esadazu, nolakoa izan da zure apirila? Nirea, monotonoa, guztiz. Bakarkako lana, egunez; isiltasuna, gauez. Aitortuko dizut errutina atseginean joan zaidan hilabetea azkenerako pisutsua ere egin zaidala, eta buruan ibili dut berdin(tsu)aren errepikak heriotza ekartzen duela azkenean. Ez larritu, ez zen jokabide autosuntsitzailea. Bere kaiolako gurpilean korrika dabilen karraskariaren antz handiagoa zuen, ideia berriak gurpilak ekartzen dituen lehengoak direnaren sentipen hertsagarria. Badut gogoa normala egiten ari zaidan honetatik aterata anormaltzeko.

Ez iezadazu esan, arren, normaltasun berriak letargia honetatik askatuko gaituenik. Badakizu zuk ere gaur normal eta bihar eskizofreniko sentitzen jarraituko dugula, koilarak eta labanak bagina bezala ordenatuko gaituztela hala ere, eta anormalak irain izaten jarraituko duela.

Zerbait aldatuko dela diozu? Une historikoa bizitzen ari garela? Baliteke, bai. Ez diezaiotela normaltasun deitu orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.