Italiako Giroa

Gazte bihurri parea zuekin: Jai eta Tao

Jai Hindleyk irabazi du Stelvio gaina igo duen etapa, Tao Geoghegan Harti irabazita. Kelderman da lider orain. Pello Bilbao hirugarren izan da, eta laugarren jarri da

Gazte bihurri parea zuekin: Jai eta Tao.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Txirrindularitza errusiar panpinak bezalakoa da: bata bestearen barruan azaltzen dira berriak. Denak batera daude tropelean, baina gero aleka bistaratzen dira. Atzo, panpina horietan, bukaera aldera azaltzen diren lekuan, bi gazte plazaratu ziren: Jai Hindley australiarra (Sunweb) eta Tao Geoghegan Hart (Ineos) ingelesa. 24 eta 25 urte, hurrenez hurren. Gazteak lotsagabea behar du, eta bi horiek egun seinalatua aukeratu zuten bihurrikeriak egiteko. Stelvioko etapa. Mendate miragarriak badu atzotik bi gazte horien berri.

Errusiar panpinen jokoan, bi bihurri berrien aurretik azaldutakoa da Rohan Dennis (Ineos). Erlojuaren aurka bi bider Munduko txapeldun izana, eta, atzotik, Stelvioren historia luzean lekua duena. Eta ez aurrena igaro zelako, sekulako igoera egin zuelako baizik. Non, eta mendaterik handienetako batean: 24, 8 kilometroko igoera, %7ko batez besteko pendiza, eta 2.757 metrora. Bi graduko tenperaturarekin, eta elurra bide bazterretaraino zela.

Hiru txirrindulari horiek egin zioten diosala mendatetzarrari beste inork baino lehen. Dennisek maldan gora jarri zuen erritmoari eutsi zioten bakarrak izan zirelako. Aurretik eraman zuten hamabost txirrindulariko tropeltxoa, eta, Ben O'Connor (NTT) azken iheslaria harrapatu eta pasatu ondoren, helmugaraino joan ziren. Baina ez hirurak batera. Dennisek nahikoa zuela esan zuen hamar kilometro falta zirenean, Laghi di Cancano lehen mailako mendatean gora. Hantxe zegoen etapa amaiera, eta haraino heldu ziren Jai eta Tao. Aurrenekoa izan zen biziagoa, eta garaipen handia lortu zuen.

Etapak ere izan zuen errusiar panpinen traza atzo: etaparen barruan bi etapa edo gehiago azaldu ziren. Denak elkarri josita bazeuden ere, sailkapen nagusiko hari arrosaren bitartez. Maglia desiratua Joao Almeidak (Deceuninck) eraman zuen soinean etapan zehar, baina Stelvion gora hasi zen ikusten beste bati eman beharko ziola egunaren amaieran. Atzean geratzen hasi zen, eta Wilco Keldermanek (Sunweb) aukera baliatu nahi izan zuen. Han batu zitzaizkion Hindley taldekidea, eta Ineoseko Dennis eta Geoghegan Hart.

Kelderman bera izan zen, ordea, Stelvion gora nekeak jo zuena. Dennis hegan zihoan paisaia zurian barrena, bi gazteekin batera. Keldermanen atzetik, Pello Bilbao (Bahrain) eta Jakob Fuglsang (Astana) zihoazen, eta atzerago, Almeidaren taldetxoa. Gaina Dennisek igaro zuen lehendabizi, iheskideak lagun, eta Kelderman 49 segundora pasa zen. Bilbao eta Fuglsang 1.38ra, eta Almeida 3.37ra.

Jaitsiera luzea zeukaten zain. Stelvio gaina harrapatu aurretik,arropa lodia janzten ibili ziren txirrindulariak aldapan gora. Ia-ia joan zen hormaren kontra Hindley, euritako epela jantzi ezinda zebilenean. Keldermanek ere komeriak izan zituen berearekin, eta aldapa behera zihoala harrika bota zuen, lotu ezinik zeramalako.

Herbeheretarrari nekea erasaten hasi zitzaion, eta, 11 kilometro falta zirenean, minutu eta erdiko atzerapena zeukan aurreko hirukotearekin. Gainera, Bilbao eta Fuglsang gainera joan zitzaizkion, eta Cancano mendateari ekitearekin batera bat egin zuten hirurek. Ez zihoan gozo Kelderman, eta, ia konturatzerako, metro batzuk atzeratu zen. Orduan azaldu zen Bilbaoren grina, lehenaz gain. Atzetik aurrerako lasterketa eginez, aurrera bakarrik joateko gaia bazuela ikusi, eta bakarrik laga zuen Fuglsang. Sei kilometro eta erdi geratzen ziren Cancano gaineko helmugara heltzeko. Aurretik, Hindley eta Geoghegan Hart bakarrik zihoazen etaparen bila. Minutuaren azpitik ere ibili zen Bilbao bi horiekiko, baina ezin gehiago gerturatu. 46 segundo sartu zizkioten aurrean helmugaratu ziren bi gazteek.

Bien arteko esprintean, Hindley azkarrago ibili zen, eta eguneko aurreneko poza eman zion Sunweb taldeari. Bigarrena, bere ibilbideko egunik «zailena» igaro zuen Keldermanek eman zion: maglia arrosa. Almeidak, etapa ona eginagatik ere, eta lehen postuari eusteko sekulako jarrera erakutsiagatik ere, 4.51 minutu galdu zituen. Estu daude gauzak: Keldermanek hamabi segundo ateratzen dizkio Hindleyri, hamabost Geoghegan Harti, eta Bilbao 1.19ra dauka.

Aldaketak biharko etapan

Hiru etapa baino ez dira geratzen. Gaurkoa da luzeena, 253 kilometrokoa, laua. Biharkoa antolakuntzak aldatu egin behar izan du, Frantzian ezin delako sartu, COVID-19agatik. Ez dituzte igoko Agnello, Izoard eta Montgenevre; Sestriere, bai, hiru aldiz —bertan bukatuko da etapa—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.