Gipuzkoako erresidentziak: konponbidea ezinbestekoa da

Aintzane Orbegozo Zigaran
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Gipuzkoako erresidentzietako langileek 250. greba eguna egingo dute ekainaren 14an, eta ELAk ekitaldi berezia egingo du. Zenbaki horrek erakusten duena, ordea, zera da: langileekiko eta zaintzen dituzten aitona-amonekiko gizatasun falta, zaintza negozio huts bihurtu delako.

Pandemiak harrapatutako azken hilabeteotan asko hitz egin da erresidentziei buruz. Gipuzokako Diputazioak ahal duen guztia egin duela, erreakzionatzeko gaitasuna izan duela, ratioak igo dituela eta normaltasuna etorri dela... Langileek, ordea, bestelako sentipena dute, guztiz kontrakoa: ezinbestekoak direla esan arren, zapaltzen eta gutxiesten dituzte.

Erroan genero arrakala dago. Emakume eta zaintzaile izateagatik bizi dituzte soldata arrakalak, kontratazioan arrakalak, euren artean antolatzerakoan arrakalak edo lan osasunean arrakalak; baita greba eskubidean ere. Adibideak trumilka datoz: esaterako, diru publikoarekin gizonezkoak baino %30 gutxiago irabazten dute, eskandalu hutsa, eta kontratu partzialak erruz. Pandemiako lehen hilabeteetan babes neurririk gabe aritu ziren asko lanean, eta txalo batzuk nahikoak izan omen dira egindako esfortzua saritzeko. Hori ere bada eskandalua: fisikoki eta batez ere psikologikoki astinduta utzi dituen kolektiboa emozionalki erreparatzeko asmorik ez izatea.

Ereduaren eztabaida mahai gainean jartzen du borroka honek. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak behin baino gehiagotan errepikatu du dagoena egon daitekeen eredurik onena dela. Ez dute ezbaian jarri nahi, nahiz eta %90ean diru publikoarekin finantzatutako sektore honetan, langileen bi herenek irabazi asmoko enpresetan lan egin.

Zaintzaren esparrua beste negozio iturri bat bilakatu dute, etaondorioak kezkagarriak dira: pribatizazioa, eskala bikoitza eta langile murrizketak... Domusvi, Caser, Sanitas, Eulen, Clece eta antzeko enpresen helburua da ahal den mozkin gehiena izatea; horretarako lan baldintzak prekarizatu eta zerbitzuaren kalitatea okertu besterik ez dago. Multinazionalez gain, hemengoak ere berdin ari dira. Biharko edo Gerozerlanbezalako enpresek, eta euren burua irabazi asmorik gabeko enpresa gisa izendatzen dituzten Serv.sociales Aita Menni bezalakoek ere, patroi berarekin jokatzen dute.

Hori gutxi ez, eta greba eskubidea ere ukatu digute. Azken hilabeteotan egin ditugun greba egunetan praktikan %100eko zerbitzu minimoak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Honek gogoeta batetara eramaten gaitu: nola liteke greba egunetan eta grebarik gabeko ohiko egun batean zerbitzu bera izatea? Argi dago antolatzeko eta langile bezala legitimoak diren aldarriak aurrera eramateko funtsezkoa den greba eskubidea urratu eta ukatu digutela.

Aldundiak ere oso tratu txarra ematen die grebalariei. Pandemia etorri zenean 243 greba egun generamatzan eta, nahiz eta erabakia gogorra izan zen, greba eten eta lanera bueltatzea erabaki zuten langileek. Babes neurri nahikorik gabe lan egin beharrez, langile andana kutsatu ziren. Horrekin batera, egoitzetako kaosa eta aitona-amonen bakardadea sufritu zuten. Nola hil ziren ikusi zuten. Eta hori oso gogorra izan da: egoitza batzuetan egoiliarren ia erdiak hil baitira. ELAk egoera hori salatu zuen, eta babes neurrien kasuan epaitegietara joan behar izan genuen kautelazko neurriak hartu zitzaten. Horren ondorioz hasi ziren EPIak iristen. Diputazioak, aldiz, langileak eta sindikatua gogor kritikatu zituen bide juridikoa erabiltzegatik, hau da, entzungor zeuden instituzioen aurrean bide juridikoa erabiliz langileak babestu nahi izateagatik. Gero, ordea, Martxoaren 8an ez zuten inolako arazorik izan zaintzaileak propaganda gisa erabili eta euren burua zuritzeko.

Orain txertoarekin kutsadurak baretu dira, baina langileak pandemia aurretik baino okerrago daude. Lan kargak handitu dira, eta erlojupean lan egitea da euren egunerokoa (15 minutuan ohetik altxatu-garbitu-jantzi...). Horrek esan nahi du egoiliar bakoitzari egunean ordu eta erdi eskaintzeko beta soilik dutela. Huskeria.

Hala ere, erakundeek entzungor jarraitzen dute. Langileen hitzarmenari buruz hitz egiteko eseri nahi dugu Diputazioarekin, baina muzin egiten dio eskaerari Markel Olanok. ELAk konponbiderako proposamena izanagatik ere, ez du entzun nahi. Jarrera demokratiko eskasa erakusten du horrek.

Horregatik iritsi gara 250. greba egunera, zoritxarrez. Oso luze doa, hiru urte, antzeko osagaiak dituzten beste lan gatazka batzuen antzera: Bizkaiko erresidentziak, Gipuzkoako epaitegietako garbitzaileak, eta abar. Hala ere, aurrera begira jarraitzen dugu. Hitzarmena berritzea premiazkoa delako eta gure aitona-amonentzako zerbitzu egokia eskainiko duen eredua eztabaidatu eta hobetu behar delako. Langile ezinbestekoek hitzarmen duin baterako eskubidea dute. ELAk badu konponbidea, Aldundiaren esku dago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.