Osasunaren mendeurrenean

Mikel Huarte Alzueta
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Osasunaren ehungarren urteurrenaren ospakizunarekin batera, paradoxikoki—taldearen izenagatik—, pandemia bat gertatu da mundu osoan, eta, zoritxarrez, eragin handia izan du osasunean, heriotza tasaren gorakadan, eta zuzenean gure bizimoduan. Kasualitateak zer diren, beste pandemia baten astinaldi betean sortu zen kluba: gripe espainiarra delakoarenean. Mundu osoan zabaldu zen 1918. urtean, eta COVID-19ak eragindako heriotzak halako bi eta gehiago eragin zituen: 3.000 hildako Nafarroan, haietatik 243 Iruñean, eta Etxarri Aranatzek Europa osoko heriotza tasarik handiena izan zuen. Hori kontuan hartuta lotura batzuk egiten saiatzea da testu honen helburua.

Bai lehen eta bai orain, Isaac Puente mediku anarkistak ohartarazi zuenez, «osasuna, baita askatasuna ere, norberak lortu behar du», eta begi bistakoa da, gainera, gizarte osoak parte hartu behar duela biak eskuratzeko: osasuna eta askatasun publikoak. Bestela ezinezkoa litzateke. Orain dela 100 urte, aberatsek eta erdiko eta goiko klaseetakoek bakarrik zuten aukera medikuarenera joateko, eta gaur egun, hainbat lorpen sozial eta demokratikori esker, osasun sistema publiko bat daukagu, Nafarroan Osasunbidea izena duena.

Donibane zelai zaharraren ondoan San Miguel klinika zegoen, Victoriano Juaristi medikuak sortua 1919an. Hark, osasunaren ikusmolde sozial eta holistiko batez, hauxe idatzi zuen: «Boteretsuak! Bultza ezazue herritarren hezkuntza, egin itzazue etxeak langileentzat [...] Eguzkiak, aireak eta urak eusten diote biziari lurrean. Maita itzazue». Francisco Atadill Osasunaren sortzaileetako baten senide batek gogoan zuen bere aita klinika horretan egona zela ospitaleratuta garai hartan, eta pentsarazi zion horrek agian eragina izango zuela izen horren alde egiteko orduan. Garai hartan boladan zegoen gimnastika suediarra; osasuntsu egoteko bitartekotzat zeukaten ariketa fisikoa, eta horregatik erabaki zuten izenaren aurretik Atlético hitza jartzea. Eladio Zilbetik, Txomin Meauriok, Ignacio Perillanek eta Pepito Huicik, laurak errepublikaren aldekoak, euskarazko izena proposatu zieten gainerako kideei.

Oraindik bukatu ez den mundu mailako pandemia honek eragindako arazo ekonomiko, sozial eta sanitarioak nahikoa ez, eta muturren aurrean topatu dugu klima aldaketa, zeinaren ondorioek eragina izango baitute osasun publikoan. Bizikleta da horri aurre egiteko eskuragarri dauden tresnetako bat. Makina perfektua zela zioten, eraginkorrena; bizikleta erabilita, mundua kerik gabe dabil biraka. Iruñean, kirol lasterketen sustatzaile nagusiak Union Ciclista Navarran zeuden 1920ko hamarkadan: Jesus Monzon, Natalio Cayuela, Fortunato Aguirre... Osasunak txirrindulari talde bat zuen. Jokorik onena, futbola alegia, eta makinarik onena, atletismoko lasterketekin konbinatuta. Txirrindulariak, gimnastak eta korrikalariak kamiseta gorria jantzita: Cruz Amestoy, Eloy Zufiaurre, Francisco Goicoechea...

Mediku bat eta fisioterapeuta bat izan zituzten lehen klubetako bat izan zen Osasuna. Ricardo Garcia Enciso sendagileak eta Vicente Rey masajista eta praktikante profesionalak 30 urte inguru eman zituzten han lanean. Garcia Encisok inork baino hobeto ezagutzen zituen jokalariak. 1953an egindako elkarrizketa batean, aitortu zuen taldeak abantaila zuela, eta gehitu zuen aurkariei ere ematen ziela zerbitzu. Angel Goicoechea kazetariak, aurrerago Osasunako presidente eta frankismo garaian Iruñeko alkate izandakoak, azaldu zuen besteak beste zergatik heldu zitzaion profesionaltasuna geroago Osasunari: «Ricardok eta beste lagun batzuek esklusiboki eta musu truk egin zuten lan beren klub kutunarentzat».

Garcia Enciso familia Artaxoakoa zen jatorriz. Ricardok bi anaia zituen, Emilio eta Victorino. Ricardoren heriotza goiztiarraren ondorioz, haren alargunaren esku geratu zen familiaren inprenta, eta, hainbat urte geroago, Emilio anaiak hartu zuen. 1920an, Victorino epailea zen bere jaioterrian; gero, okina izan zen ofizioz, eta zinegotzi errepublikanoa Iruñean, Izquierda Republicanan afiliatua. Horrez gain, Osasunaren 1935eko Batzarrean izandakoen artean azaltzen da, klubaren kontuak berrikusteko bazkide arduradun gisa.

Natalio Cayuela Osasunako presidente izan zen ia hamarkada batez. Hura karguan zegoela zabaldu zen futbolaren ospea, eta harekin igo zen taldea Lehen Mailara. Errepublika garaian, aldi berean izan zen Gurutze Gorriko Iruñeko presidente, Erruki Etxeko batzordekide eta, lanbidez, Justiziako goi mailako funtzionario. Helburutzat hartu zuen Iruñean osasun etxe bat sortzea, baina ezin izan zuen bete, gerra heldu zela eta. Haren anaia Santiago, hura ere abokatua, Victoriano Juaristiren laguna zen: Juaristi medikua zen, eta joera errepublikanoko artista, baita Nafar Ateneoko presidentea ere. Han, hain zuzen, Cayuela anaietako txikiarekin topo egin zuen, literaturazalea baitzen hura. Garai hartan agurtzeko erabiltzen zen «osasuna eta errepublika» esaerak kutsu demokratiko argia zuen beste batzuek erabiltzen zutenaren aldean: «jainkoa, aberria eta erregea». Bigarren Errepublikan, guztien ondasun izendatu zuten osasuna, baita eskubide sozial ere.

Militarren eta faxisten kolpearen ostean, gerra piztu zen, eta hura hastearekin batera hil egin zituzten Natalio, Santiago, Victorino zinegotzia eta Cruz, Eloy eta Francisco korrikalariak, baita Osasunako beste kide batzuk ere; beste zenbait espetxeratu egin zituzten, eta beste batzuek erbestera alde egin behar izan zuten (Vicente masajistak, besteak beste). Nafarroako datuak izugarriak izan ziren: 3.450 nafar hil zituzten beren ideia politikoengatik, kolpistek berek adierazi zutenez (E. Mola). Jimeno Juriok jasotako testigantzaren arabera, Emilio Garcia Enciso atsekabeak jota hil zen haren anaia Victorinoren hilketaren ondoren, eta Juaristi medikuak, oraindik ere Gerra Batzorde Karlistako doktore zela, bere lagun Santiagoren exekuzioa kritikatu zuen aho betean. Osasun publikoa gerrako osasungintza bihurtu zen, eta zauriak ez dira orbaindu oraindik, dela ahanzturagatik, dela ezkutatu egin direlako.

Demokrazia, gardentasuna eta parte hartze soziala osasun kolektibo onaren seinale dira. Errepublika aldarrikatu eta gero, kazetari eta Osasunaren sortzaile Jose Huicik idatzia utzi zuen Osasuna herrialdeko klubik demokratikoenetako bat zela. Gaur egun, futbolaren arloari dagokionez, osasuntsu dago, taularen goialdean, baina, oraindik ere, klubeko kide batzuek amnesia zantzuak dituzte. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da lehenbailehen psikoterapia tratamendu bat ematea haiei; funtsean, kontua da aitortza ematea sortzaileek egindako ikerketa eta estudioei, eta errekonozitzea zer gertatu zitzaien gerra madarikatuan. Bestela, litekeena da pazientea bere gaitasun kognitibo guztien jabe izan gabe bizitzea eta bat-batean beste agente batzuen tutoretzapean geratzea, jatorrizko espirituari men egin gabe: alegia, gogoan izan gabe Club Atletico Osasuna bazkide guztiena dela, Nafarroako gizartearen adierazpen gorena dela, eta familia errepresaliatuak erreparatzea eta biktimen memoria duintzea nahi duela eta babesten duela.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.