Patxi Zabaleta

Atzo genioen bezala

2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Esaten denez, Frai Luis Leongoak, lau urte luze Inkisizioak —orduko Epaitegi Nazionalak, alegia— bere espetxean eduki ondoren, berriro askatasuna lortu eta unibertsitatera joan zelarik, hitz hauekin hasi omen zuen irakasaldia: «Atzo esaten genuen bezala...». Badira gertakizun hura zalantzan jartzen dutenak, baina ez da adibide txarra COVID-19 delako koronabirusak eragindako pandemia edo izurrite hau igarotzen denean aurrera begiratu ahal izateko.

Izan ere, ezin ditugu ahaztu, eta ezta alde batera utzi bitartean hain modu gogorrean joan zaizkigunak —zahar eta gazte, artista eta langile—, eta sortu zaizkigun arazo berriak —sozialak, ekonomikoak, politikoak eta giza mailakoak— eta ezta aurrean ditugun erronkak —gordinak, zailak eta ezezagunak—. Hain modu azkarrean joan zaizkigun guztiek utzi diguten mezua da bizitza ez dela denbora, baizik epea; zeren eta joandakoekin eta etorriko direnekin batera osatzen baitugu herria deitzen dugun gizarte hau. Horregatik da hain premiazkoa egoera eta arazo berriak oraindik sortu ez zirenean edo sortzear zirenean esaten genuena eta aurrean genituen kezka nagusiak gogoratzea.

Hain da sakona egoera honen eragina gure izaeran, bizimoduan eta pentsaeran, zaila zaigula irudikatzea bera ere. Agian, tximeletaren hegoen mugimenduak urrun-urrunean izan lezakeen balizko eragin harena gogoratu beharko genuke. Ezer gutxian uzten baitu oraingo honek; zera, alegia: Txinako merkatu bazter batean piztia batetik gizakien leinura jauzi ebolutiboa egindako infra-mikrobio baten pseudo-hegalkadak Europako, Afrikako edo Ameriketako edozein bazter ezezagunetan eragin ahal izatea, alegia.

Zer agertzen zen egunkarien lehen orrialdeetan orain dela 45 egun? Betiko eta ohiko berriaz gainera, etorkizunerako eragin esanguratsua duten bost gai axaletik arakatuko ditut oraingo honetan:

Bat, Hong Kong hiriko demokrazia aldarrikapenak. Aldarrikapen horrek eragin zuzena izango du —nahiz ez berehala— Txinako estatu eta potentzia erraldoi hartan; eta ondorioz mundu osoan; gu ere barne, jakina. Eta zalantzarik gabe, eragina izanen du —agian luzarora— Tibet bezalako herri zapalduen askatasunerako ere. Tamalez, Hong Kong hiriko mugimendu garrantzitsu hura ahaztua edo baztertua dagoela dirudi, koronabirusa dela-eta; baina gizateriak oroitu beharreko zerbait da.

Bigarren gai bat, Europaren gabeziak Brexitaren ondorioak, Libiako gerratea eta abar izan litezke. Pandemia hau ez da estatuen mugen barrukoa; pandemia hau Europan Europarena da. Besterik da estatuak, armadak, monarkiak eta abarrek zerbaitetarako balio dutela azaldu nahian ibiltzea, egoeraz baliatuz. Baina zoritxarrez, agerikoa da Europa ez dagoela beharko lukeen mailan. Greziako krisian greziar bakoitzaren jubilazio edo erretretak Greziako banku bakoitza bezain europartzat hartua izan behar zuen bezala, orain ere Albazeteko edo Amurrioko baten koronabirusa holandar batena bezala tratatu beharko litzateke Europan. Brexit-aren arazoan, berriz, ez genuke atzendu beharko eskoziarrak eta irlandarrak gu bezain europarrak direla; eta haiek eta beste milioika britaniar europazaleak aintzat hartuz jokatzeak izan beharko lukeela gure xedea. Dublin eta Edinburgo gabe ezin da Europa irudikatu, Bartzelona gabe ezin den bezala. Eta Libiako gerratea zer?Europaren ezkaratzean jokatzen da, Europaren erruz sortutako guda europar bat gehiago da; Balkanetakoak, Kaukasokoak, Ukrainakoa, Siriakoa eta Palestinakoa diren bezala. Zenbat samin Europak!

Nekazari eta abeltzainen traktorekadak eta jendez hustutako lurraldeen aldarrikapenak. Nahiz aspaldiko kontua diruditen, atzoko eta biharko erronka gordinak dira. Ez da soilik prezioen gorabehera; janarien eta premiazko ondasunen ekoizpena eta haien salmenta edo kontsumitzailearen eskuetara iristeko moduak, bideak eta arazoak daude tartean. Komertzio tradizionalaz eta herri merkatuez gainera, baserri eta ekoizteko guneetan ekoizleen salmenta zuzena bideragarri egiten duten neurri eta baldintzak zehaztu beharra dago, Europako beste lurralde batzuetan egiten den bezala. Nafarroan lege foral bat egin genuen orain dela hamar urte baino gehiago ekoizleen salmenta zuzena sustatzeko, baina ez da garatu.

Trump eta antzekoek gure bizimoduan eragiten jarraituko dute. Batzuetan arlote arriskugarriaren papera jokatzen duela badirudi ere, egiten duenak guztion bizimoduan du eragina eta ez daukagu helduleku demokratikorik horren aurrean; inperioaren ondorioak dira. Ez da ahaztu behar hark eta hura bezalatsuko batzuek dauzkatela eskuetan mundua birrindu lezaketen lehergailu atomikoen giltzak.

Ekonomiaren eta osasunaren arteko lehia faltsua eta zahar etxeen ereduaaldatu beharra; Zaldibarko zabortegiaren itzal luzea, eta izadiaren berpizkundea, otsoen zain eta antzinako beldurraz. Nahiz izurrite eta lepraren kontrako lazaretoen historiak eta kondairak ezagutzen genituen, ez zen inoiz etxe barruko konfinamendua ikusi munduan. Bizipen eta gaizpentsu berriak dira. Bestalde, ustezko ekonomiaren komahondoa jotzearen aurretik jartzeak, etikari ostikoa eman ez ezik, ekonomiaren ikuspegi atzerakoia azaltzen du; euskal eta europar kapitalik eta lehengairik garrantzitsuena eta iraunkorrena pertsonak baitira. Pandemia honek ekarri dizkigun erakuspenen artean, lehena zalantzarik gabe da neurri handi batean diru publikoz hornitzen diren zahar etxeen ereduak iraultza osoa beharko duela; ez bakarrik agerian gelditutako gabeziengatik, baizik eta baita justiziaren agindu zehatzengatik ere.

Sozialki hain garratza gertatzen ari den aro honetan, izadia berpizten ari dela ezin uka; basurdeak, oreinak eta piztia mota guztiak hiriguneetan agertu dira; eta, agian, Nafarroan omen dagoen 12.000 basurdeko kopurua egonik, izadiak berezkoak dituen mugatzaile naturalak beharko ditu. Eta paper hori otsoek bete izan dute betidanik. Beraz, etorriko dira. Nork daki ez ote dabiltzan jada inguru hauetatik, pandemiaren mendietako isiltasunaz eta gizakien usainik ezaz baliatuta?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.