'The West and the Rest': COVID-19aren aurkako jarrerak

2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Inpresionatu egin ninduen duela hilabete Olatz Urkia kazetariak Wuhanetik egindako kronikak. Bi hilabete eta erdiko itxialdi zurrunaren ondoren ireki zen hiria, eta hango berri ematera joan zen. Neurri zorrotzen artean sartu zen: besoak altxatu eta geltokian bertan desinfektatu zuten, mahatsondoa ballitzan. Egun batzuen ostean Beijingera itzulia, baina agindu batekin: bi asteko derrigorrezko berrogeialdia.

Ordutik apenas ez da kasurik izan Txinan, baina neurri zorrotzekin jarraitzen dute: eskoletan, garraioan, lantokian, kalean eta abarretan. Tenperatura kontrol ugari, musukoen erabilera zabala eta abar.

Hemen, Mendebaldean, lasaiago hartu ditugu gauzak. Oso gogorra egin zaigu, bai, berrogei egunez etxetik ezin irtetea... irteterik izan ez dutenei. Askok eduki baitute paseatzeko txakurra, ogitan joateko aitzakia, edo beste barik lantokira joateko derrigorra. Gogorra egin zaigu, baina amaitzen ari da. Duela astebete utzi ziguten paseatzera irteten, eta aste honetan terrazetan eta hamaiketakoetan elkartu ahal izango gara. Honezkero, udako opor eta jaietan pentsatzen jarri gaituzte komunikabideek. Gure nerabe asko datorren astean hasiko dira eskoletan. Hori guztiori, oraindik ere egunero dozenaka kutsatu berri ditugularik.

Bi eredu nagusi ikusten ari gara pandemiari aurre egiteko: hitz bitan, gogorra eta biguna, Asia eta Mendebaldea; eta bakoitzean, munduko potentzia bana: Txina eta AEB. Faktore ezberdinek esplika lezakete bi ereduen arteko aldea. Lehena politikoa da: Asiako herrialde askotan, eta Txinan bereziki, diktadurak daude, eta modu diktatorialean ezarri dira neurriak. Gu, mendebaldarrok, demokrazian bizi gara, eta gauzak modu arrazionalagoan egiten ditugu. Bestetik, oro har Mendebaldeko ekonomia eta osasun sistemak indartsuagoak dira, eta ahalmen handiagoa dute pandemia bati aurre egiteko. Jendea kutsatuko da, bai, baina sendabideak prest ditugu; han ez hainbeste ordea, omen. Azkenik, bizitzeko filosofiak dira ezberdinak: hemen hedonistagoak gara, gehiago maite dugu ondo bizitzea; han zailduago eta ohituago daude egoera gogorretan, batzuetan lanerako baino ez direla bizi ematen du.

Horrela esplikatzen dugu askotan, oharkabean bada ere, pandemiari aurre egiteko moduen ezberdintasuna. Gurea, jakina, eramangarriagoa da.

Eramangarriagoa, zinez? Ikus ditzagun datuak. Txinan, iturri ezberdinen arabera, 30 milioi langabetu utzi ditu COVID-19ak, eta 4.633 hildako. AEBn 34 milioi langabetu eta 83.333 hildako, oraindik itxi ez den zenbaketan (artikulu hau idatzi bezperan 1.694 hildako izan ziren): populazioen tamaina kontuan hartuta, 78 aldiz gehiago hildako. Eramangarriagoa, beraz, lanpostua edo bizitza galdu ez dutenentzat. Desproportzio handiak aurkitzen ditugu beste lurralde batzuk konparatuz gero ere: Txinako Hubei probintzian (Wuhan hiriburu duena) 3.212 hildako utzi ditu pandemiak. Euskal Herrian 1.932 hildako utzi ditu, oraindik zabalik dagoen zenbaketan (artikulu hau idatzi bezperan 14 hil ziren), eta milaka gaixo daude oraindik; populazioen tamainak kontuan hartuta, gurean 12 aldiz gehiago hildako.

Datuak ikusita, bistan da ez demokrazia ez aberastasuna ez direla gaitzari aurre egiteko gakoak izan. Areago: pandemia hasi zelarik, nola garatzen ari zen urrutitik ikusteko eta ikasteko aukera pribilegiatua izan genuen. Urtarrilaren 23an itxi zuten 11 milioi biztanle dituen Wuhan, 100 kasu inguru zituela (hala diote datu ofizialek). Bi hilabete izan genituen ikasteko, baina ez dirudi ezer ikasi genuenik: martxoaren erdian itxi zen Euskal Herria, 600 kasu inguru zituela (hemen ere datu ofizialak). Eta «inork aurreikusi ezin zezakeena (sic)» etorri zen.

Triskantzarik handiena munduan hegemoniko bihurtu den kulturaren sorlekuetan gertatzen ari da, AEB eta Eresuma Batua, eta horrek kulturari erreparatzera narama. Nago Mendebaldean dugun harropuzkeria kulturala arrazoi nagusia izan dela Ekialdetik ikasteko genuena ez ikasteko; are, merkatuaren presioa baino handiagoa. Gu ez gara haiek bezain otzan eta esaneko; gu azkarragoak, kapazagoak eta libreagoak gara. Mundua mendean hartzen ohitua gaude, arazoak konpontzen. Besteak ezjakinak dira. Ikusi genituen musukoa aurpegitik kentzen ez zutela, eta pentsatu genuen beldurti esajeratuak zirela (ingurukoak babesteko jokabide eskuzabala dela ohartu gabe). Ikusten ari gara zein zuhur itzultzen ari diren egunerokotasunera, eta haiek heltzen direnerako bertan egongo gara gu.

Uko egiten diogu geure burua asiarren ispiluan begiratzeari. Oso barneratuta dugu Mendebaldeko kulturan bestearen gutxiespena; bereziki bestea Ekialdetik datorrenean, Edward W. Said zenak zioen bezala. Eta oraingoan aurreiritzi eta harropuzkeria horiek hilkor bihurtu zaizkigu: ikasi beharrekoa ikasi izan bagenu, ehunka bizitza salbatuko ziren Euskal Herrian, eta hamarnaka mila munduan (edo gehiago, zenbaketa itxi gabe baitago). Zoritxarrez, ideologiak ez bezala, kulturak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Krisi gehiago beharko lirateke gure harropuzkeria leuntzen hasteko.

Giza espeziea garrantzirik gabeko espezie bat baino ez dela onartzea da latzena, dio S. Zizek filosofoak pandemiaren aurrean. Horri honako hau gehitu behar diogu mendebaldarrok; gure kultura beste kulturak baino hobea ez dela onartzea kostatu egin behar zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.