Gabonak ospatu

2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Azken urteotan ikusten ari naiz badagoela, jende dezenteren partetik, Gabonak deituriko festa hauek direla eta, halako baztertze edo, akaso, nazka sentitzen dutenen jarrera bat. Ez zaie arrazoirik falta. Izan ere, Gabonetako giro honek nor ez du aztoratzen! Hiru hilabete aurretik azaltzen dira turroiak saltoki handietan eta ikusi hutsarekin gure buruak esaten digu: bazetozak! Pasabideetatik zezenak azalduko balira bezala.

Hasi zaizkigu barrenak nahasten, eta berehala etxekoekin gogoratzen gara. Nor edo nortzuk noren etxera eta noiz joango diren mugikorra eta whatxapa sutan jarri ondoren, azkenik erabaki dugu; ez da guk nahi genuena, baina... Orain beste kontu batzuk datoz. Zer jarriko dugun afaltzeko edo bazkaltzeko, batzuek arraina gustuko eta besteek okela, ez da erraza. Eta opariak zer? Aurten huskeria bana eta paperarekin estali gabeak, hala diote adituek. Eta hau guztia lanarekin uztartu behar. Hiriko azken egunetako trafikoa ere jasanezina da. Zenbat auto eta turuta soinu! Dendetan ere jendea elkarri bultzaka. Ez da, ez, egoera goxoa! Eta eskerrak ez dugula intxaur-saltsa prestatzeko asmorik.

Iritsi da Gabon gaua. Kalera irten eta Olentzeroren etorrera ikusi ondoren zerbait hartzera. Taberna bat, beste bat eta denak beteta, kabitu ezinean. Bitartean, etxeko saloiko mahai luzean pentsatzen. Nik banuen ba Gabonetako mantel polit bat, non ote dago? Jadanik etxean gaude eta jarri dugu mahai elegante hori. Etorri dira gure gonbidatuak. Iker eta Maddi haur zoragarriak dira eta txintxoak. Sartu da amaginarreba ere, algara batean, joan zen astean egon eta urtebetean ikusi ez bagina bezala. Ondoren koinatua, majoa da baina politikaz hitz egiten hasten denean, jasanezina da. Koinata Martxeli ere badator, azkena, opariak non gordeko ote dituen ez dakiela. Azkenean, gu lau eta eurak bost, mahaikada ederra. Bakoitzak hiruna plater, atera kontuak, ez dira ontzi-garbigailuan sartzen. Zenbat lan, zenbat tentsio-une. Gabonak!

Egia da konplikatu egiten garela. Badakit hau dena horrela dela eta askotan zailagoa ere bai, baina ez dezagun guk geuk zailagoa egin.

Errespetatzen ditut Gabonez nazkatuta daudenak eta etxean, hirian edo herrian geratu ordez hortik zehar ihes egitea nahiago dutenak, agian, bake gehiagoren bila. Norberekiko askatasuna da garrantzitsuena.

Baina ni Gabonak ospatzeko eskatzera natorkizue. Ez naiz masokista. Urtez urte Gabon inguruko festa hauen zergatia topatu nahian ibili naiz eta, ene ustetan, ospatzekoak dira.

Gizakia ez da gaurkoa, eta milaka urtetan ospatu izan du neguko solstizioa. Hainbeste aldendu gara kosmosetik, eta geure lurretik zer esanik ez. Gure bizitza horrenbeste teknifikatu eta sofistikatu ondoren, gaur eguzkiaz edo lurraz hitz egitea denbora galtzea dela deritzogu. Egia da beldurrezko kontzientzia egoista bat sortu dela, eta lurra ez badugu zaintzen amaitu egingo dela esaten ari gara. Zerbait da. Zaintzea ez da nahikoa, berarekin bat egin behar dugu, bat garelako. Neguko solstizioak, batez ere, eguzkiari begira jartzen gaitu. Eguzkiak egin du urte osoko bere ibilbidea eta berriz hastera doa. Eguzki berria sortuko zaigu. Eguzkiak mantentzen eta aberasten du lurra, gure baratzeak eta basoak. Basoak dira bizitzako alimentua ematen digutenak: oxigenoa. Garai batean egurra, batez ere, sua egiteko erabiltzen zen, eta neguan, eguzkiaren faltan, argitzeko eta berotzeko.

Gabonetan, bi elementu hauek aurkituko ditugu: egurra eta sua. Europa osoan azaltzen zaigu bi elementu hauen gorazarrea. Gaur egun, sua egitea ez dugu denok eskura, baina basoa, zuhaitza eta egurra bai. Etxeetan sartzen dugun zuhaitz-pinu horrek naturarekiko gure maitasuna adierazi beharko liguke eta, nahiz eta plastikozkoa izan, hori da benetan sentitu behar duguna. Ongi legoke basora joan eta gure pago edo haritz eder batzuk besarkatzea.

Jesus Nazaretekoa. Oraindik ere askok sinesten dute Jainkoaren Semearengan, Espiritu Santuaren eraginez Ama Birjinagandik Betleemen jaiotako Jesus haurra. Jesus mitifikatu honetan sinesten duten guztiak errespetatzen ditut eta, aurrerapenik egiten ez duten bitartean, sinesten jarraitzeko esango nieke, ezereza baino hobe baita. Jesus Nazaretekoa esan dugu eta ez Betleemgoa. Esaten dutenez, bere ama Maria Nazareteko etxean erditu omen zen Jose ondoan zuela, beste bere anai-arrebez bezalaxe.

Gaur ikertzaile gehienek onartzen dute Nazareteko Jesus pertsona historiko bezala. Apenas dagoen hari buruzko aztarna arkeologikorik, baina idatzitako testuetan, 60-70 urte beranduago idatzitakoak badira ere, badago nahiko adierazpen Jesus hau duela 2.000 urte Galilea aldean ibili zela esateko. Gizon argia, sakona, bihozbera, jakintsua, mistikoa, emakumeen defendatzailea, zuzena eta kritikoa. Beharbada, horrek eraman zuen exekutatua izatera.

Ez dakigu noiz jaio zen, nahiz eta Gabonetan ospatu. Jesusen jaiotza abenduaren 25ean ospatzeak neguko solstizioarekin, eguzki berriarekin, lotura duela zalantzarik ez dago. (Data horietan, Erroman bazen Saturnoren festak ospatzeko ohitura eta hortik etor daiteke, beharbada). Jaio ere, Garai Berria baino hiru edo lau urte aurretik jaio omen zen Jesus.

Baina zergatik ospatu Jesusen jaiotza ere? Aspalditxotik hasita, badira gazteak eta helduagoak, euren barrenak ase nahian edo, historiak eman dizkigun maisu argitsuen bila dabiltzanak. Jesusen aurretik baziren beste batzuk ere, Zaratustra, Konfuzio eta Lao-tse txinatarrak eta Buda Gautama, jaiotzez indiarra, bakar batzuk aipatzearren. Ondoren ere, askoz geroago, etorri ziren beste batzuk. Ezagunena Mahoma, islamaren profeta.

Mundu guztian ospatzen dituzte gizon jakintsu hauen onomastikak. Betleemgo Jesus doktrina eta erlijio bihurtu eta, Erromako Konstantino boteretsuak, hala komeni zitzaiolako, Mendebalde guztira zabaldu zuen kristautasuna. Txikitatik bizi izan dugu, beste botere batzuen inguruan, ulertzen ez genuen doktrinaren ezarpena. Gaur, burua zerbait argiago, ahalegintzen gara mitologia, erlijioa eta benetako mezuak bereizten.

Nazareteko Jesus benetakoa ezagutzen ari gara. Ados bagaude Jesusen mezuarekin eta berak egindakoarekin, zergatik ez ospatu?

Nola? Adibidez, aurten afaltzera etorri zaizun koinatu petardo hori lasaitasunez eta besoak zabalik onartuz eta erdi gorra dagoen amaginarrebaren builak irribarre batekingoxatuz. Hau egiten baduzu, Nazareteko Jesusen jaiotza ospatzen ari zara.

Eguberri on denoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.