Boxeoa, kirola?

Euxebio Arexolaleiba, Joseba Zendoia
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
«Boxeoak galzori eta arrisku handiak dakartza. Hau da gure lana, gure grina. Sekula ez da nire asmoa izan nire aurkariari min ematea». Hauxe da Marie Pier Hule boxeolari kanadarrak 2021eko irailaren 2an esandakoa, hain zuzen ere, Jeanette Zacarias Zapata mexikarra, bere aurkaria, hil eta bost egunera egindako adierazpena.

2021eko abuztuaren 8an izan zen bien arteko lehia. Hainbestekoa izan zen basakeria, non epaileak lehiaketa bertan behera utzi behar izan zuen laugarren round-ean, Janette Zacarias Zapataren egoerakritikoa zela eta. 18 urteko neska mexikarraren hankak eta eskuak kontrolik gabeko dardarak hartu zituen. Bertan zeuden medikuek, konbultsioak zeuzkala ikusita, berehala eskatu zuten gertuko ospitalera eramateko. Koma egoeran sartu, eta bost egunera hil zen neska gajoa! Hasieran aipatutakoa adierazi zuen bere aurkariak, Jeanette Zacariasen heriotzaren berri izan zuenean.

Azaldutakoa kontuan izanda, boxeoa kirola dela esan genezake? Onartezinak iruditzen zaizkigu gizonezkoen eta emakumezkoen arteko horrelako lehiak. Beti pentsatu izan dugu horrelako ankerkeriak gizonezkoen kontuak zirela, gure auzo-lotsarako. Irudiak ikaragarriak ziren: kolpeak aurpegian eta buruan, etengabean. Odol jarioak, ubeldurak, begirada erasokorrak, ikusleak (gizonezkoak eta emakumezkoak) algaraka eta pozarren, paranoia egoeran guztiak. Bozgorailutik ari zen gizonezkoa, bi aurkariak animatzen, giroa berotzen. Ahari talken antzeko egoeran, elkar topeka, inongo errukirik gabe. Ez zaigu bidezkoa iruditzen horri kirola deitzea; izan ere, pertsona suntsitzen baitu. Adituen esanetan, honakoak dira boxeoaren ondorioak:

- Etengabeko kolpeen ondorioz, epe ertainean, arazo neuronalak sortzen dira kasuen %90ean. Bizkortasun mentala gutxitzea da ohikoena. Silvester Stallonek egindako Rocky filmean, esaterako, egoera hau azaltzen da.

- Kolpe gogorren eragina ez da soilik mentala. Kalte fisikoak nabarmenak dira, bereziki, erretiroa hartzen dutenean.

- Ikerketa baten arabera, boxeolarien %90ek garuneko lesioren bat izango dute beraien kirol-karrera bukatzean. Jasotzen dituzten kolpeek burmuina substantzia kimikoz betetzen dute, neuronen despolarizazioaren ondorioz. Borroka bakoitzean burmuinak jasaten duen kaltearen baliokidea honakoa litzateke: sei kiloko mailu bigungarri batek orduko 30 kilometroko abiaduran, hogeita hamar aldiko maiztasunez jotzea. Garunerako eraso hau urteetan pairatuz gero, kalteak konponezinak bihurtzen dira.

- Hasierako sintomak hauek izaten dira: buru-arintasunaren murrizketa, mugimendu-koordinazioaren gabezia, pentsamenduak sailkatzeko zailtasunak. Denborak aurrera egin ahala, portaera psikotikoak ere ager daitezke, baita dementzia eta parkinsona ere. Datuak esanguratsuak dira: boxeolarien %40 eta %80 artean entzefalopatia kroniko traumatikoak dituzte, eta %17k parkinsona.

- Gaian aditua den Dick Swaab neurologo holandarrak honako hauek ere aipatzen ditu: hizkuntzaren nahasmenduak, epilepsia, begien mugimendu kontrolaezina eta mugimenduen ezegonkortasuna.

- Ikusmenean ere ohikoak dira kalteak, bat-batean edo modu mailakatuan ikusmen galerak izatea.

Aipatu ditugun ondorioak boxeolari ezagun askok pairatu dituzte: Mohamed Alik (Cassius Clay) parkinsona izan zuen, eta Mike Tysonek, buruko gaitzen ondorio, alkohol eta droga arazoak izan zituen eta sexu-indarkeriagatik espetxean eman zituen hainbat urte. Hildako boxeolarien zerrenda ere ez da laburra: Kevin Randleman, Jose Carvalho, Amokrame Sabet, Jordan Parsons, Ivan Cole, Amzar Subev, Mateus Fernandez, Obeb Pereira, Perro Aguayo, eta Jeanette Zacarias.

Boxeolari gehienak jatorriz txiroak eta kultura-maila urrikoak izaten dira, eta boxeoa egoera horretatik irteteko aukera gisa ikusten dute. Batzuek esango dute norbanakoek askatasunez erabaki dezaketela bere ogibidea. Guri, ordea, gogorra, gogorregia egiten zaigu bi kide inongo errukirik gabe elkarri kolpeka ikustea. Are gehiago aipatutako ondorioak kontuan hartzen baditugu. ETBk ere astero Boxeo izarrak izeneko saioa eskaintzen du. Kontuan izanda ETBk onartua duen kode etikoa, ulertezina egiten zaigu, kirola den aitzakiapean, horrelako programak emititzea. Ez da kirola, basakeria da. Gizonezko eta emakumezkoak laidoztatzen dituzte.

Guztion erantzukizuna da era honetako ikuskizunak eta gaizki izendatutako kirolak ezabatzea. Ez dute ezer onik ekarriko, ez boxeolarientzat ezta gizartearentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.