Albistea entzun

Ehunmiliak. Javi Dominguez. Mendiko korrikalaria

«Irabazita, zalantzak uxatzea lortu dut»

ARIANE VIERBÜCHER / GOIERRIKO HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko uztailak 13

Ehunmilien historian hizki larriz idatzita dago Javi Dominguezen izena (Gasteiz, 1974). Larunbatean seigarrenez jantzi zuen txapela proba nagusian. Oraindik onenen artean dagoela erakutsi zuen.

Zer sentitu zenuen lasterketa seigarrenez irabazita?

Iaz Traveseran eta UTMBn izandako esperientzien ostean, ikusten nuen mantsoago nenbilela. Irabazteak hauspo handia eman dit, uste baino hobeto sentitu naizelako, gehienbat. Denbora ez da izan lasterketa errekorra egin nuenekoaren parekoa, baina oso gustura nago.

Denbora guztian bakarrik joan zinen. Nola kudeatu zenuen hori?

Beste modu batean kudeatu behar izan nuen lasterketa. Aurreko aldi askotan, 15-20 minutuko tartearekin ibili nintzen, baina, aurten, ordubete baino gehiagoko aldearekin. Ez da erraza. Besteetan baino luzeagoa egin zitzaidan lasterketa. Lasaitasuna ematen du abantaila horrekin joateak, baina arreta errazago galtzen da.

Seigarrenez irabazi duzu. Ez da nolanahiko garaipen kopurua.

Bai, egia da. Lehen aldian, 25 ordu egin nituen, eta gogoan daukat sinetsi ere ez nuela egiten. Urteen poderioz, esperientzia irabazi, eta gauza askotan hobetu dut.

Ehunmilien distantziak ez dauka sekreturik zuretzat.

Hainbeste proba egin eta gero, oso gustura nago distantzia honetan. Lehen urteetan, urduriago jartzen nintzen, baina ez dut inoiz arazorik izan urdailarekin. Orain, lasai joaten naiz horrelako probetara.

Aurtengo Ehunmiliak ezberdinak izan al dira?

Lasterketa ezberdina izaten da urtero. Beti ateratzen dira gauza berriak. Geldialdiarekin ere zalantzak nituen: bi urte zaharrago, aita ere izan nintzen... Egindako denborarekin harrituta gelditu nintzen ni ere. Ez daukat lehen neukan denbora guztia, eta, alde horretatik ere, zalantzak nituen. Orain zalantzak uxatu ditut.

Besteetan bezala prestatu al zenuen?

Beti prestatu izan dut antzera. Ez dut entrenamendu jakinik egiten. Distantzia igoz joaten naiz, eta lasterketetan ere distantzia igotzen dut Ehunmilietara iritsi arte. Lehen, denbora gehiago nuenez, lasterketa gehiagotan lehiatzen nintzen, eta gehiago entrenatzen nintzen. Orain, gehiago gozatzen dut entrenatzen. Albo batera utzi ditut serieak eta gimnasioko lana.

Ematen du ez zoazela adinean aurrera.

30 urterekin hasi nintzen korrika, eta orduan esaten zuten maratoilari batentzako garairik onena 37 urteren inguruan izaten zela. Ia hamar urte pasatu dira, eta oraindik hemen jarraitzen dugu. Ez dut urteetan pentsatzen.

Geroz eta zailagoa al da Ehunmilietan lehiatzeko motibazioa aurkitzea?

Denbora gutxiago dudanez, askoz ere motibatuago irteten naiz entrenatzera. Lehen, askotan, gogorik gabe joaten nintzen.

Mont Blanceko Ultratrailean (Chamonix, Frantzia) izango al zara aurten ere?

Askotan lehiatu naiz han, baina ez joateko hautua egin dut. Denboraldia amaitzeko 8k lasterketa korrituko dut Tena bailaran [Aragoi, Espainia]. Ondoren, agian, Italiara joango naiz,Vibramek antolatzen duen lasterketa batera. Vibram nire babeslea da.

Ikusi gehiago: Elena Calvillo: «Gutxien espero nuenean iritsi da garaipena»

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Giro onak lagundu digu prestatzen eta gozatzen»

Jon Ander De la Hoz

Azurmendik eta Alberdik irabazi dute Sherpa Airen binakako txapela. Biei «ilusioa» egin die elkarrekin gailentzeak. Finalean egindako lan ona azpimarratu dute.
Teresa Errandonea atleta Donostiako belodromoan. Bertan entrenatzen da eguraldi txarra dagoenean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erori, zutitu, eta jauzi egin

Beñat Mujika Telleria

Min hartuta egotea zaila izaten da kirolarientzat, baina soleoan izandako lesioa atzean utzita, sasoiko itzuli da Teresa Errandonea hamar hilabeteren ostean.

<b>Realeko jokalariak igandean sartutako goletako bat ospatzen.</b> ©LA LIGA

Balio handiko partida

Ainara Arratibel Gascon

Realak atzeratutako liga partida jokatu du gaur Real Madrilen zelaian. Txuri-urdinek segida eman nahi diote igandean lortutako garaipenari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...