Hezkuntza SOS

Maider Izagirre, Aitor Nuñez eta Ibai Redondo - LAB irakaskuntza

2019ko martxoak 15
Ikasle guztiei aukera-berdintasuna bermatzea, euskara eta euskal kulturaren transmisioa, hezkidetza, berrikuntza pedagogikoa, laikotasuna, doakotasuna eta eredu publiko indartsua sustatzea Hezkuntza Komunitateak bere egiten dituen oinarriak dira, besteak beste. Oinarri horien aldeko lan handia egin da gure herrian, aurrerapauso nabarmenak egin ditugu, baina azken urteotan nahi eta ezin ari gara. Paulo Freire pedagogoak esan zigun: «Inuxenteak ginateke pentsatuko bagenu klase dominatzaileak zapalduen mesedetarako hezkuntza antolatuko duela».

Baina ez gara inuxenteak, eta begi aurrean duguna ikusten dugu, estatuak zentralizazio prozesua indartu eta hezkuntza publikoa murrizten saiatzen ari dira. Gero eta gehiago dira (eta izango dira) atzerritik Euskal Herrira etorriko diren haur eta nerabeak, administrazioen utzikeriaren aurrean, segregazioa indartu egin da eta ghettoak sendotzen ari dira, ez dago etorri berriak diren ikasleen inklusioa lortzeko inolako planik; euskararen kalitatean eta erabileran atzeraka ari garela erakusten dute azken urteotako ikerketek; Euskal Herrian erabiltzen diren testuliburuen %80 atzerrian ekoitziak dira, eta Espainiako eta Frantziako curriculumak inposatzen zaizkigu; sexu bidezko banaketa eta erlijio irakasgaiaren derrigortasuna (publikoan) legez bermatu berri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak; berrikuntza pedagogikoa oztopatzen dute selektibitatea eta baxoa ikur duten azterketa-kalifikazioan oinarritutako ebaluazioek...

Zer egin?

LABek, urtebeteko hausnarketaren ondoren, euskal eskola publiko komunitarioa nolakoa izan behar den definitzeaz gain, berau lortzeko bidea proposatu die hezkuntza komunitateko eragile guztiei. Euskal Herriko Hezkuntza Komunitatearen gehiengoak desiratzen duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko ezinbestekoa zaigu guk gure hezkuntzaren inguruko erabakiak hartzea, hezkuntzan ere burujabetza eskuratzea. Ezinezkoa da Euskal Herriak behar duen euskal eskola publikoa eraikitzea Madril eta Parisek hezkuntzaren inguruan erabakitzea onartzen badugu, are eta gutxiago jakinda bi estatuen jarrera zentralista-jakobinoa izateaz gain erabat neoliberala dela. Espainiak ez du eskola publikoa indartu nahi bere lurraldean, are eta gutxiago euskal eskola publikoa. Entzun besterik ez dago Madrilen esaten direnak, ditugun hezkuntza eskumen apurrak ere lapurtu nahi dizkigute: «Hezkuntzako eskuduntzak zentralizatzera goaz», dio Espaniako eskumak. Gehiago?

Euskal eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatz bilakatu nahi dugunok estrategia berria jarri behar dugu mahai gainean: hausnarketa, adostasuna, elkarlana, auzolana, konfluentzia, ilusioa, indarra, batasuna... Herri honek bere onena jarri beharra dauka euskal hezkuntza sistema propioa lortzeko eta bertan euskal eskola publikoa ardatz izan dadin. LABetik proposamena egin dugu, gainontzeko eragileen proposamenak ezagutu, elkarrekin hausnartu eta adostasunetara iristeko irrikaz gaude.

LABen proposamenak euskal eskola publiko komunitarioa du izena. Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntzak publikoa izan behar duelako. Espainia eta Frantziako publikotasun ereduak ez dira munduan inorentzat eredu, guretzat zergatik? Proposatzen dugu Estonia edo Finlandia gisako hezkuntza ereduetatik ikastea; hamarkadetan pilatutako esperientzia eta proiektuak balioan jartzea eta gurea egitea. Euskal administrazioen legeen araberako publikotasuna eta hezkuntza komunitateak botere askoz handiagoa izango duen hezkuntza eskuratzea. Ez gara utopiaz hitz egiten ari; EAEko estatus berriaren proposamenean jasotzen den «hezkuntza konpetentzia esklusiboak» Euskal Herri osora hedatzeaz hitz egiten ari gara. Dozenaka eskola eta ikastolatan egiten ari garena sistema osora zabaltzeko lege babesaz eta herri prozesuaz. Prozesua posible da, baina, horretarako, elkarlana eta akordioak beharrezkoak dira. Bi estaturen aurrean, bulkada pribatizatzaile eta zentralistaren aurrean bakoitza berera eta elkarri mokoka ari bagara jai dugu, hezkuntzako egoera kaxkarra are eta okerragoa izango da.

Proposatzen dugun euskal eskola publiko komunitarioan lekua izan behar dute hasieran aipatutako ikuspegia duten eskola eta proiektu guztiek. Epe ertainean Euskal Herriko eskola publikoak eta ikuspegi komunitarioa duten Ikastola zein eskola libreak norabide honetan jartzeko apustua egiten dugu. Hau da, %50 publiko %50 pribatu-kontzertatu dikotomia apurtu eta euskal eskola publiko komunitariorako trantsizioa, konfluentzia egiteko apustua egiten dugu. Ezin dugu zatituta jarraitu, ezin ditugu lehian eta konfrontazioan jarri antzekoak diren herri proiektuak, deitu ikastola edo deitu eskola publiko, biek galtzen dutelako. Herri honetan, tradizio komunitario handia dago, elkarlanerako eta auzolanerako ohitura handia; tradizio hori berritu eta hezkuntzara eraman behar dugu, edo estatu zentralista neoliberalek txikitu egingo gaituzte, «euskal» ikuspegitik eta «publikoaren» ikuspegitik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna