Itzulerako prestakizunak

2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Itxialdiaren atea hasi da irekitzen, pandemiaren hondarretan gaudela sinetsi eta itzulera hasi gara prestatzen, arinegi akaso. Itxialdian, halabeharrez sortu diren bizipen eta gertaera berri askoren ondoan agerikoa izan da normaltasunera itzultzeko desioa, utopia. Batzuentzat, noski: lehengo inertzien joera, lehengo ohitura eta egitura ezagunen etorria eta emana gozagarri zutenentzat. Ez da parentesi bat izango, hala ere. Luze iraungo duen normaltasun berriaren txanda dator segituan, eta krisia dakar, krisiari erauntsiko dio denetan. Zaila da zehaztea zer ekarriko digun krisi erauntsi horrek, baina susmoa dut itxialdian egin izan duen euri berak bustiko gaituela pandemiaren hondar luzean. Normaltasun berrira egokitzeko makina bat saio egin beharko dugun arren, itxialdian hasi gara entseatzen.

Zer entseatu eta prestatu dugu? Nire buruari erantzun aurretik ohar bat, beharbada inpresio ustela baino ez dena. Esango nuke itxialdian gure inguruko bizipenak urrundu egin direla gertakari sozialetatik. Etxera batu zaigun mundua bizitzeari ekin diogun bitartean hor nonbait ari ziren gertatzen gure bizitzak determinatu dituzten gertakariak, eta lekutan ari ziren hartzen gure bizitzak arautu dituzten erabakiak. Ahalegin komunitario eta publiko zenbaitetan eutsi diogu mundu sozialaren egile izateari, horietan sakabanatzeari aurre egin eta gorputz soziala eta politikoa garela sentitu ahal izan dugu. Gertakari larrietan izan dugun agentzia hutsaren hurrena izan da. Bistan da, gure bizitza nahitaez soziala da, egiletasun politikoaz gabetuta ere, bizi-jario edo emari komun baten egile eta jasaile gara. Leiho, balkoi, auzo edo sareetan ikusi ditugu gure bizitzaren egile izateko saiakerak.

Alabaina, bizipenak ez dira beti poztekoak izan. Egunotan nonahi izan ditugu jokaera solidarioak, elkar hartu eta laguntzeko egitasmo pozgarriak eta pizgarriak, eta aurrez aurre, nonahi ere, autoritarismo soziala eta gregarismo atomizatuaren «ni lehenago», «ni denean eredu». Ezkorrenetara joz: mikroautoritarismoz jositako egunak bizi izan ditugu. Horrez gain, batasun eta elkartasun propagandistikoen gainetik, itxialdiak klase sozialen arrakala eta baztertuen oinazeak handitu ditu. Bai eta gabezia erlatibo klasista areagotu ere: pareko edo azpikoari kontu eskean otso, «zer dela eta gozatzen dute merezi ez dutena», eta goikoari uso, norbera goikoaren kide delakoan. Turista inozoaren kexuari «turista gehiegi nire inguruan» hipernormatibizazioaren mania gehitu zaio. Ergel neoliberalak gara finean, indibidualistak garela sinetsarazi digute, baina inoren indibidualtasunaz ardura pixkarik hartu barik, gregarismo itsuan lehiatzen gara bestea nominatzen eta arau zurrunen izenean xaxatzen. Kontsolagarria da jakitea halako jardunbidea ez dela jende gehienarena izan, baina sintomatikoa da: eskubide pribatiboak eta arau zurrunak nahasiko dira datorren faxismo sozial bigunaren errezetan.

Aitzakiarik ez da, baina gertaerek hartara bideratu gaituzte. Nola gobernatu da pandemia? Urrutira joan gabe eta salbuespen nabariak alde batera utzita, handira eta handizka barreiatutako jokaera autoritarioak izan ditugu nagusi: zentralizazioa, militarizazioa, aitakeriaz jositako lidergo pertsonalistak, herri eragileekiko mesfidantza, estandarizazioa, eta abar. Itxialdian zehar zenbat politika aldatu dira gobernatzen gaituzten estatuetan normaltasun berria bestelako normaltasuna izan dadin? Zer sozializatu edo publifikatu da? Komunitate eta sare autoantolatuen esku zer utzi da, eta non? Agenda ekologiko berrirako urratsik egin al da? Desazkunde estrategikorik planifikatzeko keinurik? Zerga politika iraultzeko planik? Berdintasun sozialerako neurri estrukturalik? Patriarkatuaren hondamendi etiko eta psikosozialari aurre egiteko zer abiarazi dute estatu horiek? Neurri aringarri zenbait baino ez. Nor ote da, dena den, estatuen jabe? Bitartean, mundu zabaleko plataformek, funtsek, bankuek eta korporazioek ez dute denbora galdu. Agenda globala ari dira ondo prestatzen. Beharbada ziklo neoliberalari mugaren bat jarriko diote, kapitalismoak krisia muineraino ustiatu dezan. Eta hartan, lehendik zetorren estatu eta gizarte autoritarismoa erruz haziko da. Mundu ordena berrian immunitatea izango da segurtasun eta ongizatearen izen berria; zutabe zenbait izango ditu: babes-hesiak, mugimenduen kontrol banakatua, zatikatze soziala...

Ezkor nabil eta ez dut ahaztu nahi, hala ere, matxinada eta erresistentzia sasoi luzea ere izan berri dugula, eta krisia egitasmo eta ildo eraldatzaile askoren elkargunea izan daitekeela. Alegia, agenda eta agentzia antikapitalista, antidesarrollista, antipatriarkala eta abar hor dagoela. Hori ere globala, baina behetik hedatzen dena, lurrari eta diferentziari loturik, jende eta bizitza singularrei atxikirik. Oso hurbil sentitu ahal dugu agenda hori. Alde horretatik, baikor iritzi nahi diot Ortuzarren zinismoari, «guk ez dugu kapitala defendatzen», kapitala defendatzea salaketa astunegia bihurtzen ari den seinale delako. Zinismoa ekintzen herrigintzaz eta auzolanaz gainditzeko dema dugu. Itxura batean, itxialdia ez da izan pandemiako gure ahalegin solidarioa. Orain hasiko da, eta aktibo eta militantea eta politikoa izan beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.