Nafarroako Haur Hezkuntzaren errealitatearen inguruko adierazpena

Edurne Lekunberri Urmeneta eta beste - Iruņeko Haur Eskoletako LABeko kideak

2018ko azaroak 21
Eskola, heldu askoren eta haur gehiagoren artean partekatzen diren bizi eta harremanetarako toki gisa ulertzen dugu, zeinak, geroz eta gehiago, gizarte modernoa zaurgarritzen duen bakardade, indiferentzia eta biolentziari aurre egiten laguntzen dion. Aldi berean, sostengu sozialerako iturri ere bada, elkarrekikotasuna, konfiantza, kooperazioa eta solidaritatea sustatuz», (Loris Malaguzzi)

Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloan gure lana profesionalki garatzen dugunok kolektibo pribilegiatua garela uste dugu, egunerokoan gure lanera joaten garenean 0-3 urte bitarteko haurrek duten aberastasuna ikusteko aukera dugulako; pribilegiatuak gara haurren hazkuntza fisiko zein emozionalaren bidelagunak izan gaitezkeelako; pribilegiatuak gara, gure bokazioari jarraituz, maila pertsonal zein profesionalean hazi garelako eta hazten jarraitzeko aukera dugulako; pribilegiatuak gara, haurrei espazio hezigarri eta emozionalik hoberenak eskaintzeko ahaleginean, egiteko modurik egokienak ikertzen eta aurkitzen goazelako, eta horrela, hezkuntza komunitatea -familiak, haurrak eta langileak- osatzen dugun guztion gaitasunak garatu eta norberak bere buruaren bertsiorik hoberena eskaintzea ahalbidetzen dugulako.

Kolektibo gisa egiten ari garen lanarekiko gure benetako pasioa eta ilusioa behin baino gehiagotan adierazi eta aldarrikatu dugu. Formatzen jarraitzeko eskaintzen zaizkigun aukeren aurrean gogotsu erantzun dugu beti; ikertuz, esperientziak partekatuz eta haurren prozesuen bidelagun izateko lanean baliabide berriak bilatuz.

Jarrera arduratsu eta konprometitu horri esker, guretzat zirraragarriak izan diren esperientzia eta teoria anitz ezagutu ditugu. Egun, haurrei ematen dizkiegun errespetuzko zaintzei benetako garrantzia aitortzen diegu. Adin tarte honetan izaten diren prozesu kognitiboak ezagutzen ditugu, zeinetan garuna zenbait ezagutza jasotzeko eta barneratzeko prest dagoen. Baina batez ere, badakigu, horren oinarria, segurtasuna eta konfiantza eskaintzen duen lotura emozional sendo bat dela.

Sakonean ikertu eta hausnartu dugun beste gai garrantzitsu bat, giroa eta materialari dagokiona da, eta urteetan zehar, inolako beldurrik gabe, hamaika aldaketa txertatu izan ditugu arlo honetan. Haur bakoitzaren garapen unearen arabera, espazio eta material egokienak aukeratzen benetako adituak bihurtu gara.

Egun, neurozientzia arloan egin diren ikerketei esker, badakigu edozein ekintza aurrera eramaterakoan benetako gogo bizia neurona loturak egiteko eragile garrantzitsuenetako bat dela, eta lotura horiek, etorkizuneko garapenerako oinarri izango direla. Bada, gogo bizi honek berak eta ilusioak eraman gaitu urteetan lan honetan jarraitzera eta pertsona gisa eta profesional gisa haztera.

Baina horrekin batera, neurozientziak ohartarazten digu ezen estres-egoerek neurona-loturak egiteko daukagun gaitasuna blokeatzen dutela. Frogatuta dago, epe luze zein laburretan, etengabeko estres-egoeren menpe egon diren lagunek ez dituztela emozionalki orekatuak izateko beharrezkoak diren neurona-loturak sortzen.

Baina formakuntza esperientziatan ikasi dugun bezala, hezitzaile bakoitzak zaindu beharreko haur kopurua murriztu den egoeretan (matrikulazio jaitsiera, inklusio moduluak ezarrita hezitzaile gehiago izatea, eta abar) hezitzaileon jarrera eta haurrekiko begirada aldaketak eta haien erritmora egokituta bidelagun izateak onurak ekartzen ditu. Argi ikusten dugu haur bakoitzari behar duen denbora eskaintzen zaionean, gutxitu egiten direla «egokiak ez diren» portaerak, agresibitatea, haur «ikusezinak»... Haurren beharrak maitasunez eta lasaitasunez asetzeko aukera dugunean giroa errotik aldatzen dela ikusten dugu, eta haurrek barruan dituzten gaitasun eta hizkuntzak loratzen direla.

Ondorioak: aurreko guztia ikusita, zintzoak izan behar dugu geure buruarekin, eta argi eta garbi esan behar dugu gure gogo bizi eta ilusioarekin bakarrik ez dela nahikoa... Ilusioa eta grina ez zaizkigu falta, baina Nafarroako Gobernuak inposatzen dituen ratioak lotsagarriak direla ere salatu nahi dugu. Baldintza horiekin ezin dugu gure lana behar bezala egin.

Haurrei, haurtzaroari eta gure lanari zor diogun errespetuagatik, ez dugu gure eskoletan bizi dugun egoeraren konplize izan nahi.

Badakigu zein den bidea: talde txikiekin lan egin, haur zein helduentzat atseginak diren eskolak eraiki, familiekin egunerokoan harreman estuak eraiki, modu kontziente batean entzun eta arretarako denbora eskaini...

Gure lana maite dugu... baina ditugun baldintzetan inkoherentzia dago: denborak bizkortzen dira, erritmo indibidualak ezin dira errespetatu, ezin diegu haurrek dituzten 100 hizkuntzei behar bezainbesteko denbora eskaini... Horregatik, egin dezagun bultza denon artean egoera hau aldatzeko. Koherentzia bila dezagun, pentsatu, sentitu eta egin dezagun!

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK SINATZEN DUTE: Edurne Lekunberri Urmeneta, Eduardo Cuesta Santos, Lurdes Garmendia Lakuntza, Saioa Tapiz Ezpelta eta Garikoitz Torregrosa Armendarizek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna