Estandarrak Gasteizko legebiltzarrean

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gaur egun, euskararen normalizazioak aurrerapauso itzelak eman dituen arren, esan daiteke osasun arreta euskaraz bermatzeko bide luzea gelditzen dela Euskal Herrian. Osakidetzako Euskara plana izan da, orain arte, bidegabekeriari aurre egiteko tresna bakarra, baina ez da nahikoa izan. Batetik, Osakidetzarena izanik, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzen delako, eta ez Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian. Nahiz eta osasun eskubidea unibertsala izan, muga administratiboak baldintzatuko du, hortaz, norbanakoaren arreta. Administrazioak eta ez, behar legez, pazientearen hizkuntza-beharrak. Bestetik, erabaki-guneetatik urrun dagoelako planaren sorkuntza zein aplikazioa. Nekez ausartuko da euskara teknikari bat medikuei zer egin behar duten esatera. Ezinbestekoa da, baina ez behar adina eraginkorra. Bada besterik? Bai. Badira, egon, arlo klinikoa, osasun jarduera alegia, eta hizkuntza uztartzeko prozedurak, egoerari neurria hartzeko bestelako baliabideak. Estandarrak dira horietako batzuk.

Estandarrak zera dira: jarduera espezifiko batentzat egokituriko eta jarraitu beharreko irizpideak, maila goreneko kalitatea bermatzen lagun dezaketenak arlo jakin batean. Kasu honetan, hizkuntzaren arloan arreta soziosanitarioa zer-nolakoa izan beharko litzatekeen eremu elebidunetan. Estandarrak, nahitaez, adosturikoak izan behar dira, ahal den heinean indarrean dagoen ebidentzian oinarriturikoak, eta berariazko baimen administratiboa duen erakunde batek egindakoak. Berriki sortu dira hizkuntza eta arreta soziosanitarioa uztartzen duten mundu mailako lehenbiziko estandarrak, non eta Kanadan, eta Euskal Herrira ekartzea proposatu da. Zergatik Kanadako estandarrak Euskal Herrian?

Galdera hauei erantzuteko, lehenik eta behin esan behar da estandar hauek gure euskara planekin bateragarriak direla. Nazioarteko elkarlanerako aproposak, hainbat ezaugarri partekatzen dituzten eremu elebidunen arteko sinergiak bilatuz, arretaren normalizazioarako tresna gisa. Osakidetzari, bere giza baliabideak kontuan hartuta, hizkuntzaren gaian mundu-mailako lidergoa lortzeko aukera eskain diezaioketenak. Arlo klinikoa bete-betean jotzen dute, arreta eta hizkuntza batera landuz, lehenengo aldiz osasungintzan indarrean dauden paradigmekin lerrokaturik. Gizarte-eragileen inplikazioa ere bultzatzen dute, ikuspegi ezberdinak jasoz. Guztion ahotsa, baita erabiltzaileena ere, entzuteko esparru bat dira funtsean.

Baina beharbada garrantzitsuena zera da: estandarrak pertsonetan ardazten dira, norbanakoaren zein komunitatearen ongizatean. Euskaldunak, izan Bilbon edo Errotxapean, aintzat hartu behar dira, eta euskaraz artatu. Hartara, estandarrek muga administratiboa gainditzen dute. Nola Azpeitirako, hala Leitzarako balio dezakete, Osakidetzako euskara planak ez bezala. Osasun erakunde publiko zein pribatuek bere egin ditzakete, eta gure egoerara egokitu, era progresiboan txertatuz, zerbitzu-unitatearen arabera. Estandarrak ez dira sendabide bakarra, noski, ez dira Grial Santua; euskara planaren osagarri gisa proposatzen dira, pertsonen artean egindakoak, hizkuntza-eremu ezberdinetako pertsonentzat.

Beharbada zaila egiten zaio irakurleari gaiaren garrantziaz jabetzea. Ez da batere erraza artikulu batean azaltzea. Horretarako adituak eskertzekoak dira, eta horregatik gurera ekartzea eskatu zaie hitza dutenei; Gasteizko legebiltzarkideei, hain zuzen ere. Estandarren sortze-prozesuan parte hartu dutenak hona ekartzea, alegia, nora eta legebiltzarrera, euren proposamenak entzun ditzagun. Politikariek jakin beharko lukete besteen hitza ere entzun behar dela. Euskaldunok gizartearen parte ere bagarela, eta ez bazterreko aldagai bat. Batzuek ezetz diote, garestiegia omen Kanadako adituak hona ekartzea. Izango da, ez dugu ukatuko, baina osasun arreta euskaraz eskaintzea inbertsio bat da. Osakidetzaren irudi korporatiboarentzat, legebiltzarraren prestigioarentzat, baina batez ere gizarteak hautatu duen elebitasunaren alde. Herritarren ordezkariek, osasungintzan elebitasuna bultzatzeko aukera parebagea daukate oraingoan.

Gizartea ezin da gizalegez eraiki, pertsonek egindako hautu guztiak ez badira errespetatzen. Osasungintzan, arreta euskaraz emateko gai diren profesionalei tresna eraginkorrak eman behar dizkiegu, non eta hizkuntza-beharrak premiazkoak diren arloan. Hortara bideratutako proposamen xume, zehatz eta egingarri bat egin zaie Gasteizko legebiltzarkideei. Kanadako adituak hona ekarri, eta estandarren aplikagarritasuna aztertu, hots, datorren III. Euskara Planean txertatzeko aukera. Eurek dute erantzuna, elebitasunaren aldeko jarreraren neurria emango duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.