Xabier Landabidea Urresti.

Bigarren birusa

2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Hemen eta honela, idazteko aukera eskertu nahi nuke lehenengo, eta bigarren aitortza bat egin: ez nuen uste egoera honetara iritsiko ginenik. Koronabirus hitza ezagun egiten hasi zitzaigun lehenasteetan konbentzituta nengoen faktore sozialek azal zezaketela fenomenoaren hedapena.

Batez ere, pentsatzen nuen gaixotasuna erreala zen arren, egungo komunikabideen ekosistemak bazituela ezaugarri batzuk esplika zezaketenak elur bola hartzen ari zen tamaina: digitalizazioa eta globalitatea, kazetaritzaren prekarizazioa, komunikazio taldeen audientzia eta arreta pilatzeko presio hazkorra, komunikabideen arteko lehia kapitalista, irakur-ikus-entzuleon joera morboa eragiten duten albisteak kontsumitzeko... Bazeuden, nire ustez, eta nire deformazio profesional/ideologikotik, nahikoa arrazoi pentsatzeko airez betetako puxika bat izan zitekeela hau guztia.

Ez nuen espero hala ahal dugunok! etxean itxita amaituko genuenik, osasun sistema gradualki kolapsatzen ikusiko genuenik, estatuek eta estatuen klubek mugak itxiko zituztenik, militarrak gure kaleetan maniobrak egiten ikusiko genituenik... Aitortu beharrean nago, beraz, iritzia aldatu dudala, eta krisia umorez irakurtzeagatik egoerari seriotasuna kendu izanaren erantzule naiz.

Hau esanda, zorionez, izan ditugu diziplina eta ezagutza eremu ezberdinetatik analisi zentzudunak, konplexuak, aurreratuak. Esatera noana ziurrenez nik baino hobeto esana dute adibidez Irati Romero eta Koldo Garciak Etzi Portu Maritimoan martxoaren 10ean (Koronabirusa zientzietakoa eta letretakoa da) edo Samara Veltek martxoaren 13an egunkari honetan bertan (Beste zerbait).

(Parentesia: iritzi artikulu hau idazten ari naizela aipatu artikulu horietarako estekak mantentzea erabaki dut, osasuna arriskuan dagoen garaiotan irakurleek testu hau paperean baino pantaila bidez irakurtzen amaitzea inoiz baino probableagoa baita.)

Noan harira: bi birusek erasan gaituztela uste dut. Bata fisikoa da: gorputz material, biologiko, biziei esker hedatzen da, ziurrenez ditugun datu apurrek dioskutena baino azkarrago. Ezagunak zaizkigu bere ezaugarri batzuk, baina beste asko ez: ez dakigu ondo zein den bere hilgarritasuna, ez dugu ondo ezagutzen kutsaduraren tamaina eta abiadura erreala, ez dakigu nola gelditu daitekeen... Perspektiba zientifiko batetik ertz askotako erronka planteatzen digu entitate biologiko honek oraindik.

Baina bada gehiago kezkatzen nauen bigarren birus bat.

William Isaac Thomasena da soziologiaren eremuan ospetsua den Thomasen teorema: «Pertsonek egoerak errealak balira bezala definitzen badituzte, egoera horiek errealak dira beren ondorioetan». Edo bestela esanda: errealtzat hartzen denak ondorio errealak ditu, jendartean.

Informazioa (zentzurik neutroenean hartuta, bai datu baliotsuak zein desinformazioa eta datu kaltegarriak) birus fisikoa baino askoz azkarrago hedatzen da IKT edo Informazio eta Komunikazioaren Teknologiei esker, edo horien erruz. Egun berean heda daiteke ibuprofenorik ez hartzeko gomendioa, birusarekin uztarketa arriskutsua izan dezakeelakoan, zein horren ezeztatze mediku-instituzionala, edo alderantziz. Familiako, kuadrilletako edo lantokietako (zer esanik ez seme-alaben gurasoen taldeetako) Whatsapp kanalak benetako informazio gerra fronte eta epidemia foku bihurtuak ditugu aspaldion, teoria Lur4-rik estranbotikoenak sinesgarri egiteko moduko baldintzak prest ditugularik.

Komunikazioaren teknologiekin ohi bezala, ezpatak bi aho ditu gutxienez. Batetik, errealitatearen interpretazio gune elkarbanatuak dira, non eztabaida, iritzi trukea eta informazio (zentzurik onenean) mugimendu handia dagoen (itxialdi eta kolapso egunotarako konpainiak eta laguntasunak duen garrantzia psikologikoa ahaztu gabe). Bestetik, baina, gezur, konspiranoia, aurreiritzi, izu eta gorroto iturri garrantzitsuak ere bihur daitezke oso azkar. Denok ikusi ditugu horren zantzuak inguruan, eta, egoera luzatu ahala, joera nabarmenagoa izango den beldur naiz.

Bigarren birusa datuen bidez garraiatzen da. Pantailarik pantaila, ahotik belarrira, pertsonatik pertsonara, txat taldetik txat taldera. Eta, noski, komunikabide tradizionalagoen bidez, zeinek izugarrizko gaitasuna duten kolpez kolpe errealitatearen burdinari forma emateko.

Informazio komunitate ezberdin eta ezberdinduetan bizi gara. Hori ere geroz eta begi-bistakoagoa bilakatuko zaigula iruditzen zait. Lapiko jotzeak eta txalo zaparradak entzungo ditugu, baina ez gara seguru egongo zergatik deitu diren. Agian arrazoi ezberdinengatik egongo gara leihoan etxeko ontziak jotzen. Batzuk indarkeria matxistaren azken (izango al da inoiz, azken) kasua arbuiatzeko, beste batzuk Espainiako erregeari Saudi Arabiari saldutako armen komisio ilegalak osasungintzaridohaintzan ematea eskatzeko, beste batzuk osasun arloko lehen lerroko profesionalen eta boluntarioen lana eskertzeko. Agian, dena pixka bat batera ikusiko dugu, eta nork bere sutxo sinbolikora hurbilduko ditu sardinak.

Muturreko informazioaren eta desinformazioaren aroan sartu(ko) gara konfinamendu egunotan. Isolatuta baina hiperkonektatuta, mezu uholde baten erdian baina sakonki desinformatuta. Zurrumurruak, erdi-egiak, azalpen sinplistak, gorrotoaren erabilera, populismoa eta oportunismoa bere zentzurik txarrenean... horiek guztiak ikusiko ditugu uhinak, olatuak, agian baita tsunamiak ere formatzen.

Bi birusak, bai fisikoa eta bai bestea, ez dira ezer, ez dira inor, gu gabe. Geu behar gaituzte hedatzeko, izateko. Geu gaituzte lehengai eta tresna. Gure bidez dira. Geu gara.

Neurri batean, COVID-19aren garai arrarootan inoiz baino erantzuleago, inoiz baino arduradunago bilakatu gara. Nork esango zigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.