Arrisku garaia, aukera garaia

2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
   Txatxoen izurrite koloretsua Lantzeko karriketan anabasitzen zen bitartean, koronabirusa Lombardiako herrietatik isurtzen hasia zen. Naturaren aurtengo esnaerak dema berria ekarri digu gizakioi.
    Organismo koroaduna —Sono io la morte e porto corona abesten zuen Branduardik— eta bizigabea; izan ere, birusak, Rudolf Steinerrek zioenez, «zelula toxiko baten iraizketak baino ez dira» .
    Mendebaldar agintariek ondo dakizkite globalizazioaren ezaugarriak: lurrunkortasuna, ziurgabetasuna, konplexutasuna eta anbiguotasuna. Eta COVID-19a Wuhanetik kanpo hedatuz zihoanean Asiako Lau Dragoiek hartu zituzten neurriak ere ezagutu beharko zituzketen: bidaia eta bidaiarien murrizketa; tokian tokiko positiboen eta biztanleriaren arteko berrogeialdien ezarpena; kontaktuen mugaketa; eta informazio eta metrika zehatzak (Hong-Kongeko gobernuko web orria edo Koreako Corona 100m app-a, kasurako). Alabaina, geurea ez bezalako mundu baten aferak zirela uste omen zuten. Uste ustelak.
    Ustekabean, urruneko pandemia guretik barreiatu da, eta lasterka ezarri behar izandako berrogeialdiak garizumarekin egin du bat. Garizuman faraoiaren hantustearen aurkako hamargarren gaitzetea eta Itsaso Gorriko zeharkaldia oroitzen ohi dira. Aurten, halere, luzaroan immune izan garen mendebaldeko hiritarrok balizko sintomak noiz agertuko zain gaude, eta bildots-odol ordez lixibarekin bustitzen ditugu ateak.
    Orain, halabeharrezko geldialdi honek giza hibernazio luzetik itzartzeko abagunea eskaintzen digu. Mikroplastikozko flysch-ak, Eitzagako sastar-luiziak eta birus berri honek ohar berbera ekartzen baitigute: gizakiok garela gure toxikotasunaren beraren pairatzaile. Geurea ez dela mozorro-zomorro zibilizazio eta basakeriaren arteko borroka, kontziente izateko erronka baizik.
    Kontzientzia gure karbono atomoetan beretan hasten da. Horrela azaltzen du Richard Barrettek: «Atomoek ikasi zuten nola bideragarri eta burujabe izan, eta gero, elkarren artean lotu ziren molekulak eratzeko; molekulek, berriz, batera jardun zuten zelula konplexuak osatzeko, eta zelulek forma eman zieten organismo biziei». Batzuetan, ostera, zelulek (unitate bizidun txikienek) euren kasa dihardute. Zelula horiek minbizidunak dira. Eransten du Barrettek: «Zelula minbizidunak, osotasunaren alde aritu ordez, norbere interesera ardazten dira, eta orduan, talde egituraren bideragarritasuna arriskuan jartzen dute. Gizakiokin berdin gertatzen da; beren onurara diharduten indibiduoek entropia kulturalera garamatzaten barne-tentsioak sortzen dituzte». Bide zuzena, beraz, kontzientzian datza, «kontzientzia izaki bizidunen barne egonkortasunari eusten dion mekanismoa baita».
    Barrettek zazpi kontzientzia maila bereizten ditu: 1) biziraupen materiala; 2) segurtasun afektiboa; 3) autoestimua, errespetua eta aintzatespena; 4) askatasuna eta burujabetza; 5) bizitzarako zentzua eta asmoa; 6) elkarkidetasuna eta inguruaren eraldaketa; eta 7) besteonganako eskuzabaltasuna eta zerbitzua. Maslowen arabera, lehen hirurak urritasunean dautza; beste laurak, aldiz, hazkuntzan. Hortaz, galde diezaiogun geure buruari: Non gaude gutako bakoitza? Gizarte bezala garen eta dugunetik, zer laga beharko genuke? Zertan hobe gintezke? Zeri behar diogu eutsi? Zer eta nola txerta genezake?
    Txineraz krisialdia Wéi J? esaten da. Wéi arriskua da, eta J? inflexio-puntua zein aukera. Osasun sistemetako langileek arriskua arintzen diguten bitartean, etxealdian gaudenok sendabideak asmatzeko abagunea dugu. Zenbait adibide daude abian: isolamenduaren aurrean, boluntariotza sareak eta auzolana; menpekotasun eta gabeziaren aurrean, maker-ak, guztion onurako ekintzailetza eta zero kilometroko produktuak; hondakinen ilogikaren aurrean, ekonomia zirkularrak; enplegu-erregulazio espedienteen aurrean, lan-zama eta orduen banaketa; eta arnasketa eragozten digun birusaren aurrean: arnasgora —inspirazioa— eta arnasbehera luze eta sakonak, gure izatearen kontzientzia, inoiz baino gehiago, har dezagun.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.