Norberatasunak sakonduz, gutasunak irauli

2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Freudek, 1930ean, Kulturaren ondoeza argitaratu zuenean, idazlanaren amaieran, gizateria gaixo bat diagnostikatu zuen, eta bere itxaropena adierazi, etorkizunean, gizateriaren erabateko sarraskira eraman gintzakeen azpipatologia iker zedin. Saiakuntza horretan bertan, Freudek, pistak iradoki zituen zeregin hori aurrera eramateko, Superni sozialaren ikerketa eta heriotza-pultsioa jomugan jarrita. «Giza espeziearen paturako galdera erabakigarria da ez jakitea haren garapenak lortuko ote duen gizakiaren bortizkeriatik eta autosuntsiketa joeratik datorren bizikidetzaren asaldura menderatzea (...), egungo gizakiek hain aurrera eraman baitute beren nagusitasuna naturako indarren gainean, non erraza gertatuko baitzaie elkar akabatzea, azken gizakiraino. Hortik datorkio gaur egungo egonezinaren zati handi bat, bere zorigaitzarena, bere jarrera larrituarena».

Gaur egun, kulturan dagoen ondoezaren izena muturreko neoliberalismoa da, kapitalismo aurreratuaren bilakaera, non pertsonen arteko loturak desegiten ari diren eta merkatuak erabat menderatutako sistemaren jabetzak kolapsora eraman gaituen. Laurogeiko hamarkadaz geroztik, kapitalismoak atzean utzi zuen ongizate estatuaren eredua, kapital espekulatzailearen fluxua nagusituko zuen jabego finantzario mugagabeari bidea irekita. Helburua, beti, etekin kapitalista hazkor eta mugagabea izan da. Testuinguru horretan, biomerkatuak merkatuaren botere absolutua bilatzen du, gorputzaren eta subjektuen gainean. Egoera horren ondorioa da subjektibotasunetik babesteko mekanismorik ez dagoela, kontsumoa bera ez bada. Merkatuak erabaki eta gobernatzen du populazioaren bizitza eta heriotza eredua, nola bizi, noiz eta nola hil behar dugun, COVID-19ak eragindako ondorioetan ikusten ari garen bezala. Hara nola merkatuaren nagusigoa eta mugagabeko kontsumoaren mekanismoek norbanakoen bizitza propioaz jabetze bidetik doazen (subjektuak bahitu), eta, ondorioz, kulturaz ere bai. Kultura nagusigoa masa kultura homogeneoa bihurtuz gero, biomerkatuaren ezaugarri nagusiaren mesedetan izango da.

Zoritxarrez onartu behar dugu, gure bizi egitasmoak, identitateak zein hezurdura emozionalak kontsumoaren bidez asebetetzen dituela egungo garaikidetasunak. Merkatuaren nagusigoa eta etengabeko kontsumoa gure bizitzetan ondo barneratuta daude honezkero. Hala, bada, kapitalismoaren aldaera muturrekoak bizi gaitu neoliberalismoaren gidaritzapean. Mundu globalak norbanakoen homogeneizazioa, bizi praktika eta desirak berdintzea du jomugan. Mundu totalitario bati begirako zantzu gero eta nabarmenagoak ageri dira; zibilizazio gaixo baten paradigmaren aztarnak dira. Haatik, mundu globalaren eskaintza zein arriskutik harago, izateko beste modurik aurkitzea funtsezkoa zaigu. Norberatasunak sakonduz eta norberatasunak irauliz. Tokian tokiko komunitate txikien eraikuntzan arituz. Komunitategintza bere erro kulturalaren sustraietatik indartuz. Zeren neoliberalismoaren aukera, sakonean, izateko modu bakarra dagoela erakusten ari zaigu, subjektu homogeneo eta ordezkagarriak garela esaten, denok berdinak, eta haatik, ordezkagarriak. Jabetu behar dugu, honezkero, norbanakoaren merkantilizazioa erabatekoa dela, bizi gaituen indarreko ordena ekonomikoaren mendean jarraituz gero. Jabetu, subjektibotasun neoliberal horrek dagoeneko berdindu eta zeharkatzen gaituela guztiok. Neoliberalismoari ez zaiola interesatzen taldea, kontsumorako izango ez den norbanakorik, alderantziz baizik, sustrai gabeko norbanakoa interesatzen zaio, kolektiborik gabea, sakabanatua, hautsia, isolatua, botere sisteman ondo lerrokatzen dena.

Hara nola, gure ustez, neoliberalismoak sustatzen duen norbanakoaren eraikuntza biopolitikoa, norbanakoaren beraren jabetza merkatu bidez bahitu egin duen, homogeneizazio soziala, beldur, ziurgabetasun eta diziplinamendu bidez irabaziz joateko. Estatu interesek, funtsean, botere ekonomiko eta finantzario handietara makurtutako norberatasun otzandua, akritikoa eta menperatua baino ez dute behar. Pandemia hau erakusten ari zaigun txanponaren beste aldea baino ez da. Krisi horren ondorio nagusia masa kultura are eta gehiago indartzea izan daiteke, obedientzia, mendekotasuna, indibidualismoa eta identifikazio berdintzaileak (estatu boterearen diskurtso nagusiaren menpekoak) bidea irabaziz joan daitezen. Mugarik jarri ezean, hori izan liteke etorkizuneko zibilizazioaren ongarri usteldua, hots, gizarte gaitza, zeina zibilizazio otzandu bateranzko bidetik bainoago, txikitik eragiten eta gutasunak iraulita ongarritu beharko den. Gutasunak iraultzeko gai izango den komunitategintza behar beharrezkoa baita neoliberalismoari galga jartzekotan. Hor dago geroaldiko politika aurrerakoi baterako potentzialik handiena.

Izurrite hau edota atzetik etorriko direnak saihesteko, kapitalismoaren hazkuntza ekonomiko mugagabea eten egin behar dugu; eta bestetik, pobrezia desagerrarazi munduan. Ez zientziaren jainkoak ez teknologiek ez gaituzte bestela salbatuko. Feminismoaren borroken garrantzia eta borroka ekologikoak giltzarriak izango dira datozen hamarkadetan. Bi lotune horien arteko lur ongarria sare komunitarioen berreskurapen eta birsorkuntzan beharrezkoa zaigu, mundu berdinzaleago bat sortzea jomugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.