Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu

Mattin Aranburu
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Apirilaren 8an izan genuen Euskal Unibertsitate Esparruko errektoreen erabakiaren berri. Zabaldutako oharrean, zehaztasun gutxirekin bada ere, zenbait erabakiren berri eman zuten, asmo batzuk adieraztearekin batera. Erabaki adierazgarrienak, ikasleok gehien itxarondakoak, ikasturte honetan aurrez aurreko klaseak ez berrartzekoa eta azterketa egutegia mantentzekoa izan ziren. Agertutako asmoa, bestalde, «baldintza sozioekonomiko, teknologiko edo bestelakoengatik urrutiko unibertsitate-prestakuntza normaltasunez baliatzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen balizko zailtasun gehigarriak arintzea». Asmoa diot, hori gauzatzeko gaitasunik izan ezean ezin baitzaio erabaki deitu.

Aipatutako lehen bi neurriek erakusten dute garbien unibertsitateen jarrera zein izaten ari den osasun larrialdi garaian: itsu-itsuan aurrera egitekoa. Behin hala jokatzeko erabakia hartuta, zaila da, ez bada ezinezkoa, egoerak sortutako zailtasunak arintzea. Bide hori hartzean, unibertsitateek ez ikusiarena egin dute ikasle-irakasleen egoeraren aurrean. Liburutegiek ateak itxi dituzte, nola ez, eta gure ikasgaietan egunerokoan erabiltzen dugun bibliografia gorde. Sarean, ikasgelak ireki, fakultateetan itxitakoen ordainez. Pantailara mugatzen den ikasgelan, ordea, ez dira kabitzen arbelak eta laborategiak, irakasle eta ikaskideekin elkarrekintza berehalakoak. Kasurik txarrenean, arrakala digitalak hartu-eman digitala ere ukatzen du etxe proletarioenetan.

Asteak eman ditugu jada etxean itxita, metro karratu gutxitan egunak joan eta egunak etorri. Etxekoez aparteko harremanak mugatuta, nola edo hala kirola egiteko moldatu nahian, eta, kasu askotan, egoera zailekin, gaixoak, menpekotasun egoeran dauden pertsonak eta umeak etxean... Alegia, dagoen arrakala bakarra ez dela digitala, Euskal Herrian bertan sukaldetik sukaldera aldea handia baita. Kontzentratzeko eta ikasgaietako edukia barneratzeko zailtasuna gero eta nabarmenagoa da denborak aurrera egin ahala. Irakasleen egoera ere ezin albo batera utzi; egun batetik bestera ikasketa programa osoak egokitu behar izan dituzte Interneteko jardunera, klaseak online ematen hasi eta ahal bezala ikasleen jarraipena eginez, lan guztietara iritsi ezinik dabiltza asko.

Begi-bistakoa dena esateko idatzi dut gaur: ikasketa telematikoa ez da aurrez aurreko irakaskuntzaren parekoa. Arazo bat dago, arazoa badago, hor dago, eta gaur ez ikusiarena egiteak biharko ajea handitu besterik ez du egingo. Krisi ekonomiko handi baten atarian gaude, gizartearen esparru guztietan isla izango duen krisi baten atarian, eta, jakina denez, langileria izaten da krisi garaia gordinen bizi duena. 2008ko krisiak berretsi zuen hori, eta lehertzear den honetan ere halaxe izango da, zantzu guztien arabera. Behar-beharrezkoa da errektoretza erabaki sendoak hartzen hastea, normaltasun irreal baten antzezpenerako ez, ikasleria langileak krisi honen zama bere bizkarrean ez izateko balioko duten neurriak. Ezinbestekoa da, gainera, ikasleria langilearen ordezkaritzak parte hartze erreala izatea erabaki horietan.

Hain zuzen, hori bera du xede Ikasle Abertzaleok osatutako programak. Sei puntu orokorretan banatuta, ebaluazio eta kalifikazioetatik hasi eta selektibitatea, matrikulen prezioa, praktikaldiak eta ikasleen etxebizitzarekin lotutako hainbat neurri proposatu ditugu, esan bezala, krisi honen ondorioak ikasleria langileak ordaindu ez ditzan. Bestalde, egungo testuinguruak ahalbidetzen duen heinean, puntu horiek lortzera bidean dinamika konkretuak martxan jartzen hasi gara, eta horretan jarraitzeko konpromiso osoa dugu.

Etengabeko krisialdia da langile klasearen bizitza kapitalismopean, eta jakin badakigu ikasleria langileak ere ezingo duela bere heziketa prozesua libreki garatu hezkuntza kapitalaren dinamikatik at kokatu artean. Langileon kontrolpeko hezkuntza dugu ortzi-muga bakar, kalitatezko eta doako hezkuntza. Aipatutako programa, beraz, ez da petatxu bat baino, hezkuntzaren problematika bere osotasunean hartuz gero. Gaur-gaurkoz, beharrezkoa dela deritzogu, ordea, osasun larrialdiaren ondorioak langile klaseak ordainduko ez baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.