Hezkuntza emozionala ikastegietan

2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Gizakiok esperientzia estresagarriak bizi ditugu egunero, eta antsietateaerrutinaren barnean sartzen dugu, baina jarrera horrek apurka-apurka barruan daukagun ezinegona areagotzen du, eta arriskua dago honek lehertzean neurri desegokiak hartzeko. Horren adibidea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campusean urriaren 13an eskopeta batekin tiroka aritu zen ikaslea. Izan ere, ekintzahorrek agerian ipini du pertsona askok dituzten zailtasunak haien emozioak kudeatzeko. Horrenbestez, beharrezko da adimen emozionalaren garapen sakona egitea hezkuntzako etapa guztietan, Leioan gertatua bezalako ekintzak saihesteko.

Lehenik eta behin, Howard Gardner eta Daniel Goleman psikologoen teorietatik abiatuta, argitu beharra dago adimen mota desberdinak bereizten direla eta adimenaren bi ikusmolde handi agertzen direla.

Alde batetik, adimen arrazionala: alde logikoa kudeatzen du, eta komeni zaiguna edo ez zaiguna ebaluatzen du. Arazoak konpontzeko informazioa erabiltzeko, ulertzeko, bereganatzeko eta lantzeko gaitasuna da, eta beste gaitasun batzuekin lotuta dago: hala nola pertzepzioa, informazioa emateko eta atxikitzeko gaitasuna, arreta eta memoriaren bidez.

Beste alde batetik, adimen emozionala: norbere eta besteen emozioak ezagutu, erabili, ulertu eta erregulatzeko gaitasuna da. Pertsona batzuek beste batzuek bainohobeto identifikatzen dituzte euren emozioak eta ingurukoenak; hauek trebezia handiagoak dituzte arazo emozionalak konpontzeko. Kontzeptua sortu eta bilakatu zuen pertsona Daniel Goleman da. Hala zioen berak: «Gure sentimenduak eta besteenak ezagutzeko, geure burua motibatzeko eta harremanak egoki kudeatzeko gaitzen gaituen trebezia eta jarrera multzoa da». Hala ere, bahiketa neuronalaren bidez portaera irrazionalak ditugu, eta emozioak inpultsuen bidez adierazten dira; horregatik, inteligentzia emozionala behar dugu emozioen kudeaketa ona gauzatzeko.

Ondorioz, ikasleek adimen emozional eraginkorra izateko, ezinbestekoa da hezkuntza emozionala garatzea Euskal Herriko hezkuntza curriculumean; izan ere, EAEko nahiz Nafarroako hezkuntza curriculumean hezkuntza emozionalareninguruan ez da aipamenik egiten, bakarrik islatzen dira ikasleek lortu beharreko emozioen erregulazioei buruzko aipu txiki batzuk, baina ez da zehazten helburu horiek lortzeko bidea zein izan behar den.

Ildo horretatik, Unescok 2020. urtean COVID-19aren krisian haurren eta gazteen ongizate sozioemozionala sustatzea izeneko txostenean ziurtatzen duenez, COVID-19aren izurriteak eragin psikologiko handia izan du hezkuntza-komunitatean eta, oro har, gizartean. Estresa, presioa eta antsietatea eragin dute ikastetxeen itxierak, urruntze fisikoaren beharrak, maite dituzten pertsonen galerak, lanak eta ohiko ikaskuntza-metodoen gabeziak. Hortaz, Unescok adierazten duenez, hezkuntza emozionaleko trebetasunak garatzeak lagunduko luke egoera estresagarriei lasaitasunez eta erantzun emozional orekatuekin erantzunak emateko. Gainera, gaitasun horiek pentsamendu kritikoa indartzeko aukera emango lukete, egunerokotasunean suertatzen diren arazoen aurrean erabaki egokiak hartzeko.

Hezkuntza emozionala emozioen ikasketa prozesu etengabea eta iraunkorra da, eta gaitasun emozionalen garapena sustatu nahi du ongizate pertsonala eta soziala areagotzeko helburuarekin. Nabarmendu behar da, hezkuntza emozionala modu eraginkorrean garatzeko funtsezko faktore bat irakasleen prestakuntza dela. Hala ere, Unescok egindako ikerketek adierazten dute irakasleen %90ek baino gehiagok ez dutela inoiz hezkuntza emozionalari buruzko prestakuntzarik jaso. Beraz, zeregin bat dago irakasleak prestatzeko, emozioak eraginkortasunez kudeatzeko eta ikasgelan gaitasun emozionalak eta sozialak bultzatzeko. Izan ere, Euskal Herrian, Gipuzkoan emozioak: ezagutu, ikasi, landu, bizi izeneko programa argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, irakasleek ikasleekin hainbat baliabide lantzeko, hauek prestakuntza akademikoaren prozesua amaitzean gaitasun emozionalak eskuratu ditzaten, ongizate pertsonalaren maila handitzeko eta pertsona arduratsu, bihurtzeko. Baina, irakasleek hezkuntza emozionalaren inguruko prestakuntzarik jaso ez badute, aipatutako baliabideen eraginkortasunik eza da.

Laburbilduz: behar adina garrantzi eman ez zaion arren, hezkuntza emozionalak tokia izan behar du Euskal Herriko hezkuntza curriculumean. Izan ere, hainbat ikerketak erakusten dute alderdi emozionala ikasleen garapen prozesuetan eta ikasleen ongizatean garrantzizko faktore bat dela. Hezkuntza emozionalaren helburuak bizitzako erronkei hobeto aurre egiten lagunduko duten gaitasun emozionalak garatzea da, ongizate pertsonal eta soziala edukitzea. Horregatik, Hezkuntza emozionala hezkuntza curriculumean ezartzearekin batera, irakasleak heziketa emozionalean prestatu beharko dira, ikasleek emozioak ongi kudeatzeko eta adimen emozionala bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.